Aurrekoan hemen idatzi nuenean, bizi nuen errealitateak nigan zuen eraginaz jardun nuen. Askotan jabetzen naiz zeinen astuna egiten zaidan nire egunerokotasuna. Saiatzen naiz perspektiba hartzen, gertakarien ikuspuntu positiboa aurkitzen… Eta halere, bizitza astuna egiten zait. Tarteka beruna edo burdina bezain astuna dela sentitzen dut. Eta egunerokotasun madarikatutik ihes egiteko beharra sumatzen dut. Nire bizitza edo errealitatea txiki geratzen zaidala sumatzen dut. Bizitzaren eta egunerokotasunaren zamaren aurrean hegan egiteko desira sartzen zait.
Uste dut gehienok sentitzen ditugula tarteka gauza hauek, eta bakoitzak bere erara egiten diegu aurre guzti honek sortzen dizkigun hutsuneei. Batzuk jan edanarekin saiatzen dira zuloa betetzen. Beste batzuk futbolarekin edo kirola eginez. Zera esan nahi dut, denok dugula drogaren bat gure bizitzaren zama sentitzean hura arintzen saiatzeko.
Pelikula on batek, olerki bilduma batek, abesti bikain batek, nire egunerokotasunaren zamatik jasotzen eta urruntzen laguntzen nau. Uste dut ezingo nukeela bizi zinemarik, literaturarik, antzerkirik, musikarik… gabe. Seguru nago nire bizitzaren zamak inurri bat banintz bezala zanpatuko nindukeela. Nire kasuan, artea da bizitzak sortutako zama eta hutsuneak eramaten laguntzen nauena. Eta eskenatokia noski!
Eskenatokian ikusleen aurrean jartzen naizenean, niretzat denbora gelditu egiten da. Espazioa eta distantziak desagertzen dira. Eta hegan eginez bidaia psikologiko eta emozional batean murgiltzen naiz. Gauzak behar bezala doazenean ikusleak nirekin datoz bidaia horretan, eta ziur nago une horietan beraien bizitzen zamak, une batez bada ere, desagertu egiten direla.
Ez dago hori bezalako drogarik.