Iñaki Dorronsoro Plazaola • Erretiratu aktiboa
COVID-19ak astindutako garai hauetan, oso adierazgarria iruditu zait, turismoa, hegazkingintza zibila eta berotegi-efektu gas isurketen arteko dinamika. Aireko garraioa, COVID-19a zabaltzeko bektore nagusia izateak, eta aldi berean, pandemiak gehien eragindako aktibitatea izateak oso argi irudikatzen du. Duela gutxi arte turismoaren hazkunde zoroak bultzatuta, krisi sanitario, ekonomiko, sozial eta ingurumen krisiaren elkargunean aurkitzen da.
Datu batzuk bakarrik. Munduko flota 1986an 9.700 hegazkin izatetik 2018an 30.000 izatera iritsi zen. Aireko zirkulazioaren hazkunde zentzugabea 2018an 4.300 milioi bidaiari izatera iritsi zen. Horietatik % 60 inguru turistak, 1974an %30 inguru besterik ez zirenean. Frantzian, adibidez, orokorrean, 1990etik gas isurketak %19 gutxitu direnean, hegazkinenak bikoiztu egin dira. Birusak hegazkinak lurreratu eta aktibitatea erdira jaitsi du munduan. Espainianren kasuan turismoa %73 jaitsi da urteko lehen zortzi hilabeteetan. Langabeziak jada milaka eta milaka langile irentsi ditu.
Batek baino gehiagok pentsatzen dute teknologia berri, borondate oneko bizitze-era aldaketa eta merkataritza berrikuntza batzuekin nahikoa izango dugula kapitalismo berde, berri, «ilusionagarri» horretan lur-hartze azkar eta atsegin bat egiteko. Beste muturrean, askok, erabateko biraketa antropologiko bat, gure produkzio sistema, balio eta bizitze-eran, berarekin ez dakarren edozein motatako neurrien gutxiegitasuna nabarmentzen dute. Eta beldur dira, lehenago edo geroago, mugarik gabeko hazkundearen betiko ospakizunera itzultzeko arriskuaz: bisitari-olde markak hausteko inperatibo itsu batera berriz ere itzultzea.
Hegazkingintzako langile gaituetan badago kontzientzia hartze bat, baina klimaren eta beraien lanaren artean zatikaturik aurkitzen dira. Turismoan, berriz, betiko behin-behineko lan egoera larrian asko eta asko lehen giza beharrak asetzeko gai ez diren zuloan murgildu dira. Saltzen ari zaizkigun kapitalismo berdearen ilusio horren zutabeetako bat enplegua ziurtatzea izan beharko luke. Baina ingurunearen aldeko bidea edo kontsumismo neurrigabearen aldekoa hartzearen arteko dilema baten aurrean aurkitzen da gizartea.
Benetan algoritmo bihurria: lana, kontsumismoa eta ingurumena. Aintzat hartu eta gure artean debatean parte hartzea eskatzen diguna, ea subjektu politiko berri bat eraikiz, gai garen mahai gainean jartzen digun erronka horri aurre egiteko.