Mutiloako Ergoena barrutian, Zerainekin mugan, bada auzo ahaztu bat, XX. mendearen hasieran sei etxe izatera ere iritsi zena eta geroztik pixkanaka husten joan dena. Mutiloako udaletxean gorde diren erroldetan arakatuta jakin dugu, gainera, 1920an 37 lagun bizi zirela han. Gaur egungo egoera bestelakoa da: bi etxe falta dira (Apaolatzabarrena eta Kantinatxiki), beste bi behea jota daude (Apaolatzaerdikoa eta Apaolatzagoena) eta bi zutik baina utzita (Mañestegizar eta Mañestegiberri). Auzo horren izena Apaolatza da.
Gaur egun irudikatzea zail egiten bazaigu ere, historia aberatseko auzoa izan da Apaolatza. Hala, agiri zaharrek, arkeologiak, toponimiak eta gaur egun geratzen den ondareak erakusten digute burdingintza, abeltzaintza eta sagardogintza garrantzitsuak izan zirela bertako ekonomiaren garapenean.
Legazpiko Burdinola elkarteari esker, jakin dugu duela mila urte burdina lantzen zela lurralde horretan. Izan ere, aire zabalean eskoria-pilak geratu dira, burdina landu eta gero geratzen zen zaborra, alegia. Apaolatza izenarekin lau katalogatu dira. Egia esan ez da harritzekoa, mendeetan zehar Mutiloako lurretatik burdin-mea asko erauzi delako eta ondoko parajeetan ere aztarna gehiago topatu delako.
Burdingintza, hain zuzen ere, izan zitekeen, frogarik ez badugu ere, Bañeztarrak (Arrasateko familia boteretsuaren tartekoak, akaso) Mutiloako auzo horretara etortzearen arrazoia. Izan ere, sei etxeetako bi Bañeztegi izenez ezagutzen hasi ziren momentu jakin batetik aurrera (1616an dagoeneko Apaolaza de Banestegui azaltzen zaigu), gaur egun, Mañastei, Maixtei edo Manixtegi. Ez zegoen ‘monasteriorik’, batzuek uste izan duten bezala.
Mañestegizar baserria Eusko Jaurlaritzak babestu beharreko kultura-ondare gisa izendatu zuen 2007an, dolare egitura duen etxe bat delako. Garbi dago, beraz, eraiki zen garaian sagardogintza ere diru-iturria zela.
Izena, abeltzaintza jardueratik
Burdingintza eta sagardogintzaren ondoren, abeltzaintza azaltzea falta zaigu. Bada, jarduera hori Apaolatza izenetik ondorioztatu dugu, ematen baitu lehen osagaia ‘apo’ (hazitarako txerria) formatik datorrela (Koldo Mitxelenak jaso zuen bezala). Esan liteke ahardiengandik (zerri emeak) apartatzeko asmoz, apoak leku jakin batzuetan biltzen zituztela. Partzoneriarekin mugan dagoen Arabako Ubarrundia eremuan ere Apota izeneko parajea badugu, eta urrutira gabe Apostolatza, Zeraingo udalerrian. Ezin jakin Lapurdin bezala, hemen ere, kukuprakari ‘apo-hostoa’ esaten ote zitzaion.
‘Olatza’ formak, berriz, txabola edo txabolak dauden lekua adierazten duenez, pentsa dezakegu apoentzako txabolak zeudela garai batean Apaolatzan. Topatu dugun lekukotzarik zaharrena 1616koa da, baina ia segurua da izena zaharragoa dela.