Sebas Iturriotz • Urretxu-Zumarraga
Zintzo Mintzo euskaltzale elkartea ofizialki 1992ko abenduan aurkeztu bazen ere, ordurako urtebete inguru generaman lanean elkartea sortu nahian, beste zenbait herritan egiten ari zirena gurera egokitu nahian.
Izan ere, 80ko eta 90eko hamarkadetan sortu ziren Euskal Herrian euskara elkarte gehienak. 1993an ere etxeko lan asko izan genituen, elkartea eratu eta bazkidetza bultzatu, herritarren arteko hitzarmena antolatu, Otamotz aldizkaria sortzeko bidean jarri, Gazte Taldea eratu… Elkartearen asmoa zen euskararen erabilera sustatzeko antolatzen ziren ekitaldientzako aterki antzeko bat izatea jarduera horien iraupena ziurtatzeko urteetan.
1994ko hasieran egin zuen elkarteak hitzarmenaren aurkezpen ofiziala. Ekitaldi horretan Urretxuko eta Zumarragako 100dik gora gizabanako eta elkartek hitz eman zioten elkarri hortik aurrera euren arteko harremana euskara hutsean izango zela. Bertan orduko Eusko Jaurlaritzako Euskara sailburu Mari Carmen Garmendiak parte hartu zuen.
Elkarteak eginiko jarduerak zerrendatze aldera:
- Hitzarmena elikatu eta jarraipena egin zenbait urtez.
- Otamotz aldizkaria sortu, Goierriko Hedabideen aldeko apustua egin ondoren argitaratzeari utzi ziona.
- Otamotz.com atari digitala (gerora otamotz.eus): egun Goierriko Hedabideek kudeatutakoa.
- Euskararen aldeko Giza Katea, bizpahiru urtez Zumarragako jaietan egin zena.
- Euskararen aldeko Kandela piztea Urretxuko jaietan, urte dezente iraun zuena.
- Kantu Afaria, 2019an 25 urte bete zituena (aurten festarik izan ez denez, bertan behera geratu da).
- Helduei zuzendutako «euskara hobetzeko ikastaroak».
- Haurrentzako bideo emanaldiak euskaraz.
- Mintzalaguna, Irakurle taldea eta Gazte Lokala bezalako programetan aitzindari izan da elkartea. Egun bi herriotako udalek kudeatzen dute.
- Kultur ibilaldiak, herrian zein mendian.
- Gaztetxoen Bertso Eskola desagertzear zegoela elkarteak hartu zuen kudeaketa bere gain eta horrela segitu zuen berriro ere Bertso Eskolak bere esku hartu zuen arte.
- Euskaraldia 2018: elkarteak bere baliabide propioak (baliabide ekonomikoak barne) jarri zituen pertsona bat kontratatzeko, eta ariketaren arrakasta neurri handi batean horri esker izan zen.