Tomas Bosquek (Ordizia, 1963) zerbait egitea erabakitzen duenean, buru-belarri heltzen dio. Edari banaketaren munduan arrebari laguntzeko hasi zen, eta ardotan aditu egin zen. Gaur egun ardo dastaketak antolatzen ditu.‘El Catador de Venenos’ klubaren sortzailea da eta Bergarako Manso enpresarentzat lan egiten du.
Nolatan hasi zinen ardo munduan?
Ez nintzen batere zalea. Arreba edari banaketa munduan hasi zen, bere senarra zenarekin. Koinatua Keler garagardoa banatzen zuen enpresa txiki batean lan egiten hasi zen. Jabea hilzorian zegoenean, familiak negozioa hartzea eskaini zien. Arreba eta koinatua banandu zirenean, arreba negozioarekin gelditu zen. Bakarrik zegoenez, aita eta biok laguntzen hasi ginen. Garai hartan bizikletan ibiltzen nintzen, baina arrebarekin buru-belarri hasi nintzenean, bizikletan ibiltzeari utzi nion.
Arrebari laguntzeaz gain, Telefonican lan egiten zenuen.
15:00ak arte Telefonican lan egiten nuen eta arratsaldean arrebarekin. Lan moldea aldatu behar genuela konturatu nintzen. Guk garagardoa bakarrik saltzen genuen eta gainontzeko banatzaileek gauza gehiago saltzen zituzten. Ni 50 kiloko barrikekin joaten nintzen taberna guztietara. Gainontzeko banatzaileak sei botilako kaxatxoekin joaten ziren eta guk baino gehiago fakturatzen zuten! Arrebak ardo mundua zaila izango zela esan zidan, eta nik, zaila bazen, ikasi egin beharko genukeela erantzun nion. Ez nengoen bizitza guztian sekulako pisuarekin ibiltzeko prest.
Asko kosta al zitzaizuen ardo munduan sartzea?
Ez zen erraza izan. Ardo saltzaileek beraien bezeroak zituzten, eta Euskal Herrian fideltasunari garrantzi handia ematen diogu. Denek ardoa beste bati erosten ziotela esaten zidaten. Nire emazteak behin baino gehiagotan gogorarazi dit behin negarrez ikusi ninduela: Medrano Irazu upategiaren kaxa batzuk erosi nituen eta ez nuen saltzea lortu.
Nola eman zenion buelta?
Goierrin gabezia bat zegoen: Errioxako ardo ezagunak bakarrik saltzen ziren. Iban Mate sukaldariak ardo berezi bat nahi zuen bakoitzean kanpora joan behar zela edo Donostiako banatzailea etorri arte itxaron behar zuela esaten zidan. Hor aukera bat nuela aipatzen zuen. Baina nik ez nekien ezer ardoaz! Ordura arte Isostar edaten nuen! Matek eta Joxe Mari Letek asko lagundu zidaten. Hala, Basoa ardo berezien banatzailea izatea lortu genuen. Errioxako ardoa bagenuen, baina baita Lanzarotekoa, Yeclakoa, Andaluziakoa, Jumillakoa, Madrilgoa, Torokoa… Ostalariek Errioxako ardoa betiko banatzaileari erosten zioten eta guk beraien karta osatzen genuen, beste ardo batzuekin. Urte haietan asko mugitu nintzen: upategi askotara joan nintzen, Bartzelonako Alimentaria feriara joaten nintzen, Bordelekora.. Hemen gelditzen bazara, hemengoa bakarrik ikusten duzu. Upategietako arduradunei Goierriko banatzaile txiki bat ginela esaten genien, Donostiako banatzaileak ez zirela Goierrira iristen, Goierrin ere banatzaile bat behar zutela… Pixkanaka hazten joan ginen eta Tolosatik Zumarragaraino lan egiten genuen.
Garagardoarekin jarraitzen al zenuten?
Bai, baina Keler Cruzcampok erosi zuen eta Cruzcampo Heinekenek. Heineken enpresak Espainiako estatuko merkatuaren erdia baino gehiago zuen eta marka batzuk saltzera behartu zioten. Saldu zuenetako bat Keler zen, eta gu Heineken saltzera pasa ginen. Gogorra izan zen, Kelerrekin indar handia baikenuen: hemen egiten da, hemengo izaerari lotua dago… Dena den, ordurako oso argi nuen gure mahaiak hanka asko behar zituela. Hanka bakarra badu, hanka horrek kale egiten duenean, mahaia erori egiten da. Azkenean, denetik saltzen genuen: garagardoa, ardoa, likoreak, urdaiazpikoa… Gainera, ezagunak egin ginen: feriak antolatzen genituen, Ordiziako azokan ardo postua jartzen genuen… Ardoaren munduak engantxatu egin ninduen.
