Goierriko industria eta ekintzaile sarea suspertu eta etorkizuneko erronkak zehazteko Berrabiarazi proiektua jarri du martxan Goiekik Foru Aldundiarekin lankidetzan.
Ekainaren 23an onartu zituen Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak Gipuzkoako sare sozioekonomikoa eskualdeko ikuspegiaren bidez berraktibatzeko Berrabiarazi programaren diru-laguntzak emateko oinarriak. Deialdi horretara 825.000 euro bideratu ditu, eta onuradunak euskaldetako garapen agentziak izan dira, Goieki tartean. Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa inguruneko orduko diputatuak, Imanol Lasak, eskualde mailako estrategiak, gaitasunak eta dinamikak bultzatzeari eman zion garrantzia agerraldi hartan: «Eskualdeko jarduera ekonomikoari, enpleguari, dimentsio lehiakorrari eta kohesio sozialari eusteko helburua du proiektuak. Hau inoiz baino erronka handiagoa da pandemiak eragindako krisiaren aurrean».
Auto-hausnarketarako plataforma ireki bat ere martxan jarri dute denbora horretan Mondragon Unibertsitateak, Aldundiak eta eskualdeetako agentziek. Tresna horren helburua enpresa bakoitzaren egoeraren eta erronken jakitun izatea da. Izan ere, COVID-19 koronabirusak eragindako osasun krisiak ziurgabetasuna eta planifikatu ezina ekarri du lan mundura, eta enpresa industrialek eta pertsona ekintzaileek inoiz irudikatuko ez zuketen errealitate bati egin behar izan diote aurre.
Andoni Caballero, Goiekiko Industria arloa: «Enpresei lan lerro batzuk proposatzen dizkiegu, eta erronka eta arriskuei aurre egiteko erramintak bilatzen laguntzen diegu»
Maialen Sanchez, Goiekiko Ekintzailetza arloa: «Orain arte egon garen ekintzaileek harrera oso ona egin digute. Eskertuta daude oso haiengana gerturatu garelako»
Goiekiren lan taldea irailean hasi zen Berrabiarazi proiektuarekin eskualdean, bi arlotan bereizita: enpresa industrialak eta ekintzailetza. Prozesu honen lehen urratsa enpresak banan-banan bisitatu eta haien egoera ezagutzea izaten ari da, banakako ibilbide orri bat definitu ahal izateko. Behin hori eginda, enpresa bakoitzarekin harremanetan jarriko dira berriro Goiekiko teknikariak, bakoitzaren egoerarekiko duten ikuspuntu azaldu eta aurrera egiteko ikusten dituzten aukerak helaraziteko. Begirada zabalarekin jorratuko du prozesua Goiekik, epe motzeko egoera zail honi erantzuna emateaz gain, etorkizunei erronkak identifikatzeko bokazioa izango baitu. Hori da Berrabiarazi proiektuaren balio erantsia.
Hausnarketa eta jarraipen aktiboa
Goiekiko Industria arloko Andoni Caballero eta Ekintzailetzako Maialen Sanchez dira irailaz geroztik zeregin horretan ari diren bi teknikari. Biek ala biek «ziurgabetasuna» sumatzen dute enpresa industrial nahiz ekintzaileekin bi-hiru hilabeteotan izan dituzten harremanetan. «Enpresak kezkatuta daude. Orain arteko ekaitzari aurre egiteko kapazak izan dira, baina etorkizuna ez dute batere argi ikusten. Merkatua hankaz gora dago, enpresek beraien estrategiak alde batera utzi behar izan dituzte, eta industriaren geldialdiaren ondorioz erabaki zailak hartu dituzte gehienek». Caballerok adierazi du enpresekin egoten denean «kanpo ikuspegi bat» ematen diela, eguneroko «ilun» honetan zaila baita etorkizunari buruz hausnartzea. «Lan lerro batzuk proposatzen dizkiegu, eta ahal den heinean, identifikatzen ditugun erronka eta arrisku horiei aurre egiteko erramintak eta baliabideak bilatzen laguntzen diegu». Goiekik jarraipen aktiboa egingo die enpresei, lehiakorrak izaten jarrai dezaten, eta etorkizunari begira ahalik eta indartsuen egoteko.
Tankera bertsuakoa da ekintzaileek egoerari eta planifikazio ezinari buruz egiten duten irakurketa, baina aldeak egon badaude, Sanchezek zehaztu duenez «Orain arte egon garenek harrera oso ona egin digute, eta oso eskertuta daude haiengana gerturatu eta zer moduz dauden galdetzeagatik. Baina industrialekin alderatuz, bakardade sentimendua dute ekintzaileek, gehienak bakarrik daudelako haien negozioetan». Alarma egoera ezarri ondorengo «egun nahasiei» aurre egiteko, ekintzaileei «egiazko informazio zehatz eta ulergarria» emateko konpromisoa hartu zuten Goiekin.
Orain egiten ari diren errondan mezu argi bat helarazten die ekintzaileei. «Bai gizartea bai ohiturak aldatzen ari dira, eta negozioak behar berri horiei erantzuteko bideratuak egon behar dira. Jarrera irekia izatea ezinbestekoa da. Eta beti aholkatzen diegu etorkizunari begirako barne-lanketa bat egiteko, etor daitekeen aurrean prestatuta egoteko». Pandemia garaiotan ere «asko» izan dira ekintzailetza zerbitzura jo dutenak negozio ideia berriren batekin. «Ausartak eta kementsuak dira, eta jarrera hori izatea goraipatzekoa da».
Berrabiarazi
Goierri beheko arlo sozioekonomikoa suspertzea eta enpresen lehiakortasuna indartzea da Berrabiarazi proiektuaren helburu orokorra.
- Proiektuaren epeak. Irailean abiatu zen, eta 2021eko apirilera arte luzatuko da. Banan-banan enpresa guztiekin harremanetan jarriko da Goieki.
- Kontsultak egiteko bideak. Bide bide daude. Enpresa industrialek xabier.goieki@goierri.eus posta helbidera idatzi behar dute, eta ez direnek maialen.goieki@goierri.eus helbidera.