Beasainen 600dik gora gaztek eta gaztetxok eman dute Euskaraldian parte hartzeko izena. Osiñarte kuadrilla da ‘Aittugune’ izango denetako bat.
Aurtengoa urte berezia izan da alor guztietan, eta halaxe izango da berrikuntzaz beteriko Euskaraldian ere. Aurtengoak bi berezitasun ditu: Arigune izenaren ordez, Aittugune izena erabiliko da (Aittu! euskara taldearen izenari erreferentzia eginez); eta bestetik, familiek eta kuadrillek ere Aittugune izateko aukera izango dute. Familiengana ez ezik, gazteengana hurbiltzeko ahalegina egin nahi izan da aurten, « edozein pertsonaren hurbileko sarea familia eta lagunak direlako».
Kuadrillak ‘Aittugune’ bihurtu dira
Beasainen, 12 eta 14 urte bitarteko 20 kuadrilla animatu dira, hau da, herriko 400 gaztetxo inguru. Bestalde, 17 eta 27 urte bitarteko 13 kuadrillak eman dute izena Euskaraldian; beste 200 gaztek parte hartuko dute, gutxi gorabehera, euskararen aldeko ariketa sozial masiboan. Aitor Sukia, Maialen Perez eta Jokin Garmendia beasaindar gazteen iritzia jasoko dugu datozen lerrotan.
Lagunartean ere euskaraz
1993an eta 1994an jaiotako neska-mutilek osatzen dute hirukote honen kuadrilla. Euskaraz jaio eta hezi diren gazteak daude bertan, herriko ikastetxeetan ikasi dutenak eta oro har, egunerokotasunean euskaraz mintzo direnak. Aitor Sukia izan zen lagun taldean Aittugunea sortzeko testigua hartzen lehena. Deialdia WhatsApp bitartez heldu zitzaion, harek informazioa birbidali eta lehenek izena eman orduko, testigua batetik bestera eramanez « erraz » osatu dute euskararen aldeko zerrenda. Hori horrela, euskaraz bakarka aritzeaz gain, taldean euskara lantzeko konpromisoa hartu dute. Hori baita aurtengo edizioko helburu nagusietako bat: norbanakoengan arreta jarri ordez, taldekako praktika euskalduna bultzatzea. Osiñarte izenpean izena eman duten kuadrillako kide guztiak Ahobizi izango dira Euskaraldian zehar.
Aitor Sukia, finantza aholkularia: «Hainbat gaztek euskaraz jakin arren, egunerokoan gaztelaniara jotzen dutenaren sentsazioa dugu»
«Kuadrillako gehienok eman dugu izena aurtengo Euskaraldian. Egia esan, ez da zaila izan. Pare bat animatu bezain pronto, besteek ere eman zuten parte hartzeko pausua».
Euskararen bultzada bakarka emateaz gain, kolektiboki arraun egitea indartsuagoa izan daitekeela uste du Aitor Sukiak. Euskaraldia euskara sustatzeko ekimen garrantzitsua dela iritzita animatu dira kuadrilan Aittugunea sortzera.
Aitor Sukiak aurtengo Ariguneen garrantzia azpimarratzen du, euskararen sustapenerako erreminta erabilgarriak direlakoan. Besteak beste, inertziak apurtzea da ekimenaren helburuetako bat. Haren ustez, euskal hiztun gazteen artean gazteleraz hitz egiteko joerak bizirik dirau: «Gazte jendearen zati batek, euskaraz jakin arren, egunerokoan gaztelaniara jotzen duenaren sentsazioa dugu».
Maialen Perez, ingeniaria: «Beasainen beherakada moduko bat egon zen; nire ahizpa gazteenaren adinekoak, ordea, dena euskaraz egiten dute»
Euskararen erabilera neurtzeko, lagunarteko ikus-entzunezkoen kontsumo ohiturak identifikatzea eta aztertzea lagungarria izan daiteke, baita taberna giroan edo autoz bidaiatzean entzuten dugun musika ere. Maialen Perezen irratian euskal musika gailentzen da. Kuadrillakoekin dagoenean, normalean euskarazko abestiak entzuten dituztela dio. Maila pertsonalean, ETB1ek izan duen garapena goraipatu nahi izan du: «Barre Librea, Gaur Egun, Hondar Ahoak… Eta Goenkaleko fana izan naiz beti. Txikitatik ikusi izan dut ETB1, baina egia da orain dela urte gutxi izan zuen gainbehera nabarmena izan zela».
«Nire ustez, hemen ere beherakada moduko bat egon zen. Beasaingo gazte askok gazteleraz hitz egiten dute haien artean, belaunaldi erdaldunak daudela iruditzen zait. Baina nire ahizpa gazteenaren adinekoek, adibidez, dena euskaraz egiten dute».
Jokin Garmendia, fabrikazio mekanikoko teknikaria: «Euskaraz idatzitako ‘memeak’ gero eta hobeak eta ugariagoak dira; niri behintzat barrea sorrarazten didate»
Badira Euskaraldiaren funtzioa auzitan jartzen dutenak. Jokin Garmendiaren ustez, Euskaraldiari esker pertsona bakar batek, behin bakarrik bada ere, erdaraz hitz egin ordez euskara erabiltzen badu, merezi du. «Ahobizi edo Belarriprest txapak ikusi eta euskara praktikan jartzen badugu, bada zerbait. Gutxi batzuentzat eraginkorra bada, mesedegarria da». Baino euskara, Euskaraldian zehar ez ezik, egunero erabili beharreko hizkuntza dela dio.
WhatsApp taldean denetarik partekatzen dute. «Euskaraz idatzitako memeak geroz eta ugariagoak eta hobeak dira; niri behintzat barrea sorrarazten didate. Gure kuadrillan elkarri adarra jotzeko memeak sortzen dituzten artista batzu-batzuk badaude». Etzekiat Rick, faltsua zirudik izenburupean bidalitako argazkiak datozkio burura. Azken orduko albiste ia gehienak, ordea, beti hedabide erdaldunetatik jasotzen dituzte.