Maixabel Telleria Lezeta • Segura
Bai, aurten, abenduaren 6an San Nikolasi ezkutuan egotea tokatzen zaio Seguran. Ez da lehen aldia.
Gure ume garaian ere, armario handi batean txoko-txokoan egoten zen ezkutuan, izara zuri batekin estalita. Guretzako San Nikolas hura zen. Ez zegoen ukitu eta ikusterik ere. Nola ba! Kristalezkoa balitz bezala gordetzen zuen gure amak –Ramona Lezetak– San Nikolasen arropa.
Eskuera zintzilikatuta han egoten ziren neguko abrigoak, mutilen txaketak eta prakak. Soinekoren bat edo…. Zoruan, handitik txikira denon oinetakoak. Jaietakoak. Bazter baten amaren ezkontzako takoidun zapatak (behin ere jantzita ikusi ez nizkionak).
Urtean behin ateratzen zen izarapetik denon gozagarri zen San Nikolasen jantzia. Botoiak sendo zeuden begiratu, plantxatu on bat eman, eta kalejirarako prestatzeko. Ordurako begiz jota izango zuen amak auzoko mutikoren bat, etxean behar zen neurrikorik ez bazen behintzat. Seme-alaba dexente izaten ziren orduan eta ez zen ez ume faltarik izango. Hori bai mutikoa behar zuen izan. Eskerrak garaiak aldatu diren, aspalditxotik neskak ere janzten baitira San Nikolas.
Etxez etxe meza-diru eskean
Garai batean, bezperan, eskolatik irtendakoan, jantzi behar zuen mutikoa eta bere lagunak, hurrengo eguneko meza-diru eske joaten ziren etxez-etxe.
Meza kontuak ere aldatu dira, izan ere orain urte batzuk, aukeratutako San Nikolas bataiatu gabea zela eta, ez zitzaion elizako aterik ireki. Ordutik arbolarian elkartuta abiatzen da eskea.
Garai hartan, «San Nicolas coronado confesore muy honrado… abesten zen. Ale ale alegría…… si nos dan no nos dan cuatro pollos aquí están… Eta batzuk cuatro pollos sacristan» esaten zuten, eta gu sakristauenekoak…
Zaldi gainean
Ezagutu ez genuena, guretzako benetan ezkutuan geratu dena, ez denontzat seguro asko, abenduaren 6an Pernando ospitalekoak zaldia zepillatuta edukitzen zuenekoa da. Amaren osabak Ameriketatik ekarritako albarda dotoreak jarri, San Nikolas bere gainean eseri eta eskean aritzen zirenekoa da. Baina 1940. urte inguruan zaldia aztoratu, San Nikolas lurrera bota, (argazkiko Julian Arrondo), beste neska-mutiko batzuk zapaldu eta han bukatu omen zen Pernando eta bere zaldiaren irteera.
Azken urteetan halare, berriro hasi da San Nikolas zaldi gainean irteten. Dotore gainera, bere albarda berri eta guzti.
1970ean ere ez zen atera
Aurten ordea ezkutuan geratuko da gure San Nikolas. Ez da lehenengo aldia izango ordea. 1970. urtean behintzat ez baitzen atera. Burgosko epaiketa zela eta, «eszepzio» (salbuespen) egoeran geundelako ez zegoen festarako ilusio handirik, eta ez zen San Nikolas egunik ospatu. Joseba Telleria zen urte hartan aukeratuta zegoena.
Aurten bost urte dituzuen neska-mutikoak, erne! Gogoan izan, hurrengo urtean aurreneko mailakoak izango zaretela eta zuek izango duzuela San Nikolas janzteko aukera. Ez ahaztu.