Kultura eta herri erabat euskaldunean munduratu arren, berehala barneratu zituzten gerra osteko umeak erdararen sisteman: eskolan lehenengo, gizarteak aise bereganatutako euskararekiko burlaizezko autozentsuran gero. Baina, hala eta guztiz, konbikzio handiarekin aurrera egin, eta euskara salbatu zuen belaunaldi hark; Kontxi Sukia Izaskun lekuko.
Ataungo San Martinen jaioa zara, gerra garaian, 1938an. Herri euskalduna, orduan ere. Nolako garaia zen?
Gogorra izan genuen gaztaroa. Goserik ez genuen ezagutu, baina gazte-gaztetatik hasi behar izan genuen lanean. 13 senide ginen, ni seigarrena, eta zaharrenak ateratzen ziren ogibide bila. Hamar urterekin Aiara bidali ninduten, neskame, Beiztin [Begiristain] baserrira. Emakume bat gaixo zegoen; oso amona jatorra, zenbat aldiz gogoratzen naizen. Lehen behean asko ez bazen, mendi tartean okerrago sentitu nintzen han. Asteburuetan lau neska elkartzen ginen, Aian bertan. Jolasalditxo bat egiten genuen, kartetan edo zerbaitetan, eta iluntzean, oso garaiz, bakoitza bere etxera. Hilabete pare bat etorri gabe egon nintzen Ataunera.
Hamar urterekin, alajaina. Etxearen mirarik ez al zenuen?
Egun batean Mantxitonera bidali ninduten –Arrondon, estankoa eta denda egiten zuena zen–, zaldi batekin. «Honaino etorri eta etxera joan gabe?». Ez. Baserriraino jaitsi nintzen, eta zer pena bueltatzeko! Joan nintzen berriz Aiara, behintzat. Eguerdia zen iritsi nintzenerako, bazkaldu, eta beste denak siestara joan zirenean, alde egin nuen etxera, inori ezer esan gabe. Nonbait, oso gaizki ikusi ninduten, negar besterik ez nuen egiten. Hurrengo goizean etorri zen bertako gizona, 20 pezeta hartuta. Hamar pezetako soldata nuen hilean. Aitari eman zion. Ohetik entzun nituen nik hizketan, ez nintzen jaiki ere egin.
Zure eskolak, beraz, hamar urtera artekoak izan ziren?
Bai, eta gero nire kasara egin nuena. Ikasi genuen apurra erdaraz ematen ziguten. Lau taulak, idazten eta irakurtzen. Hamar urtera arte, pentsa zenbat ikasi genuen. Gutxi. Ataunen, elizkristo gaineko lokal batean, kalostraundian ematen zigun eskola Carmen Sasianbarrena maistra lazkaotarrak. Cara al sol kantatuz, han joaten ginen…
Gerra ondorena gordin, gainera. Gurasoek-eta nola aurre egin zioten?
Ez zuten gehiegi esaten gerraz. Beldurra bai, gerrateko garaian estraperloan ibiltzen ziren eta. Nolabait bizia atera behar, eta Nafarroara joaten ziren aita eta bi seme zaharrenak, Andres eta Joan. Zenbat aldiz, bizikletaren frenuak hautsita, zarbak atzealdean jarrita etortzen ziren goitik behera. Anaia zaharrena, gainera, harrapatu egin zuten estraperloan. Kartzelan egon zen Andres. Aita sekula ez zuten harrapatu; artzaina zen, Aralarren txabola zeukan, eta menditik gehiago ibiltzen zen. Baina beldur handiak pasatuta, mikeleteekin eta.
Eskolan maistra euskalduna zenuten, baina erdaraz ikasi behar. Nola barneratzen du hori ume batek?
Erdaraz ezer ez zekien ume batek, gainera. Bada, salduta bilatzen ginen, erabat salduta. Saiatzen zen Carmen maistra, ahal zuen eran erakusten. Euskalduna zen. Gero, baserrian lana izaten zen orduan, eta «soroan zerbait egin beharra dago, eta ez daukazue eskolara joaterik». Andereñoa gozatzeko, dozena erdi bat arrautza bidaltzen zizkioten.
Eskolaren zer oroipen geratu zaizu?
Baserrian egonda, ez genuen besteek hainbeste ikasten, besteak baino atzerago joaten ginen. Edade horretako umeek beti barre egiten ziguten, besteen mailan ez geundelako. Oroitzapen txarrak, alderdi horretatik. Baina eskerrak belar motzean hazi garen: geroago, bizitzako beste egoera batzuetan, beste askok zutena baino kemen gehiago ikusten nion nire buruari. Igual ez eskolan, baina beste gauza askotan bai. Larre motzean hazitakoak ginen denok; gure senide gehienek esaten dute hori.
Neskametzan segi zenuen?
