Ane Insausti Barandiaran • Hegitik begira
Balia genitzake aurtengo Gabonak erlijioak gure gizartean duen botereaz begiak irekitzeko, nahiz eta Jesusen jaiotzaren mirarizko gau horretan inork ez duen sinesten; familia nuklearraren tenpluaren atzean zenbat indarkeria ezkutatzen den konturatzeko; jabetzeko, bakearen izenean familian istiluak ekiditearren, pentsatzen dutena isiltzen igarotzen dituztela askok Gabonetako otorduak.
Balia genitzake, ohartzeko, maitasunaren izenean, otorduen prestaketak eta garbiketak zenbat emakume behartuko dituzten opor egunak lanez lepo pasatzera; baita adineko pertsonak zaintzen dituzten emakume etorkinek zenbat opor dituzten ikusteko, edo gure familien erritmoa mantentzeko zutabe direla konturatzeko…
Balia genitzake, behingoz, gure zoriontasuna kontsumoaren bidez lortuko dugula sinestarazi digutela ohartzeko; oparirik onena zaintza kolektiboa dela hausnartzeko, edo, batzuek ez dutela opariak erosteko adina izango konturatzeko; edo, bide batez, Gabonetako argietan xahututako diru publikoa baliabide urriko norbanako edo kolektiboei ematea posible dela bururatzeko.
Finean, sistema hau bizigarria ez dela ikustarazteko, (Gabonetako) apaingarrien azpian dagoen bizitza bere gordintasunean ikusteko. Balia genitzake… baina ez.