Imanol Mercero • Haur eta Gazte Literatura teknikaria
Goierritarren artean badira makina bat artista, gure eskualdea eta gure kultura mapan jartzen ari direnak. Horietako bat Patxi Zubizarreta da (Ordizia, 1964), euskal idazle nekaezin eta miretsia.
Bere izena daraman edozein liburu da gomendagarri; denak ez dira hemen kabitzen, eta harribitxietako batzuk aipatuko ditut. Artean hasiberri zela Baporea saria irabazi zuen 1948ko uda narrazioarekin, memoria historikoa edota identitate eraikuntzaz mintzatzen zaiguna, oraina eta diktadura-aldia bi planotan darabilela. Garai berekoa da Beroki gorria deitzen dena, Frankismotik ihesi Brightonera joan ziren haurren kronika. Bilduma bat badu, Euskal Herrira etorri den neskato beltz adoptatu batenak kontatzen dituena, Usoa deitzen dena. Migrazioan segitzen du Eztia eta ozpina erabatekoan, migratzaile batenak hiru plano narratiboetan kontatzen Bidasoa izanik tentsio leku. Eta Jaizkibelpean gertatzen da Markos kantinera aldarrikatzailea, iniziazio grina partekatzen duena Xia Tenzinen bidaia miresgarria sarituarekin. Bestalde, euskal kulturari oparitutako bildumak dira Atxiki sekretua: sorginaren eskuliburua eta Urrezko giltza, biak ere tradiziotik hartutako testuekin egindako berridazketak, azken hau diskoduna. Orain Aralar oinarri duen Garalar-maralar bildumarekin ari zaigu…
Bizitzaren muinean, jada obra mardularen sinatzaile dugu, batik bat haur eta gazte literaturan.
Ezaguna da ordiziarraren sentsibilitatea, bai gure kulturarekiko, bai inguruko herrietakoekiko ere, arabiarra bereziki. Nire ustez humanista peto baten emaitza da, bere obra osoan zehar darion ongi-nahiak adierazten duen legez.