
Asier Osinalde, Baztarrikako artegian, azaroaren 21etik aurrera jaiotako arkumeekin. Gabonetarako dauden guztiak izendatu dituzte.
Zuzeneko salmentarekin ari diren artzainei erabat irauli die produktuak merkaturatzeko modua osasun krisialdiak. Aukera gehiago probatzen ari dira, bezeroengana iristeko.
Baserriko jardueran ekoizpen-ziklo osoa nekazariak egin beharra daukala ez da kontu berria. Lehengaia bildu, prozesatu, produktua ekoitzi, saldu, eta guztiaren kudeaketa eta administrazioa eraman. Orain, COVID-19aren neurriek lehen gutxi-asko balio zuten moldeak hautsi dituzten honetan, merkatu azterketak eta merkaturatze sistema berriak erantsi dizkiote lan-zerrendari. Aspaldiko ideiei bultzada eman ere bai, zenbaitetan.
Zeraingo Garoa gaztandegian, etxetik saldu izan dute betidanik gazta. «Jendea mugitzeko arazoa sortu zenean, gazta geu hasi ginen eramaten. Jauzi hori orain eman dugu, martxoan hasi zen konfinamenduan. Aldatu egin da lan egiteko eta saltzeko modua, hori egia da. Jendea etxera etortzen ohituta geunden», azaldu du Martina Urbiztondok.
Martina Urbiztondo, Garoa gaztandegia (Zerain): «Aldatu egin da lanerako eta saltzeko modua. Jendea etxera etortzen ohituta geunden. Noski, eskertzen da etortzea»
Banaketa gehitu behar izan diote etxeko negozioari, eta esperientzia baliagarria suertatu zaie. «Gu joateak, azkenean, denbora gehiago hartzen du, eta etxetik atera behar zara. Baina zerbait egin beharra dago, ezin zara geldirik egon». Martxoko itxialdian, hala ere, gehiago ibili ziren; orain, ahal duten bezeroak etxera joaten hasi zaizkie. «Eskertzen da etxera etortzea».
Guneka antolatu dute banaketa, eta eskari sorta bat jasotakoan joaten dira. Azokarik ez dute egiten. «Ikusiko da aurrerantzean nola funtziona dezakegun, baina modu berriak aurkitu behar».

Olaberriko Abaroa gaztandegian, Santi Etxezarretak eta sendiak gazta saltzeko jarritako makina automatikoa.
Lehenagotik buruan «bueltaka» zerabilten sistema bat ezartzeko balio izan die Olaberriko Abaroakoei 2020ko krisialdiak. Artegiaren kanpoaldean, etxola baten aterpean, gazta saltzeko makina automatikoa jarri dute. «Oso ondo joan zaigu», dio Santi Etxezarretak. «Lehendik nenbilen ideia honekin. Udan mendian egoten gara, eta jende dezentek deitzen zigun telefonoz, gazta eske. Eskaria hartu, menditik jaitsi, eroslearekin non edo han geratu… Buruhauste handia zen. Aurtengo egoerak bultzatu gaitu makina automatikoa etxean jartzera. Horrela, jendea nahi duenean etortzen da, erosten du eta zerbitzua aseta geratzen da».
Pasoko lekuan dago Abaroa, egon ere. Beasaindik edo Lazkaotik igota, jende asko ibiltzen da oinez. «Konfinamenduan handitu egin zen jendearen emana, eta askoz gehiago ibiltzen da orain. Sekula baino jende gehiago dabil, eta salmenta automatikorako ondo etorri da. Paseoan dabilenak erosten du, eta bideari segitzen dio».
Santi Etxezarreta, Abaroa gaztandegia (Olaberria): «Sekula baino jende gehiago dabil oinez, eta salmenta automatikorako ondo etorri da. Paseoan dabilenak erosten du»
Ekoizten dituzten gazta mota eta neurri guztiak daude, aukeran: gazta laurdenak, erdiak edo osoak; naturalak edo ketuak. Nahi denaren kodea teklatxoetan sakatu, txartelarekin ordaindu –esku-dirurik ez du onartzen makinak–, eta kafe egin berria bailitzan, eskaria prest.
«Aurtengo kanpaina salbatu dugu. Datorren urteak sortzen digu orain beldur gehiago. Baina orduan ere zerbait izango da», bukatu du Etxezarretak.
Arkume haragia etxetik Gabirian
Baztarrika gaztandegian, produktu bat gehiago erantsi diote katalogoari: arkume haragia. Bertako arkumea Euskal Herritik kanpora nola zihoan ikusita, eta kanpokoa sartzen ari zirela hona ezin onartuta, arkumea merkaturatzeko aspaldiko ideia gauzatu dute.
Asier Osinalde, Baztarrika artegia: (Gabiria)«Arkume haragia, daukagunean salduko dugu, itxaron-zerrendaren arabera. Kalitatean egin dezakegu guk borroka»
Hasieran, haragia zatikatzeko aretoa zeukaten buruan, baina azkenean harategi klaseko lizentzia lortu dute; hiltegian hil ondoren, etxean prestatuko dute okela. «Gutxienez arkume erdiak salduko ditugu; erdikak edo osoak eros daitezke», dio Asier Osinaldek.
Arkumea jaiotzen den denboraldian eskainiko dute, ez baitiete izozten utzi. «Guretzat egundoko faena da, udan izugarrizko tiradizoa daukalako arkume haragiak, barbakoan-eta egiteko». Eskaera ere badute. Udaberriko konfinamenduan, herrian bertan saldu zituzten arkume guztiak. Orain, itxaron-zerrenda daukate; «daukagunean salduko ditugu, zerrendaren arabera».
Gabonetarako, adibidez, dauzkaten arkume denak enplegatuta daude. Errege ondoren hasiko zaizkie berriro jaiotzen, eta urtarrilaren bukaeran izango dira saltzeko moduan. Ondoren, astero jaioko dira banaka batzuk, eta apirilera arte egongo da arkumea.
«Kalitatean da guk borroka egin dezakegun arlo bakarra», dio Osinaldek. Eta ideiak egosten eta probatzen.