Tere Irastortza Garmendia • Idazlea
Izenordeak dira besteen artean bizitzeko, sentitzeko, egiteko, puskatzeko, sortzeko erabiltzen ditugun hitzak: ni, hi, gu… harremanetarako behar ditugun hitzak, gure tokia eta besteena antzematen laguntzen digutelako.
Zuek, haiek, gu batera gara euskaldun, euskerak jartzen gaittu adi, prest ditteu belarrik, gure euskalkin doinue eskeintzen diogu euskerai. Eta halaxe izan da lehenaure.
Euskaldun Goierrin. Zer da gaurko Goierri bailara, baina? Eta zertaraino axola du? Bailara modu batera edo bestera antolatu, hor doaz ibaiak Oriara edo Urolara: Estandakoa, Agauntzakoa, Mariaratsekoa… Eta zertaraino egiten gaitu euskaldunak ezberdin lehen Martina eta Joana, Miel eta Patziku izateak gure izenak, eta orain Margari, Antonio, Joakina, Amaia, Alaitz, Ahmed, Andrea, Intizar… Haiek eta datozenak ere euskaldun diraugu.
Haiek bezala, Goierriko euskaldunok azken mendeetan euskaldun sortu arren ere, euskara hautatu egin dugu. Egun, milaka euskaldun gara, zahar eta berri, euskaldun jarraitzeko prest.
Goierri eta Urola bi bailara ziren eskoletan dotrinaz gain irakurtzeko euskara bultzatu behar zela eta gramatikak idatzi, euskal dantza-eskolak sortu edota lanbideak erakusteko Lancaster metodoa zerabilten eskolak sortu zirenetik, eta mendeak pasa dira Urbasa zeharkatuz itsasora iristeko proiektuak egitera eta idaztera biltzen zirenetik. Mende pasea da Emakume Abertzaleen Batzak proposatu zuenetik ikastolak sortzea eta emakumezkoei irakurtzen erakutsi bai, baina idazten erakustea komeni ez zela ziotenen gizartetik, andereñoek euskal eta erdal irakaskuntza sistema eraldatzeko ezinbesteko begiradari eusten zaionetik.
Goierri eta Urola bi bailara ziren euskara batua gauzatzen ari zen bitartean; Goierri eta Urola bi bailara ziren euskaldunak alfabetatzeko herri-politikak abian jarri arteko onik hartu ez zuten lehen gau-eskoletako irakasle haiek bidea erakutsi zuten bitartean. Eta hamarkadak pasa dira aldizkarietarako diru-laguntzarik gabe goierritar batzuk herri-aldizkariak euskaraz nola sortu hasi zirenetik. Eta orain Goierri GoiBerri da.
Ez dugu beti jakiten nor izan diren historiaren narrazioak gailendu ez zituen herritar haiek. Eta ez, ez dugu gertatu den guztiaren berri, gertatzen denari eragiteko denbora eta pasioa behar duelako euskaldunak, oraindik milaka urtez euskaldun segitzeko, eta mundua euskalduntzeko pasioak eutsiko dio hizkuntzen ekologiari eta adimenaren armoniari.
Euskaldunak, sarri, gure aurreko euskaldun eta askatasunzale haien hitzetan kulunka gaitezke. Haien artean ere sentitzen naiz gu. Haien gogotik jaso eta gure DNAn itsatsiak ditugu geure inguruneak eta paisaiak. Eta sentitzen naiz Murumenditik Ñañarrira, Aizkorritik Anbotora zerua zeharkatzen zuen Mari haren endakoa, edo orain 90 amonalditan atzera egin eta hemengo basoetan ehizean egiten zuten gure arbasoen segida bizia.
Horregatixe,
hemen, orain, gaur, ni, hi, zu, eta hura euskaraz ari garen aldi orotan
euskaldunoi hitz egiteko abagunea paratzen diguten belarri-prest guztiekin batera, zerura begira euri eske jartzen naiz.
Euskarak, ari duen guztian, lurrak xurgatzen duen lanbroaren leuntasunarekin,
basoak aztoratzen dituen ekaitzaren zakarkeriarekin
euskarak, Euskaraldi orotan, agindu egiten du,
agindu, indar guztiz: euskara gordetzeko, euskaraz bizitzeko, euskaldun izateko
Eta aldi berean euskarak agindu egiten du:
Ez dezagun Euskaraldia ospatu euskara ez galtzeagatik bakarrik,
euskara gordetzeko bakarrik,
ezta euskaraz bizitzeko bakarrik ere.
Euskarak sentiarazi egiten du
herri baten senetik:
euskarak biziarazten gaituelako gara euskaldun,
bizitzeagatik eta bizitzaren alde
gara euskaldun.