Herrian bertan, bertako sekretarioarekin egon nintzen gero. Beste bolada batean, anaiarekin Zaldibian harategian ere bai, 17 urterekin. Urte pare bat edo hiru egingo nituen han, odolkiak egiten eta. Uda batean Donostiako jatetxe batera joan nintzen, denboraldi batean.
Donostian erdara ere landuko zenuen.
Bai, zerbait bai, baina ez nintzen gehiegi kanpora ateratzekoa. Ezkondu, eta aurrena Ataunen egon ginen. Seme zaharrena han jaio zen. Orain Troskaeta taberna dena eduki genuen. Ahizpa Beasainen Bodegoian gelditu zenean, ni Ataungo tabernan gelditu nintzen. Bigarren umearen zain nengoela, jada ezin zen, eta Beasainera jaitsi ginen bizitzera. Nire senarra Lazkaokoa zen, eta 1970 aldera hona etorri ginen.
«Guri barre egiten ziguten, Lazkaora etorri eta euskaraz hitz egiten genuelako; nahiz eurak ere euskaldunak ziren»
«Etxean hartzen genituen euskara ikasle gehienak ikasteko gogoz etortzen ziren. Beste batzuei bost axola zitzaien euskara»
Herri asko ezagutu dituzu. Orduko gizartea nolakoa zen Goierrin?
Jende sanoa zen. Ataunen, San Gregorion trikitia jartzen zuten, eta jaietako gure festa hura izaten zen. Arratsaldea han pasatzen genuen, eta mutilekin goitik behera etortzen ginen –neskalaguntza mutilek egiten zuten–, kaminoak betean, sailean. Kotxe askorik ez zen izaten, noski. Gero, jada, Beasainera joaten hasi ginen, noizik behin.
Euskara atzeraka ari zen ordurako?
Ez zen horrelako aldaketarik: Lazkao beti izan da oso erdalduna. Guk hala ezagutu dugu: gazte jendea, dena erdaraz. Guri barre egiten ziguten, Lazkaora etorri eta euskaraz hitz egiten genuelako; nahiz eta eurak ere euskaldunak izan. Iseka asko jasotzen genituen baserritarrek. Lotsa handia izaten genuen.
Euskaldunak izan, eta euskaraz aritzeagatik lotsarazi…
Gu lotsatzen ginen, esaten zigutenarekin. «Zer mundutan jaio gara gu?» pentsatzeraino. Gutxitasun sentsazioa, gutxiago bagina bezala aurkitzen ginen. Horregatik esan dut, gero behin lanarekin-eta egonkortu eta zerbait lortutakoan, konturatu ginen besteen inbidiarik ez genuela.
Burlaize horiek izango zuten zerikusia guraso euskaldunek eskola-eredu erdalduna aukeratzerakoan ere?
Bai, asko. Umeek erdaraz ikasteagatik [Espainiako] eskola nazionalera bidali zituzten askok. Baina euskarazko ikastola atera zen, eta komeni zen hura. Beasainera joan ginenean, semea ikastolan hasi zen, Ixabel Olanorekin.
Garbi zeneukaten ikastolarena?
Bai, garbi geneukan. Ez zen erabaki erraza, baina gure inguruan hain zen euskaldun jendea, baietz esan genuen. Zer pentsatua handia ematen zuen: non sartzen ari ote gara? Ondo egiten ari ote gara? Zer egingo ote dute gero tituluekin? Kezka izugarriak izan genituen. Baina, hala ere, garbi geneukan bultzada bat eman behar zitzaiola euskarari, eta ematea erabaki genuen. Lazkaora etorritakoan, hemengo ikastolan segitu genuen, dudarik gabe.
Lazkao oso erdalduna zela esan duzu. Badu, bada, euskaltzalearen eta euskaldunaren ospea…
Orain bai. Baina oraindik ere joera handia dago Lazkaon erdaraz hitz egiteko. Oraindik ere. Lazkaon, 1960ko hamarkadan, bi apaizen meritua izan zen ikastola: Jaxinto Fernandez eta Imanol Aldaregia. Beneditarrena ere bai, eta, noski, ikastolaren alde egin zuen jende askoz gehiagorena. Gehiena Jaxinto ibili zen, eta Imanol haren arrimura. Ikastolarako diru asko behar zen, baita ere. Guk eskerrak hemengo aitona-amonak onak geneuzkan, asko laguntzen ziguten. Eskola publiko nazionala debalde zen, eta ikastola ordaindu behar zen. Ez zen soldatak ordaintzeko bakarrik, liburuak, materiala… dena baizik.
Denetarako lan egin behar, orduan.
Horretan saiatu gara, lanean. Larre motxekoak izatearen abantailak [barrez].
Belardia hazten ikusi al duzu?
Bai. Kostata, baina ikusi dut. Amets guztiak ez ditut bete, baina asko bai. Handiena familia ondo jartzea eta lanbidea ematea izan zen. Hori lortu genuen.
