COVID 19ak eragindako osasun larrialdiak lehendik ere bazeuden zenbait krisi azaleratu ditu. Orain arteko garapen ereduari eta oinarrian dagoen sistema sozioekonomikoari buelta emateko lanean ari da KoopFabrika Goierrin.
Proiektu profesional eta ekimen sozio-ekonomikoak martxan jartzen laguntzeko programa da KoopFabrika. 2017an lehen aldiz abian jarri zenetik, hamarnaka proiektu bultzatu ditu. Ekintzailetza soziala eta ekonomia sozial eraldatzailea sustatzeko programa hori Goierrira ere iritsi da, izan ere, iragan irailean deialdi bat egin zen eskualdean ideia hori bultzatzeko gogoa izan zezaketen pertsona, kooperatiba eta erakundeei, besteak beste. Goierrirentzat proposamen konkretuak lantzen hasteko gogoa zuen talde bat osatu, eta lanketa egiten hasi ziren. Azken asteetan gaiak indarra hartu du, eta Ordizian saio informatiboak eta formakuntza egiten ari dira.
Baina zer da ekonomia sozial eraldatzailea? «Ekonomia egiteko beste modu bat da», hala hasi da kontatzen Andoni Mikelarena Biziolako kidea. «Guk nahi dugu ekonomiaren oinarrira edo jatorrira itzuli». Ekonomiak biltzen ditu «gizarte batek bizi ahal izateko oinarrizko zerbitzuak eta baliabideak», eta ekonomia sozial eraldatzaileak, pauso bat gehiago ematen du haren esanetan. «Gaur egungo testuinguru honetan, zein zerbitzu eta zein baliabide behar ditugun bai, baina gizarte bezala bizi ahal izateko eta duin bizitzeko, horiek ere oso kontutan ditu».
Bigarren galdera bat ere biltzen du; «nola sortzen ditugun zerbitzu eta baliabide horiek». Eta nola horri, abizenak ere jartzen dizkio; «modu demokratiko batean, lurrarekiko errespetuz, lurralde batean txertatuta eta lurralde horren beharrei erantzunez, ikuspegi feministarekin… eredu ekonomikotik kanpoko erantzun bat ematen die galdera horiei guztiei».
Zer hori, «oso lotuta egon behar du oinarrizko beharretara, merkatuaren beharretara», osatu du Nerea Eliasek, Biziolako kidea hori ere. «Gizarte bezala, kasu honetan Goierrin, zeintzuk dira guretzako oinarrizko beharrak? Eta nola asetuko ditugu? Hor egiten du indarra ekonomia sozial eraldatzaileak». Galdera horien aurrean «eskatzen du kontsentsu bat egotea, eta horrek beste hainbat galdera sortuko lituzke».
Laburbilduz, «oinarrizko beharrak zein diren eta horiek duin asetzeko zer behar dugun», hor dago gakoa. Eta hainbat adibide jartzen ditu, zaintza kasu, oinarrizko behar bat delako. «Denok behar dugun edo beharko dugun zerbait da, baina zaintza behar horri erantzuteko hamaika modu daude».
Gaur-gaurkoz eskaintzen den eredua «oso merkantilista, oso modu ez duinean lan egiten dena, inbisibilizatua dagoena…» da Eliasentzat, eta hori baino harago, behar hori asetzeko beste modu batzuen bila ari dira. Esandakoaz aparte, gehitzen dute, «produktu edo zerbitzu horrek, inpaktu negatiboren bat izan behar badu, horiek nola gutxitu ere aztertuko» dituztela.
Ekonomia sozial eraldatzailea zenbait balio bere baitan biltzen dituen jarduera da. Jendarte justuago baten eraikuntzan kolaboratzea; interes sozialeko proiektuak izatea, bere zentzu zabalenean; lurraldean sustraituak egotea; Autonomia eta kudeaketa demokratikodun irizpideekin funtzionatzea; Sortzen den aberastasuna modu parekidean banatzea; edota ikuspegi sozialetik eta ingurumenarekiko jasangarriak diren praktikak garatzea.
