Laztanak, muinak, patxoak… Musukoak soberan eta muxuak faltan. Distantzia soziala, pandemia, gobernuak hartutako neurriak eta gizartearen jarrera biriketan baina kalte gehiago egiten ari da bihotzetan. Txertoa ikertzen ari direnak bezain beharrezkoak izango ditugu aurrerantzean bihotzen sendagileak. Apurtuta eta hotzak gelditu diren bihotzei bizia, indarra eta kolorea emango dieten sendagileak. Hartutako neurri eta gaitzaren beldurra hezurretaraino sartu diguten honetan zentzumenetan gabezia handiak nabarmentzen ari naiz nire gorputzean. Ezin dastatu nahi ditudanaren muxu goxoak, ezta eman eta jasotzea hain gogoko ditudan laztanak ere. Zer esanik ez, usaimenean ere, kalteak. Belarri atzetik hasi eta beheraka jaitsiz azalaren leuntasuna ezin usaintzean. Mota guztietako muxuak botatzen ditut faltan, lagunekin elkartu eta ematen direnak, ezpain gorridun muxuak, tabernako ilunpean emandakoak, gure gorputzean jolasean, nahieran dabiltzan muxuak, astiro eta amorruz emandakoak, inork ikusi ezin dituen muxuak…
Soinu ozenak entzutera ohitu gara, oihuetara, musukoak gainditu behar dituzten ahots eta hitzetara. Baina belarrira esandako kontutxoak, baxu-baxuan, arnas hotsen arteko hitzak entzuteko ahalmena gurekin ote dugu oraindik? Goxotasuna galtzen ari gara eta asko arduratzen nau horrek. Amona beldurtuta bilobaren muxua jasotzeko. Biloba errespetuz, amonarengana asko hurbildu gabe. Zer gertatzen ote da gabeko laztan eta muxuekin? Denborarekin bezala pentsatzen dut, badoazela. «Ederrak dira muxu eta igurtzi, gaur egin litekeenik biharko ez utzi» zioen abesti batek. Beraz, hitzeman, ez utzi laztanik egiteke. Gaiztoak izan eta on egin.