Laurogeiko hamarkadarekin batera, 70eko rock&roll doinuak gogortzen hasi ziren. Punkaren eztandaren aurreko urteetan, Goierrin ere izan zen rock gogorra eta heavy metala bezalako estiloak jorratu zituenik. Beasaingo Kea taldea da horren lekuko. 1980ko udazkenean, herriko bost lagun elkarrekin jotzeko elkartzen hasi ziren. Jabier Irigoien, Migel Angel Garcia, Alberto Vazquez, Xabier Bujanda eta Joan Antonio Ros ziren boskotea osatzen zutenak. Taldekideetako baten senideek zuten soto edo lokal batean hasi ziren entseatzen; gerora, Murumendi ikastetxea dagoen lekuan, udalak utzitako areto batean ere jo zuten. Hortik datorkie ‘Kea’ izena, areto txiki batean eta denak erretzen ari zirela, ke artean entseatzen baitzuten.
Berehala hasi ziren aurreneko kontzertuak egiten. Lasarten, Irunen, edo Aretxabaletan jo zuten, besteak beste, baita Oñatin nuklearren aurka antolatutako jaialdi batean ere. Buruhausterik handiena, ordea, megafonia eta musika ekipoak erosteak ekarri zizkien, eta horiei aurre egiteko, dantzaldietan jotzen hasi ziren, hura baitzen garai hartan dirua irabazteko leku bakarra. Garaikide izan zuten Burbuil taldearekin batera, Loinazko San Martin plaza azpian jotzen zuten igandeetan, udalak kontratatuta. Hiru urteko ibilbidea egin eta gero, taldekide batzuek soldadutzara joan behar zutela eta, 1984an desegin zuten taldea.