Angel Elortza • Ormaiztegi
XIX. mendearen amaieratik XX. erdialdera bitartean, Ormaiztegiko baserrietatik hasi eta hiriguneko etxeetaraino, negozio txikiak, tailerrak, tabernak, dendak eta ostatuak muntatzea ohikoa izan zen.
Horien artean daude Bainuetxea, Berjaldegi, Oñatibia, Maiora, Maura, Ugarkalde Berjaldegi txikia eta Lapatza Txikia etxeak; azken hiru horiek Irizar eta Azurmendi lantegien sorrerakoak dira. Lapatza Txikia etxea horietako adibide bat da. XIX. mendeko erdialdean eraikia, errota eta ogia egosteko labea izan zuen, baita ere txokolate eta gozoki denda.
1882an Serapio Mujika artxibozain eta historialari ospetsuak errota erosi eta bertan La Privilegiada izeneko txikori fabrika sortu zuen. 1904. urtera arte iraun zuen negozioak. Lapatza Txikian gainera energia elektrikoa ere ekoizten zuten (1 ZPko indarra zuen ur jauziak) eta 1915. urtean beste industri jarduera bat kokatu zen etxean: Federico Arbildiren aroztegia Arbildi y Cia izenarekin. 1918an Juan Azurmendi zegamarra bazkide bezala hartu ondoren, honek Lapatza Txikia eskuratu eta Patricio Etxeberria industria gizon legazpiarraren laguntzarekin ferra fabrika montatu zuen.
Horrela, Juan Azurmendi hasi zenean, aroztegi hura forja eta estanpazio eta behientzako eta zaldientzako ferra lantegi bilakatu zen, zazpi langilerekin (patroiak ere langile bezala egiten zuen lan). Herriko beste enpresa batzuetan gertatu zuen moduan, 36ko gerraren garaian emakumezko ugari hasi ziren fabrika horretan lanean gerrara joandako gizonezkoen hutsuneak betetzeko.
Modernitatearen alde
1950. urtean haren seme Joxe Azurmendik hartu zuen enpresaren zuzendaritza. Modernitatearen alde egin zuen apustu Joxek, pabiloi berria eraiki, eta labe elektrikoak eta makinari berria muntatuz, laminazio saila gehitu zion negozioari. 80ko hamarkadan altzairu sektorearen birmoldaketarekin Europatik burdinari eta altzairuari ezarritako murrizketen ondorioz, enpresa emankorra izateari utzi zion, eta 1988an laminazioa itxi eta 1993arte iraun zuen ferraren ekoizpenak.
Handik pixka batera , Joxeren bi semek, Imanolek eta Iñigok, berriro ireki zuten ferra fabrika zaharra, nahiz dedikazio arazo batzuk zirela medio, atzera egin zuten ahalegin horretan. Horren ondotik, Ormaiztegiko makineria eta lanabesak hartuta, behientzako ferra tailer bat prestatu zuten Bizkaian. 2000. urtean eraitsi zituzten pabiloi guztiak, lur sailetan etxebizitza berriak eraikitzeko; Lapatza Txikia etxea bakarrik mantendu zuten.
Gaur egun hotela
Urte luzez itxita egon ondoren, Marcos Chamadoira eta Carolina Panadero senar-emazteek etxea erosi eta erabat berriztatu ondoren, 11 logelako hotela bihurtu zuten. 2018. urtean ireki zuten negozioa, Hotel Petit Goierri izenarekin. Aurten hil da Joxe Azurmendi, abuztuaren 13an, 95 urterekin.