Garazi Zabaleta Mendizabalek (Beasain, 1987) Arah ganbara musika taldearen ‘Bazen behin’ ikuskizuna konposatu du. Igandean estreinatuko dute,Usurbe antzokian. Konpositoreen lana abestigintzatik ezberdina dela dio, eta ezin dela konparatu ez hierarkizatu.
Ingeniaria eta konpositorea zara ikasketaz. Zer duzu nahiago?
Telekomunikazio Ingeniaritza ikasi nuen, ikus-entzunezkoan alorrean. Baina, egia esan, nire burua ez dut ingeniaritzat. Hemezortzi urte nituenean musika bigarren planoan nuen, baina jada hasita geunden Suganekin, eta ez nuen oso urrutira joan nahi eta interesgarria iruditu zitzaidan. Horrela sartu nintzen.
Zergatik ez zenuen lehen planoan? Suganekin jada hasita zeundeten.
Ez dakit erantzuten. Hamazazpi urterekin eskaini ziguten lehen diskoa grabatzeko aukera eta indartsu hasi ginen. Une batez buruan izan nuen ikasketak utzi eta musikara bideratzea, baina hasitakoa ere amaitu nahi nuen. Eta atzera begiratuta ez naiz damutzen. Bidean ikasi dudan guztia baliagarria zait orain eta uste dut emandako pausuen segida izan zitekeen onena izan dela. Kontserbatoriora hemezortzi urterekin sartuko banintz ez dakit orain atera diodan probetxua aterako niokeen. Urteetako ofizio hori beharrezkoa da beste etekin bat ateratzeko. Emandako pausoek zentzua badutela sentitzen dut.
Musika noiz igaro zen bigarren planotik lehendabizikora?
27-28 urterekin inflexio puntu bat izan nuen. Krisialdi bat edo. Beti izan nuen arantzatxoa kontserbatorioan ez nintzela izan, eta sarrera froga egitea erabaki nuen. Azkeneko lau urte hauek oso emankorrak gogoratzen ditut, eta ahal den heinean mantendu nahiko nuke.
Zaila da lehen planoan eustea?
Oso zaila da. Baina, nire burua ezagututa, plano bakarrarekin aseko nintzateke? Gauza ezberdinak egiteak asko asetzen nau eta urteekin konturatu naiz bilatzen dudala iturri ezberdinetatik edate hori, janzte hori. Pentsa, konposizioa ikasten ari nintzenean, aldi berean, pedagogia ere ikasi nuen eta egun hezkuntza aholkularitza batean egiten dut lan. Beti bilatzen dut plano bat baino gehiago izatea, ahal den neurrian. Egunak dituen orduak ditu.
Konpositore baten egunerokoa nolakoa da?
Inspiratuta egon edo ez konposatu beharra dago. Inspiratuta nagoenean dena uzten dut eta horri heltzen diot. Eta inspiratuta ez nagoenean kontserbatorioan ikasten dira teknika ezberdinak sortzeko.
Zerk inspiratzen zaitu? Baduzu ohiturarik ideiak erakartzeko?
Modu dinamiko batean mantentzeak inspiratzen nau. Eta pertsonek. Nire inguruko jendeaz elikatuta egon behar dut. Baina ez dut teknika berezirik. Egun bakoitza ere desberdina da eta batean inspiratzen zaituenak bestean ez du balio.
Edonork balio du sortzeko?
Denok gara sortzaileak. Denok gara ezberdinak eta bakoitzak bere estilo propioa du. Baina sortzeko gaitasuna landu egin behar da, bultza egin behar zaio, eta ez dakit sistemak sortzeko gaitasuna garatzen duen. Agian utopikoa da, baina horretan sinisten dut.
«Urteekin konturatu naiz bilatzen dudala iturri ezberdinetatik edate hori, janzte hori»
«Halako interpreteekin beste dimentsio bat hartzen du, denak direlako oso onak. Pasada bat da»
Musika eskoletan erakusten da sortzen, konposatzen?
Irakasleen araberakoa da, baina esango nuke norbaitek sortzen badu horri lekua egiten zaiola. Kontserbatorioan zailagoa da, plangintza zorrotzagoa dagoelako eta amaierako azterketak gainditu beharra dagoelako.
