Goierri mailan ibilbide luze eta emankorra izan duen talderik bada, Bries taldea da hori. 1968-69 urteen artean sortu zuten La Salleko fraideetan ikasten zuten bost gaztek. Herrietako jai eta festa aretoetan jotzen hasi eta erromeri talde ezaguna bilakatu zen urteekin. Jose Saez, Riki Vierbücher, Jose Ramon Elorza, Javi Zamarillo eta Felipe Manteca izan ziren lehen taldekideak. Beatles, The Moody Blues, Pink Floyd eta garaiko beste talde ezagun batzuen bertsioak jotzen hasi ziren. Aurreneko saioetan 1.000 eta 1.500 pezeta inguruan irabazten omen zuten, artean nobatoak zirelako. Denak ere musikari jantziak ziren, ordea, eta taldea zabalduz joan zen heinean, soinua eta fama ere indartuz joan ziren. Teklatuak eta haizezko instrumentuak sartu zituzten, eta eskenatokian 7-8 lagun izatera iritsi ziren. Javi Arbizu, Javi Larrea, Lander Zurdo edota Alfonso teklista batu zitzaizkien.
Pixkanaka euskal musikako errepertorioa gehituz joan ziren, abestien hiru laurden euskaraz izateraino. 80ko hamarkadan emanaldi gehien egiten zituzten erromeri taldeen artean zeuden. Mende laurdeneko ibilbidea egin eta Euskal Herriko makina bat plaza alaitu eta gero, 90eko hamarkadaren erdialdean utzi zuten, dantzaldien eta talde mota honen beherakada hasi zenean. Garai hartako zale askoren oroimenean bizirik jarraitzen dute, ordea.