Ekitaldi berezia eta aginteak debekatua egin zuten Beneditarren ikastetxean: ikurrinari zina. Atotxan atera baino 9 urte lehenago.
Frankismoaren eraginpean artean, 1976ko abenduaren 5ean Atotxa zelaira ikurrina atera zuteneko irudia herriaren oroimenean iltzatu zen. Bederatzi urte lehenago, frankismoaren debekuak eta jazarpena gogorragoak zirenean, Lazkaoko Beneditarren ikastetxean ekitaldi bat egin zuten ikurrinarekin. Eustakio Mendizabal Txikia eta Juan Joxe Agirre izan ziren orduko Kortabarria eta Iribar.
Ikurrina postu ohoragarrian jarriko zuen ekitaldia egin zuten, 1967ko udaberrian, Lazkaoko beneditarren ikastetxe barruko jolastokietan. Ikasturte bukaerako festa egin ohi zuten. Futbol partida bat jokatzeko ohitura zeukaten, barnetegian bizi ziren ikasleak kanpoan bizi zirenen aurka.
Partidaren ondoren, ikurrinari zina egin zioten. Eustakio Mendizabalek ideiatu zuen, eta antzerkitxo bat prestatu zuen, mutikoek euskal banderari muin emanez amaitzeko. Ikurrina-dantza ere egin zuten.
Ikurrina jostea, lehen lana
Eskolako frontoian egin zuten antzerkia eta ikurrinaren zina. Ikastetxean batxilerrean zebiltzan Lazkaoko mutikoak dantzari bizkaitarrez jantzi ziren, eta Juan Joxe Agirre zuzendaria blusa eta txapela belztun baserritarrez. Agirrek eraman zuen ikurrina, handi samarra zen eta; baita dantzarien gainean bueltak eman ere. Txikia beneditar komentutik ateratako urtea zen. Agirre zuzendariaren laguntzaile aritu zen, ikastetxeko zereginetan; euskarazko klaseak hark ematen zituen, nahiz ikasketa ofizialetatik kanpo egon.
Ikurrina ere ez zen nolanahikoa. Beneditarren komentuaren parean zegoen Santi Auzmendiren jostundegian josi zieten. Gaur Ziklos Lazkao dagoeneko aldamenean zegoen denda, eta Donostiara eraman zuen gero. Larrañaga laguntzaileak egin zuen ikurrina, Agirrek emandako hiru koloredun oihalekin.
Urtezahar hartan, Txikiak ikurrina jarri zuen komentuko teilatuan.