Danny Bonikowsky • Ahobizi • Segura
Danny Bonikowsky (Donostia, 1989) ahobizi izango da datorren Euskaraldian, 2018an egin zuen bezala, baina ahobizi aritzen da urte osoan ere, euskaraz egiten baitu bere egunerokotasunean. Zegaman bizi izan zen 18 urte zituen arte, eta unibertsitate ikasketak egitera gurasoen jaioterrira itzuli zen, Estatu Batuetara. Duela bost urte berriro etorri zen Goierrira, eta orain Seguran bizi da.
Gaztaroan, dena den, ez zuen euskara ikasi: «Txikitan esaldi batzuk bakarrik ikasi nituen zoritxarrez». 2015 inguruan ekin zion euskara ikasteari. Hiru urte egin zituen Euskaltegian: «Lan asko egin ondoren, gaur egun eguneroko gauzei buruz hitz egin dezaket». Kalean beti euskaraz egiten du Bonikowskyk: «Esaldi batzuk gaztelaniaz ateratzen zaizkit batzuetan, baina lagunekin, alabekin eta eskolako gurasoekin euskaraz egiten dut».
Euskaraldiak euskaraz praktikatzeko aukera emango diola eta besteei ere parte hartzera animatzeko balio dezakeela azaldu du: «Niretzat garrantzitsua da hizkuntzari arreta jartzea». Gehitu du euskara bultzatzeko eta euskaraz ikasi eta bizitzeko aukera badagoela azaleratzeko ekimena dela. Ahobizi txapa eramango du euskaraz bizi dela ikusarazteko.