COVID-19ak lehendik zeuden hutsune eta krisiak, agerian utzi ditu haien ustez. «Ez gara lehenak esaten beste eredu ekonomiko bat beharrezkoa dela. Egia dena da, pandemiak zerbait ona utzi baldin badigu, urte askotan azpimarratzen ari ginen krisi batzuk mahai gainean jarri dituela bapatean». Eta honela argudiatzen dute; «esaten genuen, geneukan ekonomia eredua ez zela sosteniblea, zaintza beste ikuspegi batetik landu behar genuela… Eta pandemia iristen da eta konturatzen gara, etxe azpiko dendak salbatzen gaituela mila gauzetatik, eta deskubritzen dugu, bertakoa zein garrantzitsua den, edo elikadurarekin adibidez, baserritarren lana eta ekoizten dituzten produktuak ezinbestekoak direla».
Etorkizuna oraindik guztiz marraztu gabe dagoen momentu hau, «gure ikuspegitik eragiteko eta beste eredu ekonomiko baterantz pauso garrantzitsuak emateko garai aproposa da, zeren ez da inondik inora geldirik egoteko momentua». Uste dute posible dela beste norabide bat hartzea; «ikusi ditugu ze arazo, ze ahuldade, ze hauskortasun dauzkan, gure egitura sozio ekonomikoak, goazen egitura resilienteago, jasangarriago, bizigarriago baterantz».
Etxebizitza kooperatiboak, elikadura burujabetza, zaintza ereduak eta kultura dira jorratzen ari diren gaiak.
Etxebizitza
Egindako lanketan identifikatu zuten hutsuneetako bat izan zen gaur egungo etxebizitza eredua «guztiz merkantilizatua» dagoela, alegia, etxebizitza merkatuaren logikan funtzionatzen duela, eta hortik kanpoko eredurik ia apenas dagoela. Goierrin, eredu interesgarria da Zerainen egin dutena, gazteentzako etxebizitza komunitarioarekin. Oraingoz eredu txiki bat besterik ez da, eta egiteko bide luzea dago. KoopFabrikako kideek argi dute oso epe luzerako lanketa dela honakoa.
Esparru horretan, beste adibide batzuk ere jarri dituzte mahai gainean. Europako hainbat herrialdetan adibidez, lagapeneko etxebizitza koperatiboen ereduak aurki daitezke. Pentsatu zuten, beste herrialde batzuetan funtzionatzen ari diren ereduak ekartzea, haiek ezagutzeko, eta ea hortik proiekturen bat sortzeko aukerarik dagoen. «Ekarri genituen lagapenezko etxebizitza kooperatiboa garatzen ari diren proiektu bat eta aldi berean Zeraingo etxebizitza komunitarioaren esperientzia. Iruditzen zaigulako nahiz eta ez izan formato kooperatiboan, argi eta garbi erantzuten ziola– ikuspegi desmerkantilizatzaile batean garatutakoak baitira–, eta hala den guztia ongi etorria da».
Planteamendua ez da gauzak egun batetik bestera aldatzea, baizik ereduak badaudela aurkeztea, alternatibak eta beste esperientzia batzuk ezagutzea.
Elikadura burujabetza
Elikadura burujabetzarena ez da abiatzen bereziki hutsune batetik, baina bidea geratzen dela ondorioztatu dute, eta gainera, horretarako testuingurua badagoela. Baturak egindako azterketak, hain zuzen ere, ekonomia sozial eraldatzailearen ikuspegitik elikadura burujabetza lantzen duten proiektu dexente identifikatu zituen Goierri eskualdean. Hutsunerik ez badago ere, beste jauzi bat emateko aukera ikusten dute. Hor garrantzitsua iruditzen zaie, proiektu horien artean, eskualdeak dituen erronken azterketa konpartitu bat egitea, eta azterketa konpartitu hortatik abiatuta, amankomunean ze proiektu sor daitezkeen galdetu zuten.
Mahai gainean eztabaidagai hori jarri, eta lanketa berezi bat egin nahi dute, elikadura katea osatzen duten eragile desberdinekin; izan erakundeak, izan ekoizleak, izan dendak, jantoki kolektiboak, kontsumitzaileak,… alegia, aztertzea elikadura katea nola dagoen antolatuta Goierrin, baita elikadura kate horretan ze arazo aurki daitezkeen ere.
Bide horretan pauso garrantzitsu bat emateko gaitasuna identifikatu dute, eta hortik tiraka, gakoa da, nola antolatu daitezkeen eragile horiek guztiak. Ikusi dute baita ere, borondatea egon badagoela, eta aukerak badaudela, energia ere badagoela, esperientzia ere bai, baina nolabait magma horri guztiari eman behar zaiola astindu bat, eta ea hortik beste jauzitxo bat ematera iristea posible den.
