Pello Jauregi • Belarriprest • Olaberria
Pello Jauregi jaiotzez Lazkaokoa den arren, Ihurren bizi da 1990. urtetik. Gaur egun zinegotzi lanetan dabil Olaberriko EH Bildu ordezkatuz, euskararen arloan. «Txikia nintzenean Lazkaoko ikastolara joaten nintzen. Euskaraz arazorik gabe hitz egiten nuen, baina 1967an, errepresioarekin batera, Ikastola itxi ziguten. 5-6 urte inguru genituen, baina gogoratzen naiz nola sartu ziren guardia zibilak gu handik bidaltzeko», oroitu du. Lazkaoko Eskola Nazionalean hasi zen ondoren, eta han euskararekiko zuen harremana amaitu zitzaion. «Nire klasekide eta lagunak euskaldunak ziren, baserri girokoak. Aita euskalduna nuen, euskaraz egiten zuen, baina amak ez, eta giro horretan gure etxean beti egon izan da gaztelaniaz hitz egiteko ohitura».
Hala ere, eta denboraren poderioz, Jauregik berriz heldu dio euskararekiko zuen loturari, eta aurtengo Euskaraldian Belarriprest modura ariko da. «Aurreko edizioan ere parte hartu nuen, eta Olaberriko eskolan ekimen ugari egin genituen, esaterako, bideo bat inguruko euskaldun berriekin. Aurtengoa edizioa ere arrakastatsua izatea espero dut. Berdin du euskaraz hobeto edo okerrago moldatzen zaren, parte hartzea eta animatzea da garrantzitsuena».