Euskaraldian Zumarragako ariguneetako bat izango da Urola Garaiko Lanbide Eskola (UGLE). Ikasketa maila bat baino gehiago eta hiru hizkuntza ereduak dituztela kontuan hartuta, langileek bakarrik hartuko dute parte ariketa honetan, nahiz eta ikasle guztiei euren kabuz parte hartzeko gonbitea ere luzatu dieten. UGLEk 45 langile ditu, irakasleak eta irakasle ez direnak elkartuta, eta horietatik %90 inguruk eman diote baiezkoa Euskaraldian arigune gisa parte hartzeari; horietatik %85 ahobizi dira, eta gainerakoak belarriprest. Beraz, langile bakoitzak bere konpromiso pertsonala dauka, eta ikastetxe bezala beste bat.
Eskolako euskara normalkuntzaren arduraduna den Jone Legorburuk azaldu duenez, «ikastetxeak ardura bat dauka euskarari dagokionez, eta ikasketa talde guztietan euskara hutsean ezin bada funtzionadu ere, langileok geure burua identifikatzen badugu ahobizi edo belarriprest gisa, A ereduko taldeetan dauden euskaldunak guregana erakartzeko modua izan daiteke, adibidez. Eredu izan nahi dugu ikasleentzat».
Kanpoko eta barruko ariguneak
Ikastetxean kanpo eta barne ariguneak identifikatu dituzte. Kanpokoan, lehiatilako lana edo telefono bidezko arreta sartu dituzte, besteak beste. Barruari begira, berriz, gune desberdinak identifikatu dituzte, irakasle gela adibidez, edo irakasleak bilerak taldeka egiten dituztela eta, talde horiek ere bai.
«Langileon arteko harremanak, formalak eta ez formalak, euskaraz gauzatzen dira gehienbat, eta hori indartu nahi dugu Euskaraldiaren bidez, kontzienteago izan gaitezen», dio Legorburuk. Horrek, kanpora begira ikastetxeak duen irudi «nahiko erdalduna» aldatzeko ere balioko duelakoan dago, «ez dago horretarako arrazoirik», ia guztiak euskaldunak dira eta euskaraz bizi dira. Langileen artekoak bakarrik ez, ikasleekin dituzten harremanak ere gehienetan euskaraz izaten dira, baita A eredukoekin ere.