Agian oker nago, baina esango nuke gaztetxoen talde hasiberri gehienek talde handien bertsioak jotzen dituztela euren abestiak sortu beharrean.
Ez dakit zer esan, askok sortzen dituzte euren abestiak. Baina, ni abestigintzara dedikatzen nintzenean, konposatzailetzat har nezakeen nire burua, baina konposatzaile izatea harago doa. Bereiztea gustatuko litzaidake. Egia da konposizioan jarduteko ez dituzula lau urte kontserbatorioan pasa behar, edozein arlotan bezala, baina beste sakontasun bat ematen dizu.
Sortzea iruditzen zait badagoela denon eskura, baina abesti onak egitea ez da zerbait erraza… Eztabaida luze eta aberatsa eman dezaketen gaiak dira, baina formato honetan jasotzeko zailak.
Kontserbatorioko ikasketek zer eman zizuten konposatzaile izateko?
Konposizioan gauza asko kontrolatu behar dira: instrumentazioa, orkestrazioa, harmonia, estetika ezberdinak… baliabide asko emateaz gain ikuspegia zabaltzen lagundu zidan. Abestigintzan beste behar batzuk ere kontuan hartu behar dira. Azken finean, alor ezberdinak dira, horregatik ez dago ierarkizatzerik.
Espainian ez, baina beste herrialde batzuetan abestigintza, Songwriter, gradu bezela ikasteko aukera badago.
‘Bazein behin’ proiektua estreinatuko duzu igandean Arah taldearekin. Zuk konposatutako proeiktua da.
Sara Zufiaurre Euskadiko Orkestrako kideak lagunak ganbara talde bat egitea proposatu zidan, lehendik bazutelako halako talde bat. Niretzako sekulako aukera da, horrelako musikariekin kontatzea pribilegio bat delako. Amesten hasi ginen: zergatik ez dugu dantzariekin zerbait egiten? Eta musika herrikoia moldatzen badugu?… Denari forma eman eta hala sortu da Bazen behin.
Pianoa jotzen duzu. Zuk joko dituzu zuk idatzitako partiturak?
Pianoa jotzen badakit, baina nire burua ez dut pianistatzat. Egia da igandeko kontzertuan pieza batzuk joko ditudala, kutsu komertzialagoa duten hiru pieza eta Suganen moldaketa bat, sinbolismoagatik. Baina propio konposatutako obrak jotzeko pianista profesionalen maila behar da, eta ni ez naiz gai ikusten. Gainera, ez nuke ongi pasako, tentsio betean egongo nintzateke.
Ideia bat gauzatuta entzutea eta ikustea berezia izan behar da.
Abuztuaren 27an egin genuen taldeko lehen entsegua, eta hor sentitu nuena… Entzuten ari nintzen eta kosta egiten zitzaidan nik idatzitakoa zela sinistea. Gainera, halako interpreteekin beste dimentsio bat hartzen du, denak direlako oso onak. Pasada bat da.
Aldaketa handia egon da hasierako burutapenetik oholtzara?
Buruan dudana aldez aurretik plasmatzen dut teknologia erabilita, ordenagailuekin. Adibidez, dantzariek ezin zuten itxaron entseatzen hasteko eta konposatzen nindoan bitartean grabatzen nindoan. Gutxi gorabehera badakizu nolakoa izango den, baina pertsonak eta teknologia baino hobeak dira. Hobera aldatzen da.
Dantza kontuetan ez naiz aditua eta euren esku utzi dut. Nik sortzerakoan izandako nire zergatiak azaldu nizkien eta beraiek eman diote forma. Eta askoz hobeto, horrela. Elkarren arteko komunikazioa konstantea izan da.
Talde lana da halako proiektu bat gauzatzea ala konpositorea besteen gainetik dago?
Arah barruan denak sentitzen gara konfiantzarekin, gauzak esateko, aldatzeko, egiteko… askatasunarekin. Oso ongi funtzionatu dugu taldean eta niretzat hori seinale ona da. Bide onetik goazela erakusten du. Denok eroso gaude eta aprobetxatu behar dugu.
Orduan, ‘Bazen behin’ proiektuak jarraipena izango du?
Proiektu ezberdinak sortzea da helburua. Arah musika ganbara taldea da eta orain Bazen behin proiektuarekin gabiltza, baina espero gehiago etortzea.