Urretxun dago J.M. Etxeberria Iturgintza denda. Dagoeneko 50 urte inguru ditu familiarteko negozio honek, eta hasiera-hasieratik saltoki euskalduna izan dela esan daiteke. Bertako jabe Josune Etxeberriak hasierako urte horiek gogora ekarri ditu: «Denda hau hasieratik izan da euskalduna. Nire gurasoak izan ziren hemengo nagusiak, eta biak euskaldunak direnez, beti izan dugu giro hori dendan; are gehiago, nire aitari kosta egiten zaio gaztelaniaz hitz egitea». Jarraian sartu diren langileak ere euskaldunak dira, eta langile batzuk erdaldunak diren arren, iturginak esaterako, denda mailan egon direnak beti hitz egin izan dute euskaraz.
Pasa den Euskaraldian dendariek ekimenaren parte izatea erabaki zuten: «Niri ezinhobe iruditzen zait euskara indartzeko horrelako iniziatibak martxan jartzea, baina egia esan guk ez genuen aparteko aldaketarik nabaritu inguruan. Ziur nago hemendik kanpo jendeak nabarituko zuela ariketa eta aldaketa bat suposatuko zuela, baina guri ez zigun gehiegi eragin». J.M. Etxeberria Iturgintzara gerturatzen diren bezeroak «giro euskaldunekoak» dira oro har, eta horregatik haientzat «jarraipen bat» besterik ez zela izan.
Aurten Arigune
Aurten berriro ere ekimen honetan izena ematea erabaki dute, baina oraingoan Arigune moduan: «Lehenengo edizioan soilik Belarriprest eta Ahobiziren artean hautatzeko aukera zegoen arren, aurtengoari Ariguneak gehitzeak beste punch bat emango dio ariketari». Hala ere, COVID-19ak sortutako osasun krisiak ariguneen egitekoan eragingo duela iruditzen zaio Etxeberriari: «Ez dakit aurtengoa urterik egokiena den Ariguneek ekar ditzaketen aldaketak behatzeko, honen funtzioa espazio batean jende elkartzea baita, eta hori ezinezkoa da egoera honetan, baina espero dut baliagarria izatea».