Ez dago inongo zalantzarik. ‘El Catador de Venenos’ kluba sortu zenuen, dastaketak antolatzen dituzu…
Lan gehiegi nuen, eta Basoa edari banaketa enpresa uztea erabaki nuen. Baina ardo mundua uzteak pena ematen zidan. Izan ere, lagun asko egin nituen. Hala, dastaketak antolatzea erabaki nuen. Jende askok El Catador de Venenos izena nondik atera nuen galdetzen dit.
Nondik atera zenuen?
Denek klub hitza erabiltzen zuten eta nik izen originalagoa jarri nahi nion. El Catador de Venenos –Pozoinen dastatzailea– pelikula japoniarraren berri izan nuen eta izen hori erabiltzea erabaki nuen.
Zer eskaintzen duzue klubean?
Klub hau sortu aurretik beste klub batzuetako kide izan nintzen, eta gehienek hilero ardoa erostea eskatzen zuten. Jendeari hori ez zaio gustatzen. Hori dela eta, gure klubean ez da derrigorrezkoa ardoa erostea. Bazkideei datuak eskatzen dizkiegu informazioa bidaltzeko, baina ez ditugu ardoa erostera behartzen. Hilean behin dastaketa bat egiten dugu. Gehienak Goierrin egin ditugu. D’elikatuzen asko egin ditugu, Ordiziako Udalarekin hitzarmen bat sinatu baikenuen. Guk laguntza eskaintzen diegu eta beraiek lokala uzten digute. Dolarea hoteleko terrazan ere dastaketa asko egin ditugu.
Ardo mundua asko aldatu da, ala?
Ardoa modan jarri zen eta modan jarraitzen du. Ni beti dastaketa sinpleak egiten saiatu naiz, ez oso teknikoak. Helburua jendeak ondo pasatzea da, ardoa nola egiten den ezagutzea… . Gure eskutik, jendeak ardoa egiteko modu ezberdinak ezagutu ditu: toki bakoitzeko ohiturak, mahasgintza ekologikoa, mahasgintza biodinamikoa… Mahastizainak ekartzea gustatzen zait, mahastia baita garrantzitsuena. Edo bestela, enologoa. Sukaldaria, alegia.
«Arrebak ardo mundua zaila izango zela esan zidan eta nik zaila bazen ikasi egin beharko genuela erantzun nion»
«Goierrin gabezia bat zegoen: Errioxako ardo ezagunak bakarrik saltzen ziren»
«Ardo sendoekin ez dugula horrenbeste gozatzen ikusi dugu eta egun edateko errazagoak diren ardoak egiten dira»
Gogorra al da dastaketa bat antolatzea?
Ardo dastaketen atzean sekulako lana dago, ez baitzait jatorri izendapena errepikatzea gustatzen. Australiako, Frantziako, Hegoafrikako… ardoak dastatu ditugu. Frantziarrak gure oso aurretik doaz. Batzuk asko eskertzen didate mundu osoko ardoak dastatzeko aukera ematea. Kontua gozatzea eta ikastea da. Ardoa maite baduzu, ezin duzu Errioxako ardoa bakarrik edan. Mundu osoan daude upategi onak. Errioxako ardoari ondo etorri zaio ingurukoek hobetzea. Izan ere, Errioxako upategi batzuk lokartuta zeuden.
Zer dela eta erakarri zintuen horrenbeste ardo munduak?
Ardoak beti gehiago eskatzen dizu. Ardo mundua ezagutzen zoazen heinean, oso gutxi dakizula konturatzen zara. Gehiago ikasi nahi duzu, zuk baino gehiago dakien jendearekin elkartzen zara, jende horren eskutik beste mundu batzuetan sartzen zara… Jerezeko ardoaren munduan, adibidez. Oso mundu interesgarria da. Iban Mate sukaldari beasaindarrak nik ere ardo beltza edateari utzi eta Jerezkoa edango nuela esan zidan. Jerezko ardoa ez zitzaidala gustatzen esan nion, baina dagoeneko gustatzen zait.
Ardo munduan ere modak al daude?
Modak aldatu egiten dira. Ardo mundua moda mundua bezalakoa da: pasarelan erakusten duten arropa ikusten dugunean, «nola jantziko dugu hori?» pentsatzen dugu. Hori ez duzu jantziko, baina antzerako zerbait bai. Diseinatzaileek hemendik urte batzuetara jantziko duguna diseinatzen dute, eta ardoarekin berdin gertatzen da. Garai batean Robert Parkerrek esaten zuen zer zen ardo on bat. Ardoa sendoa izan behar zela esaten zuen eta denok bere atzetik joaten ginen. Bi lagunen artean ez genuen botila bat edaten. Egun, ardo horiekin ez dugula horrenbeste gozatzen ikusi dugu. Lehiaketa baterako oso politak dira, baina egunerokorako ez dute balio. Hala, egun edateko errazagoak diren ardoak edaten dira.
