Joseba Telleria Albizu • Irakaslea eta ikaslea
Ondo sentitzeaz, ez sentitzeaz, Goiberri-ko aurreko aleetean zenbait iritzi irakurrita bururatu zait neuri ere zertxobait gehitzea. Pertsonon bizi-bidaian, izatearen eta edukitzearen arteko desorekak izan ditzakeen osasun ondorioei buruz, hain zuzen.
Izan nahiz eduki aditzak, edozein hizkuntzatan, aurrenekoetako irakaspenak badira, bizitzarenean ez da berdin gertatzen. Gure gizarte superkontsumista eta lehiakorrak, ondo baino hobeto irakatsi ohi digu edukitzearen beharra. Izatearen beharra, aldiz, inork gutxik: luzeago edo motzago, zabalago edo estuago, hobeto edo okerrago, familiak, hezkuntza sistemak, erlijioek, inguruak, norberak…
Ekialdeko zenbait kulturek gogorarazi izan digute edukitzeari izateari baino garrantzia handiagoa ematen dion gizartea ez daukagula ondo bideratua. Edukitzeak baino, izateak egiten gaituela pertsona.
Gurean, ordea, ongizatea, edukitzearekin dago herremandua, hitzaren jatorriak berak, nahiko pista emango ez baligu bezala. Pertsonon izateak, edukitzeak duen protagonismo bera, behintzat, beharko luke gure osasun mentalaren onerako eta elkarreraginaren ondorioz, baita osasun fisikorako ere.
Sentitu ere senti daiteke zer transmititzen diguten, edukitzea (gauza materialak, ospea, itxura fisikoa, itxurakeria…) izatearen gainetik balioesten duten pertsonek, edota izatea (inplikazioa, elkartasuna, eskuzabaltasuna, laguntasuna, enpatia…) edukitzearen gainetik edo pareko dutenek. Orokorrean, persona positiboagoak, zoriontsuagoak eta eginagoak izateaz gain, positiboago eta zoriontsuago ere sentiarazten gaituzte.
Eta horrela… etorritako moduan, esku hutsik joango garela ere gogorarazten digute.