Euskararen gordeko lanean, ikasle mordo bat etxean edukitakoa zara zu.
Bai. Etxeetara bidaltzen hasi zirenez geroztik eskatu zituzten familia euskaldunak, eta hartzen hasi ginen. Semea ere Maizpiden zebilen. Baina Eusko Jaurlaritzaren programa bat izan zen lehenengo, 1980 inguruan.
Hori ere lana izango zen: jendea eduki, hitz egin, otorduak prestatu…
Beno, sakrifiziotxo bat bada. Hasiera hartan, gainera, 18:00etatik hurrengo goizeko gosari ondorenera arte geneuzkan. Gehienak 6ak alderako etortzen ziren; ez denak, gizonezko batzuk baziren parranderoxeagoak…
Zenbat pasatu ote dira zuenetik?
Asko, ez dakit zenbat izango diren. Urtero, eta kurtso guztian. Batzuk kurtso osoak egondakoak badira, bi kurtso egondakoak ere bai. Hasieran batentzat lekua neukan, eta etxekoak joaten ari ziren hainbatean, bi ere hartzen nituen.
Zenbaterako euskara-gosea zuten?
Batzuk ikasteko gogoarekin etortzen ziren, eta beste batzuk behar zutelako. Euskara bost axola zitzaienak ere baziren batzuk, «behartu egin naute eta» esanez. Baina asko eta asko, euskara gogoz hartuta. Bi jubilatu ere hemen izaten dira oraindik ere –aurten ez–. Orain nik utzita daukat lan hori, baina bi horiek urte askoan etortzen dira, eta esan nien Maizpiden segitzen zuten bitartean, etortzeko. Bat katalana da, Merce, eta bestea nafarra, Nuntxi.
Batzuk etxekotu egiten direla, alegia.
Harremana sortzen da. Oraindik ere badauzkat euskaldun berriak, handik eta hemendik eskumuinak bidaltzen dizkidatenak. Irungo batekin harremana daukagu oraindik, etorri egiten da. Balmasedako Ferminek ere urtero deitzen digu; lehenbizikoa izan zen, eta ‘bigarren ama’ deitzen dit.
Irakasle bokaziorik izan al duzu?
Ahal izan banu, ikasiko nuen. Irakasle izatea gustatuko zitzaidan, eta uste dut ona izango nintzela. Ikusten ditudan irakasleen jarrera asko ez zaizkit gustatzen, eta ez ditut onartzen.
Euskaraldia eta halako kanpainak zer iruditzen zaizkizu?
Oso ondo iruditzen zaizkit, noski. Dendetako kanpainak ere bai. Nik denda guztietan euskaraz hitz egiten dut, eta erdarara igaro behar bada, aldatzen dut. Baina, normalean, aurrena behintzat euskaraz egiten dut. Euskarazko ekitaldiak baldin badaude, joaten naiz. Antzerkia gustatzen zait, baina hemen ez dago aukera handirik.
Larre motza hazteko, jarreratik beretik abiatu
Ezean hazitakoek, hasieran denek izaten dute izan direnarekiko gutxiagotasun kutsua. Euskal Herrian bereziki, hizkuntza eta kultura bera lotsaizun jarrarazten zuten/duten herriotan. «Larre motxean hazitakoak» esapidea sarri erabili du Kontxi Sukia ataundar lazkaotartuak. Txikitako gabeziak gabezia eta ezinak ezin, konturatu zenean bere horretan berealdiko eskola dela larre motza bera, izan zen eta zen horretan birsendotzeko kemena aurkitu zuen.
Euskararen alde isileko, gordeko, etxe barruko lanean aritu den belaunaldi batekoa da Sukia. Milaka gizon-emakume goierritarrek bezala –emakumeek gehiago, kasu honetan–, bistarazi gabeko eta agian aitortu gabeko funtzioa bete zuten hizkuntzaren belardia hazten. Egiteko bitala, berebizikoa bete ere.
Eta horretan dihardute oraindik. Lehen hitza euskaraz, beti. «Horregatik aurpegi txarrak ikustea tokatu zait. Pare bat aldiz zakar tratatu ere bai. Begiratu txarren bat, ‘aizu, ez dugu ulertzen eta hitz egin erdaraz’ eta halakoak entzun ditut herrian. Etxeko komunitate-bilerena lotsagarria iruditzen zait: betiko bizilagunekin erdaraz hizketan, sekula erdaraz jardun gabeak. Askotan, bi edo hirugatik. Erdaldunek ez dute gugatik horrela begiratzen. Euskaraz baldin badakite ere, ahal badute erdaraz egingo dute. Gure gaitza lotsa da, beti egon gara azpitik edo besteen esanera bezala. Jarrera hori hobetu beharra daukagu».