Jesus Mari Arrizabalaga • Legorreta
Artikulu honen buruan ikusten den erretratua begi aurrera ekarritakoan, sentimenduek bere magalean hartu nautela aitortu behar dut lehenbizi. Egungo begiekin begiratu diot gaur egun 60 urtera hurbiltzen ari garen Legorretako San Migel ikastolako lehen promozioetako ikasleak Eguberrietan kantuan atera gineneko argazki honi.
Ez ziren euskararentzako eta euskara bere baitan zuen ezertarako garai errazak. Frankismo garaian geunden bete-betean. Garai gogor hartakoak dira egun dugun euskarazko hezkuntzara iristeko lehen urratsak. Legorretako zenbait herritar bildu eta bertako haurrek hezkuntza euskaraz izan genezan pausoak emateari ekin zioten. Inor mindua senti ez dadin ez noa inoren izenik ematera, baina bertan mota askotako pertsonak bildu ziren, lanbide anitzetakoak, pentsamolde desberdinetakoak, baina euskalzale amorratuak denak.
Legorretan ikastola sortzeko helburuarekin biltzen hasi ziren, klandestinitatean, guardia zibilak bertara etorri eta atxilotuta eramango zituzten beldur ziren gurasoak eta zenbait norbanako euskalzale. Gerora San Migel Ikastola izango zena antolatzen hasteko trabaz betetako lan nekeza eta zailari ekin zioten. Lehenik ikastola kokatzeko ikasgelak lortu behar ziren, ondoren haiek ahalik eta modu egokienean baliabidez hornitzen saiatu, irakasle titulua zuten pertsonen babesa edo ordezkaritza lortu behar zen ikastola berri honi estatus legala ematen saiatzeko, Legorretako guraso gazte euskaldunei euren seme-alabek euskaraz ikasteko bidea emateko sortu nahi zen ikastolaren proiektura aurkeztu eta bertara gehitu zitezen animatu behar ziren, eta azkenik, nola ez, guzti hau egikaritzeko garai hartan hain eskasa zen dirua behar zen.
Apaiz euskaltzalearen laguntza
Ikasgelak parrokia bidez eskuratzeko modua egin zen garai hartan herriko apaiz euskaltzalearen laguntzari esker. Lanbide desberdinak zituzten gurasoek bere doako eskulana eskaini zuten ikasgelak egokitzeko, ikastolari izaera legala emateko irakasle titulua zuen pertsonaren babesa ere lortu zen, hainbat guraso ere prest agertu ziren euren seme-alabak legezkoak izango ziren ez zekiten ikastolan izena emateko eta, azkenik hau guztia gutxi ez eta, eskola nazionaletan doan zen hezkuntza euran patrika txiroetatik ordaintzeko prest agertu ziren.
Goiberri-ko Erretratua ataleko artikulu bana merezi duten pertsona hauek guztiek, euskararen aldeko militantismo eta maitasunez bide hura urratu ez balute, guk geuk eta gure ondorengoek ere ez zuten gaur egun dugun hezkuntza euskalduna izango. Euskaraldian ahobizi edo belarriprest txapa janztea baino gehiago egin zuten euskararen alde, eta gu geuk ere aurrera jarraitu behar genuke gure gurasoengandik ikusi eta ikasi dugun ereduari jarraituz.
Izan zirelako gara eta garelako izango dira.