Jonmikel Intsausti • Urretxu-Zumarraga
Gogoan daukat Urretxu-Zumarragako euskaltzaleok Zumarragako La Salle ikastetxean elkartu gineneko 1992ko Santa Lutzi bezpera hura, herrian euskara biziberritzearren euskaltzale taldea eratzeko asmoz.
Oroitzen naiz orduan ia erdara hutsean aritzen nintzela lagunartean, eta urte gutxi lehenago, alfabetatzen, euskara berrikasten aritu izana nintzela Joxemari Etxanizen eskutik: berak ere eman zidan proiektu honen berri. Hala sortu genuen Zintzo-Mintzo. Kideok gero lantaldetan banatu eta nik aldizkariarenean aritzea erabaki nuen, informatikarekin lotzen ninduelako-edo.
1993an ostera zapatuero Sebas Iturriotzen laguntzapean elkartu ginen aldizkari proiektua taxutzearren: Nolakoa nahi genuen? Nola burutuko genuen? Otamotz bataiatu genuen aldizkaria, bertakook otamotzak garelako, Beasainen bareak edo Lazkaon antzarrak garen bezalaxe. Halere, gero hala arituko ginen urtebetez, ez arre ez so une batean aurrera egin erabaki arte, herriotako jaietan 0 zenbakiko ale bana plazaratuz.
Ondoren aleak banan-banan etorri eta lankideok orotariko lanak egingo genituen (publizista, banatzaile, argazkilari, maketatzaile…) denborarekin espezializatu arte: neu informatikari izan nintzen. Udal-hitzarmenekin Amaia Pildain izan zen lehen koordinatzailea, Jon Balentxik eta Asier Zalduak segituko zioten.
Argazkian 1995eko maiatzaren 28ko gaua da, udal hauteskundeetako ale berezia egiten ari gara: daitort halakoetan urduri jartzen nintzela, ordenadoreak planto egingo zuen beldurrez; elkartean zain, prest ginen lankideak emaitzekin etorri arte. Datuak aplikazioan sartu, tartak eta diagramak osatu, kazetariek testuak idatzi eta ordu t’erdi ondoren bukatuta genuen.
Alea prest, Internetik ez genuen garai haietan Sebas autoz Oñatira etorri eta agudo Gertura ekartzen zuen fitxategia; goizean goiz atzera itzuli eta aleak bero-bero herriko egunkari saltokietan, Renferen geltokian, ospitalean… banatzen zituen: ez huen lo askorik egingo gau haietan! Orduan herri mailako datuak ematen lehenak ginen!
Oso aberasgarriak izan ziren Zintzo-Mintzo eta Otamotz-ekin aritutako urteak; aurreko kidez gain lagun on ugari egin nituen: Aintzane, Gene, Marian, Joxe, Jon, Igor, Jexusmari, Joxemari, Marko, Unai, Andoni, Ritxi, Gurutze, Pello, Gema, Marisa, Jeni, Gorka, Mikel, Lide, Idoia, Aitor, Josu, … milesker guztioi eta baita zuri ere Amaia, 50. zenbakian idatzi zenuenari erantzunez: plazer handia izan zen zurekin lan egitea.
Goierritarra eta Otamotz aldizkariak izan ginen Goierrin euskal prentsa idatzian lehenak; egun Goierriko Hitza eta Goiberri ditugu. Segi dezala kateak!