Ioar Aizpurua Barriola • Musikaren taupadak
Gaur egungo gizartean, gero eta gehiago gara gure ikasketak norbere zaletasunetatik bideratzen ditugunak. Gehiago gara gure ametsak errealitate bihurtu nahi ditugunak. Baina izango ote da Tapia eta Leturiaren kantuak esaten zuen bezala, ‘hik lan eta nik jai’ egin nahi duen norbait? Batek daki.
Tabernari, garbitzaile, mediku, politikari… Uste baino lan mota gehiago dago mundu osoan zehar, eta guztiek jartzen dute egunerokotasunean aurrera egin ahal izateko hazi txiki bat. Zenbait seme-alabek, beraien gurasoengandik jasotzen dute aurrerantzean jardun beharko duten lanpostu hori. Baina guztiek gogoko al dute benetan egunak joan eta egunak etorri eskuartean duten zeregina?
Mundu mailan egindako ikerketa baten arabera, jaiotzen den pertsona orok du gutxienez zaletasun bat eta trebezia bat bere bizitzan. Badira, ordea, zaletasun horiek beraien ikasketen bitartez errealitate egin eta etorkizuneko lan bilakatzen dituztenak. Eta zer esanik ez, gazte ekintzaileek beraien ogibide bihurtzen dituzten proiektuak. Zaila eta bide gorabeheratsua ematen badu ere, gogoak eta sinesmenak du eraginik handiena. Nahi duzun horretan gustura, gogotsu eta aurrerapausoak emanez, errealitate bihur baititzakezu zure ametsak.