Eliana Lopez • Ahobizi • Zerain
Eliana Lopez mexikarra da jaiotzez, Sinaloakoa hain zuzen, baina 2011. urtean heldu zen Zeraingo herrira: «Nire senarra hemengoa da, baina Mexikon ezagutu genuen elkar. Azkenean, bat dela eta bestea dela, hona bizitzera etortzea erabaki nuen. Maitasunagatik etorri nintzen».
Ia zazpi urte daramatza euskara ikasten, eta aurtengo Euskaraldian Ahobizi rola hartuko du: «Mexikon bizi nitzela hasi nintzen euskara ikasten. Nire kabuz hasi nintzen liburuak irakurtzen, baina ez nuen tutik ere ulertzen, oso zaila egiten zitzaidan». Bere kabuz ezinezkoa egiten zitzaionez, Zerainera etorri zenean euskaltegian izena ematea erabaki zuen: «2012an Beasaingo euskaltegian hasi nintzen, baina handik hiru urtera ama izan nintzen eta bertan behera utzi nuen». Baina oraindik ere euskara ikasteko gogoz zebilen, eta bi urteren ondoren, 2017an euskaltegira itzuli zen. «Oraingo honetan Lazkaoko Maizpiden. Gaur egun oraindik ere euskara ikasten jarraitzen dut bertan».
Aurtengo Euskaraldiari dagokionez, «hemengo jendeak bere hizkuntzari buruzko hausnarketa sakona egitea, eta aurrekoan baino jende gehiago animatzea» espero du, posible izanez gero «aurrekoak baino aldaketa handiagoa» eraginez.