Pandemiak kalte handia egin dio zuen munduari ere.
Bai. Gainera, berriro ere ostalaritza munduan nago. Denbora librea nuen eta Iñigo Mansok Goierrin bere ardoak salduko zituen norbait behar zuen. Autonomoa naiz eta lehen baino lasaiago eta presiorik gabe lan egiten dut. Niri gustatzen zaizkidan ardoak bakarrik saltzen ditut eta benetako interesa dutenei bakarrik saltzen dizkiet. Egungo egoeran ostalaritza asko ari da sufritzen. Seguru aski beharrezkoa izango zen ostalaritza ixtea, baina ez taberna eta jatetxeetan segurtasun eza zegoelako, baizik eta tabernak eta jatetxeak ixten badituzu kaleak husten dituzulako. Horrek ostalaritzak herriari bizia ematen diola esan nahi du. Laguntzak heltzea espero dut. Dastaketak ere geldituta ditugu. Ez dugu arriskatu nahi. Hau guztia pasa arte ez dugu dastaketarik egingo. Interneten dastaketa birtualak jarri ditut.
Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiako kidea ere bazara.
Sevillan, Alacanten, Bartzelonan, Bordelen… dastaketak antolatu ditugu. Norbait behar zuten dastaketak antolatzeko eta ni arduratzen naiz. Gazta nola egiten den azaltzen dugu, Ordiziaren berri ematen dugu, artzainen bizimodua defendatzen dugu…
Futbolari eta txirrindulari bikaina izan omen zinen…
Gaztetan futbolean jokatu nuen, Ordizian eta Beasainen. Kuadrillako batzuk ez didate barkatzen. Aurrelaria nintzen. Hankekin ez nintzen oso ona, baina buruarekin bai. Garai hartan denok Satrustegi imitatzen saiatzen ginen. Jokatzeari utzi nionean, entrenatzaile izan nintzen. Ordiziako haur mailako taldearekin hasi nintzen eta haur horiekin lehen talderaino iritsi nintzen. Bizikletan ere ibili nintzen. Lehenengo egunean Amezketara joan nintzen eta sekulako ipurdi minarekin itzuli nintzen. Ez nuela bizikleta gehiago hartuko esan nuen. Egunean 100 kilometro egiten eta Aitor Garmendiarekin eta Jokin Mujikarekin batera ibiltzen bukatu nuen. Zortzi aldiz egin nuen Quebrantahuesos famatua. Zerbait egitea erabakitzen dudanean, ondo egitea gustatzen zait.
Telefonicatik upategietara
Tomas Bosque Maria Pilar Otegi itsasondoarraren eta Miguel Bosque urretxuarraren semea da. Ordiziako ikastolan egin zituen oinarrizko ikasketak. Aitak Telefonican lan egiten zuen eta berari ere elektronika eta halakoak asko gustatzen zitzaizkion. «Goierri Eskolan elektronika ikasketarik ez zegoenez, Zumarragako La Salle-Legazpira joan nintzen. Gozatu egin nuen. Nire asmoa hura bukatu, Telefonican sartu eta aitaren pausoak jarraitzea zen. Aitak ez zuen nahi. Ikasten jarraitzea nahi zuen. Izan ere, garai hartan Telefonica estatu espainiarrarena zen eta enpresa pribatuan askoz ere gehiago irabazten zen. Aitak ingeniaritza ikasten banuen enpresa batean kolokatuko ninduela esaten zidan, baina ez nion kasurik egin».
Telefonicako lana oso gustuko zuen Bosquek. «Izan ere, umetatik etxean hori bizi izan nuen: furgonetarekin etxeetara joan eta konponketak egin. Uda askotan aitarekin joaten nintzen lanera. 18 urterekin hasi nintzen Telefonican», oroitu du.
Duela lau urte utzi zion Telefonican lan egiteari. «53 urterekin etxera joateko zortea eduki genuen, soldata murriztuta. Egia da ere hasieran, CAFen, Aristrainen, Jason… lan egiten zuten lagunek nik baino gehiago irabazten zutela. Baina, tira, Telefonican gustura nengoen. Gainera, lanean hasi eta urte batzuetara Goierriko arduradun plaza atera zen eta kargu horretan egon nintzen erretiratu nintzen arte». Orain pozoin dastatzaile lanetan aritzen da.