Azken pandemia-dekretuak entseguak egitea eta taldean dantzatzea debekatu du. Bakarka edota familian dantzatzea geratzen zaigu, baina ibili motzeko irtenbidea denez, espero dezagun egoerak luze ez jotzea.
Batez ere, gero eta gehiago direnean dantzatzearen osasun-onurak nabarmentzen dituzten ikerketak eta azterlanak. Izan ere, espioi-filmetako izenak diruditen txerto magiko salbatzaileen zain gauden bitartean, askok eta askok pentsatzen dute sistema osoa daukagula gaixo, eta txertoaz gain, osasunbide onenak ongi arnastea, ongi elikatzea, gozatuz ariketa fisikoa egitea, komunitate sendo bat izatea eta afektu sare sendo bat osatzea direla. Horietan guztietan laguntzen digu dantzatzeak, taldean eta lagunartean, bestelako hainbat giza-adierazpiderekin batera.
Pandemia-larrialdietarako aditu batzordeetan ba omen daude mikrobiologoak, osasunlogoak eta agintologoak, baina pasa den udako Ez-festa efektuaren ondorioak ikusi eta gero, behar bada pentsatu beharko genuke batzorde horietan ere ondo letozkeela festologoak, tabernologoak, kirologoak eta dantzologoak. Debekuek nahi ez ditugun ondorioak ekar ez ditzaten.
Espero dezagun, bada, egoera honek ez luze irautea, bestela Albert Garcia dantzariaren antzekoak ikusten hasiko gara, udaberriko konfinamenduan etxean leku egokirik ez, eta zakarra ateratzeko ekintza bera koreografiatu eta dantza bihurtu zuen morroiarena (ekimena ikusteko bilatu ‘BBC news Albert Garcia’ Interneten).
Espero dezagun Ez-dantza honek luze ez jotzea, bestela Zakar-dantzak izan beharko dute gure errepertorioko hurrengo piezak!