Aitor Sarriegi Galparsoro • Irakaslea eta bertsolaria
Berriki gertatu zait ikasgelan. Produkzio-jarduera desberdinak mapa digital batean kokatzeko ariketa bat egin behar genuen, merkatuaren ezaugarrien, logistikaren eta bestelako adierazleen arabera kokapen egokiena erabaki asmoz. Euskal Herriko herri banatan kokatzeko hamar bat jarduera-proposamen, bakoitza bere ezaugarriekin. Jasotako hamahiru lanetatik lautan EAEra mugatu da kokapenen esparrua. Nafarroan jardueraren bat kokatu duten gehienek Iruñea hartu dute kokagunetzat, eta pare batek Lizarra edo Izaba bezalako tokien hautua egin dute.
Ez diet errurik botako 16 urteko ikasleei, beraiek bizi diren munduak eta inguruak behin eta berriz gogorarazten baitiete zein diren hemen benetako mugak eta herriak (egunero entzuten ditugu EAEko eta Nafarroako datuak bereiztuta irrati-telebistetan, kontrakoak Berria-k egin duena bezalako ahalegina eskatzen baitu). Zer esan Bidasoatik harago dugun Euskal Herriaz. Ariketa aurkeztean zeharka aipatu banizkien ere, uste dut baikorregia izan nintzela inork XiLaBako kokapenen bat aukeratuko zuen itxaropena mantendu nuenean. Nola ba, munduak egunero esaten badie hura Frantzia dela?
Euskal Herria Hegoalde eta Iparralde terminoetan ezagutu dugu askok, hegoalde eta iparralde geografikoekin erabat bat etorri ez arren. Hala ere, ohikoa da «Nora zoazte aste santuko oporretan?» galderari, «Hegoaldera, eguzki pixka baten bila» erantzutea norbaitek. Hegoaldera. Baina ez Tuterara, Bardeetara, Erriberara edo Euskal Herriko hegoaldeko edozein txokotara. Oso ongi dakigu ze hegoaldetara. Al sur.
Euskaraldia bete-betean den honetan, hizkuntzarekin batera galtzen ari garen nazio ikuspegiaz gogoeta egin behar genuke. Akaso, gure lurraren mugak benetan finkatuta ez badauzkagu nekez lortuko dugulako hizkuntzarekiko atxikimendua, hau zuzenean lurrari lotzen ez dion gizarte batean. Eta hori ez du Euskaraldiak konpontzen.