Miren Estensoro Garcia • Ekonomia ikertzailea
Askotan entzun izan dugu gure inguruko helduenengandik gaztetan zenbat kostatu zitzaien euren bizitza egiteko emanzipatzea. Ezbairik gabe, esfortzu handiak egin zituzten lau mila pezetako soldata batetik (askotan bakarra gainera), berrehun eta hirurehun mila pezetako etxe bat erosteko. Seguraski, aurrezteko kulturak eta baita independentzia ekonomikorako grinak ere, mesede egin zien orain duten ongizate maila lortzeko bidean.
Zentzua izan dezake, neurri batean, pertsona batek laneratzea hasi eta lanean diharduen lehen urteetan errenta maila baxuagoa izateak. Kontua da, bi krisi jarraian bizitzea tokatzen ari zaigula eta COVID-19aren krisi honek (aurrekoak ere bai) askotan nahikoa bisibilizatzen ez diren galtzaile argiak utziko dituela: gazteak.
90eko hamarkadatik aurrera jaiotakoak edota Z belaunaldia deritzaienak dira, alde batetik, gehien trebatu den belaunaldia. Goi-mailako ikasketekin, hainbat hizkuntza ezagutzen dituzte eta natibo digitalak dira gainera. Beste alde batetik, ordea, 2008ko krisiak dagoeneko asko baldintzatu du beraien ongizatea. eta orain ongizate hori are gehiago okertuko da.
Martxoan COVID-19a iritsi zenean eta 2008ko krisitik izandako eboluzioa kontuan izanda, dagoeneko errenta mailaren jaitsiera hiru aldiz handiagoa zen gazteen kasuan 65 urteko biztanleen artean baino. Gipuzkoan kasu, 2019an, 25 urtetik beherakoen langabezia tasa biztanleria osoaren batezbesteko tasaren bikoitza zen. Modu berean, lanpostuen behin-behinekotasuna jadanik Europa mailako batezbestekoetatik asko urruntzen bazen biztanleria guztiarentzako, gazteen kasuan are gehiago. Beraz, krisi aurretiko egoerak dagoeneko gazte-heldu arteko ezberdintasun nabariko panorama erakusten zuen.
Egungo pandemiak areagotu egin du, ordea, adin arrakala. Gazteen Euskal Behatokiak emandako datuen arabera, pandemiak eragindako enplegu suntsiketaren %50ak baino gehiagok 44 urtetik beherakoei eragin die. Eta berriro ere, behin-behinekotasunaren eta prekarietatearen arteko erlazioa sendotzen ari da.
Horrek guztiak, epe laburrean, ondorio zuzenak ditu erronka demografikoan. Emantzipazioa eta familia bat sortzeko gaitasunak agortzen ari dira gure herrian. Datuek erakusten dute, gazteen bizitza baldintzak beti badira helduenenak baino okerragoak, arrakala hori gora doala. Badugu lan pixka bat belaunaldi arteko justiziaren arloan.