Nire lagun batek dio «S’ha de promoure lo de la terra», eta horretara nator, bertakoa sustatzera. Euskaldunek euskaraz egindako kalitatezko telesailek amets hutsa dirudite oraindik ere, eta amets garestia dela diote gainera. Baina ez al dugu merezi?
Aspaldian EITBk Go!azen besterik ez du egin, badakielako gaztetxoen artean arrakasta lortuko duela eta diru iturri bezala erabil dezakeela. Euskara gazteen artean presente egotea eta euskal musika erdigune izatea lorpena dela onartu behar da; baina, beste entretenimendu mota bat bilatzen dugunok ez dugu gauza handirik. Sketchak asko jota, baina batzuk arrazistak dira eta beste batzuk aldiz errepikakorrak.
Egoera aldatzen hasi dela dirudi ordea: besteak beste, joan den hilabetean Koldo Almandozen Hondar Ahoak iritsi zen pantailetara. Txintxua Films-ek ametsa dastatzeko aukera eman zigun Basque noir etiketa duen fikzio labur honekin.
Telesailak plano ederrak ditu; istorioak ez ezik, irudiek ere harrapatu egingo zaituzte. Horrez gain, aipagarria da Omar Diop, Fanta Touty Diatta eta Ibou Sarr-en lana, esperientziarik gabeko aktoreak badira ere, oso lan ona egin baitute. Gainera, wolofaren erabilerak aberastu egiten ditu elkarrizketa asko. Senegalgo hizkuntza honez gain, gaztelera ere euskaraz azpititulatuta dago.
Aurrekontua oso txikia izan arren lan bikaina egitea lortu dute, eta argi geratu da aurrekontu dezente batekin mundua irensteko gai izango direla euskal sortzaileak. Bertako telesailgintzan apustu egiteko garaia dela erakutsi dute, horrela euskaldunok merezi dugun fikzioaz gozatu ahal izateko, ametsari errealitate deitzeko.