Zaintzaren krisia
Adinekoen zaintzatik hasita, zaintzaren ikuspegi zabalenean eragin daitekeela uste dute. «Ematen du norberak erantzun indibidual bat eman behar diola gai honi»,. Gai horri «erantzun kolektibo eta duina» nola eman jartzen dute mahai gainean KoopFrabikakoek. Zaintza «oso-oso prekarizatutako esparrua» da, emakume prekarizatu eta emakume migrari prekarizaturikoez osatutako sektore bat da. «Bizitzak erdigunean jartzeaz hitz egiten ari gara eta daukagu erabat sktore desartikulatu bat, erabat atomizatua, lanerako inongo eskubiderik gabe, eta ari dira sortzen beste zaintza eredu batzuen alde apostua egin duten proiektuak».
Zaintzako saiorako ekarri nahi dituzte hiru proiektu beste klabe batzuetan lanean ari direnak. Hernanin sortu dute Maitela kooperatiba: Nolabait proiektua kolektibizatu dute. Kontsumitzaileek, laguntzaileek eta langileek osatzen duten kooperatiba integral bat da. Beste modu batean lan egiten dute: Emakumeak erdigunean jartzen ditu, ahalduntze lan «potente» bat egin dute, baldintza duinak dituzte…
Beste eredu bat, Irauli zaintza da: Urola-Kostan sortu den plataforma bat da, mugimendu pentsionista eta zaintzaileen artean osatutakoa. Zaintzaile eta zaintza behar dutenen arteko elkarlan plataforma da, gaia eztabaidatzeko.
Kulturgintza
Kulturgintza egiteko beste modu bat ere badagoela uste dute. «Krisi honek garbi erakutsi du, kultura gogor kolpatu baitu». Kultur ekosistema hori beste modu batean antolatzeko alternatibak bilatzea da asmoa. Esparru horretan balioa eman diote eskualdean bertan aspalditik martxan den proiektu bati, Ordiziarrockek egiten duen lanketari hain zuzen ere. Antolatzen dituzten ekitaldietan txertatzen dituztelako ekonomia sozialarentzat oso garrantzitsuak diren elementuak: genero berdintasuna, arlo ekologikoa, inklusibitatea, …. «Antolatzen dituzten ekitaldi guztietan demostratu dute posible dela kultur ekitaldietan ere ikuspegi horiek guztiak txertatzea».
Beste eredu batzuk ere jarri dituzte mahai gainean. Txakurgorria kooperatibarena, esaterako. Arte eta sormen kooperatiba bat da.
Goierriko beste eredu batzuekin jarraitu daiteke. Eredu oso interesgarritzat jo dute Arteria proiektua. Goierriko sortzaileak, gizarte eta kultur eragileak, erakundeak eta herritarrak giza eskubideen eta artearen inguruan bildu nahi ditu Arteriak; sorgune bat da, elkarrekin gogoeta egiteko elkargune bat, elkar elikatzeko proiektu bat, sinergiak bilatzen dituena, eta bakoitzaren lanaren eta sormen prozesun inguruko ezagutzak partekatzeko ere balioko duena, beste gauza askoren artean. Goierrin aurkezpenak egiten ari dira, azkena, aste honetan bertan, Ordizian.
Formakuntza saioak
Ekintzailetza soziala eta ekonomia sozial eraldatzailea sustatzeko programa abian da Ordizian, udalaren, Biziolaren, Goierriko Ekonomia Sozial Eraldatzaileko sarearen eta Olatukoop sarearen arteko elkarlanari esker. Komunitatearen jarraikortasuna bermatuz, erronka konplexuei erantzuteko, ekintzailetza sozial eta kooperatiboa eredu interesgarria izan daitekeela eta, sei saio teoriko praktiko egingo dira. Formakuntza teoriko-praktikoa jasotzeaz gain, gaur egun beste herri zein eskualdeetan martxan dauden proiektuak ezagutzeko eta Goierrik etorkizunera begira dituen erronkei aurre egiteko tresnak barneratzen hasteko aukera bat bezala definitu dute programa. Bi saio geratzen dira eta koopfabrika.eus/goierri helbidean eman daiteke izena.
- Azaroak 28, larunbata. Harremanak, sare komunitateak eta marketin komunitarioa.
- Abenduak 12, larunbata. Bizigarritasuna eta bideragarritasuna ekimen kooperatibo eta komunitarioetan.