Ez da Euskaraldiaren atarian emateko berririk baikorrena, baina Gazteen Euskal Behatokiak iaz egindako txostenaren ondorio nagusietako bat hori da. Datuak okerrera egiten du aisialdian, eta zer esanik ez sare sozialetan. Erronka dute gazteek, eta gizarteak oro har. Datuak EAE mailakoak dira.
Hamabost eta 29 urte bitarteko gazte euskaldunen artean euskararen erabilerak behera egin duela erakusten du Gazteen Euskal Behatokiak iazko martxoan argitaratu duen Euskadiko Gazteen Egoeraren diagnostikoak. Daturik positiboenak Gipuzkoakoak dira, hamarretik seik erabiltzen baitute gehienetan euskara lagun artean. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) batez bestekotik bi puntu gorago dago Gipuzkoako datua; adierazle horretan sartzen dira dena edo ia dena euskaraz egiten dutela diotenak, euskara gaztelania baino gehiago erabiltzen dutenak eta bi hizkuntzak berdin erabiltzen dituztenak.
Gazte gipuzkoarren artean %36,1ek dena edo ia dena euskaraz egiten dutela diote, %5,5ek nagusiki euskara erabiltzen duela, eta %16,3k bi hizkuntzak berdin. Aurrekariekin alderatuta, datuak ez dira positiboak: 2008an jo zuen goia euskararen erabilerak lagun artean Gipuzkoan, baina orduz geroztik %5,6 jaitsi da erabilera
Euskara aisialdian
Gazteen aisialdirako ohiturak ere aztertu zituen txostenak. Denborapasa gustuenak lagunekin kalean egotea, musika entzutea eta filmak eta telesailak ikustea direla dio diagnostikoak. Aisialdiko jardueretan, ordea, euskarak geroz eta presentzia txikiagoa du.
Esaterako, EAEko gazteek geroz eta gehiago irakurtzen dute, baina euskaraz geroz eta gutxiago. Azken hamar urteetan puntu bat igo da irakurtzeko zaletasuna, baina euskarazko liburuak irakurtzeko ohitura %15 jaitsi da. Ikasleek irakurtzen dituzte euskarazko libururik gehienak, baina ikasketak amaitzean ohitura alboratzeko joera ikusi dute diagnostikoaren egileek.
Sare sozialei dagokienez, kalean baino protagonismo txikiagoa du euskarak: EAEko gazteen %15ek soilik erabiltzen dute nagusiki euskara sarean. Gipuzkoan zentratuz gero, datuak bikoiztu egiten dira, hamarretik hiruk euskara erabiltzeko ohitura baitute.
Datuak xehatuta, 25 eta 29 urte bitarteko emakume gipuzkoarra da sarean euskara erabiltzen duen Interneteko erabiltzailearen profila. Gazteenen artean sarean euskara erabiltzeko joera ez da ohikoa, eta gehienetan gaztelaniara jotzen dute. Horregatik, joera aldatu ezean, etorkizunean euskarak gazteen aisialdian erabilera txikiagoa izango duela ondorioztatu daiteke.
Gaztealdia, akuilu
Bederatzi gazte, zortzi egunez, euskara hutsean. Azaroaren 12tik 19ra egin dute Gaztealdia, Euskaraz biziko gara lelopean. Hainbat herritako eta unibertsitateko euskara taldeek antolatuta, Euskal Herriko eremu geografiko eta soziolinguistiko anitzetako gazteek egin dute ariketa, euskararen erabilera baldintzatzen duten faktoreak aztertu eta ikusarazteko. Helburua: gazteek euskaraz bizitzeko aukera izatea. Partaideen iritziz, euskalgintzak galdua dauka gazteen artean euskara sustatzeko hauspoa, eta erakundeek ezagutza bultzatzen dute erabilera baino gehiago. Hizkuntz politika «errotik aldatu» behar dela iritzi diote.