Herri-maitea dela esanez hasi da Agustin Galabide Pellejero (Ormaiztegi, 1955). Munduaren handia ikusia eta gozatua da, itsasoetako marinel garaietatik. Burua irekita, bidaiari mantendu du, herriratu eta gero ere. Haurtzarora, gaztarora, iraganera egin du azken bidaia. ‘Maldito Gorri’ liburuan utzi du bere bizitzaren bitakora kaiera.
Herri-maitea, beraz?
Oso. Ormaiztegin jaioa naiz, petoa. Orain ere, jubilatu naizen arren, goizero joaten naiz hara [Lazkaon bizi da]. Posta zabaldu, mutilei hamaiketakoa prestatu, eta askoz gehiago ez dut egiten. Erosoen bulegoan egoten naiz. Lasai bizi naiz. Liburuarekin mugitu da pixkat bat; baina ez, erlaxatuta. Gauza bat daukat ona: aldamenekoak mantentzen nau nire lekuan, gora joaten utzi gabe.
Zer eman dizu Ormaiztegik, sustraietara horren estu lotuta egoteko?
Bizitzaren aurreneko partea, nahiko luzea, han igaro nuen. Gaztaro guztia, lagunak, ezagunak, bizipenak… han ditut. Orain berriz berreskuratu dugu kinto kuadrilla, denbora askoan bakoitzak bere bizitza herritik kanpora egin ondoren. Urtean behin bazkari bat egin eta. Asko elkartu gaitu horrek. Berriz ere haurtzarora eta gaztarora itzultzea bezalakoa da.
Liburuan irudikatutako arbasoak al dituzu?
Kalekumea naiz, peto-petoa. Eliza aurreko etxean jaioa eta bizi izana. Aita zenak Letagen lan egin zuen, aurretik Carlos Garciaren pintura fabrikan. Izatez Aizarnazabalgoa zen, eta morroi etorri zen Alegiako Ibur baserrira. Ama, Albizturgoa, Alegiako Zubimusu etxean zegoen, neskame. Ezkondu, eta Gabiriako Barretxe baserrian jarri ziren; anaia Iñaki han jaioa da. Ni jaiotzerako Ormaiztegira etorri ziren.
Ormaiztegiko industriek ez zintuzten erakarri? Ez zitzaizun bizimodu hori gustatzen?
Ez. Beti izan nuen bidaiatzeko ilusioa. Ormaiztegitik lehenengo aldiz hamar urterekin irtengo nintzen, Donostiara. Batxilergoa Ordiziako akademian prestatu genuen, eta azken azterketak Peñaflorida institutuan egin behar izaten genituen. Nola Goierrin ez zegoen… Gure kurtsoko gehienak herrietakoak ginen: Ataun, Idiazabal, Zaldibia, Legazpi… Ordiziara joaten ginen denok.
Bidaiatzea gustatzeko, zer erreferentzia zenituen mutikotan?
Ez nekien zer zen. Mundua guretzat Afrikako beltxak, Domund-a, hango herrialde pobreak zen. Beste aukerarik ez genuen bidaiatzeko. Orain oso erraza da, hiru egunerako Londresera joan zaitezke, merke. Ikastera irtetea zen aukera bat orduan. Akademiako ikaskide Jon Garcia Arruabarrenak sartu zidan itsasoaren harra. Karrera luzea hartzeko ere etxean ez zegoen halako oparotasunik, nahiz eta erabaki banu esfortzua egingo zuten. Zeren, gure garaiko gurasoek, eurek aukerarik izan ez zutenez, seme-alabek karrera egitea nahi zuten. Dena eman ziguten, gure bizimodua hobetzeagatik. Oraingoek ere bai, baina orduan izugarrizko jauzia zen haientzat.
Zer moduzko ikaslea zinen?
Gustatu zitzaidan Nautikako telegrafista, Portugaleten. Bilbon beste karrera batzuk utzita errebotatutako guztiak Nautikan sartzen ziren, etxean ‘zer edo zer egin ezazu behintzat’ esanda. Inork ez zuen kolperik jotzen. Karrera sinplea zen. Promozioko lehena edo bigarrena izan nintzen.
Komunikazio-teknologia, itsasontziak, itsasoko mundua… Dena berria izango zen, bada, zuretzat?
Dena. ‘Ormaiztegiko bat itsasora?’ galdetzen zidaten. Gazte denboretako ametsak. Mundua ezagutzeko aukera eman zidan. Itsaso gehienetan ibilitakoa naiz. Gu itsasoan hasi ginenean, Espainiakoak tripulazio merkeak ginen. Nazio aurreratuagoetakoei itsasontziak eta ibilbideak kendu genizkien, alemaniarrei eta. Geroago guri korearrek kendu ziguten bezala. Orain marina merkantean filipinarrak, indiarrak, pakistandarrak eta peruarrak dira denak.
«Mundua ezagutzeko aukera eman zidan itsasoko lanak. Gu hasi ginenean, tripulazio merkeenak ginen»
«Herrian ezagututakoak ere badaude liburuan. Haien omenaldi modura, nien aprezioagatik eta maitasunagatik»
«Fikzioa ere badago, baina ikusitako egoerak eta gertakariak dira. Nik horiek ezagutu egin ditut, badakit nola zen kontua»
Gutxiespenik edo destainarik jasan behar izan al zenuten?
Ez, errespetua bazen. Merkeagoak ginen, eta kito. Soldatak lau edo bost aldiz handiagoak zituzten alemaniarrek. Lehen kontratuan, bederatzi hilabete itsasoan eta bat opor izan nuen. Bigarrenean, sei hilabete lan eta bi opor. Azkenean, hainbeste hobetu nahi izan genuen, sindikatuak ere tartean sartu ziren, eta ‘zuek jada garestiak zarete’ esan, eta korearrak hartu zituzten.
Itsasoan segitzeko aukerarik izango ote zenuen?
Ez. Telegrafistek lana bagenuen, baina lurrean. Azterketa bat gaindituta, Correos y Telegrafosen sar gintezkeen. Bestela ere bizimodua aldatzeko garaia ailegatu zen, egoera zaildu egin zen eta. Gauza batzuk gaztetan uzten ez badituzu, betiko lotuta geratzen zara. Gaztetan moldatzea errazagoa da.
Dioten bezain gogorra iruditu al zitzaizun itsasoko bizimodua?
Ez dakit, bada… Bizimodu oso desberdina bai, baina gogorragoa ez dakit den. Alde onak baditu, herrialde berriak… Marinelentzat eta ofizialontzat Brasil erlaxazio hutsa zen, oso gustuko genuen. Baina karga Saudi Arabiarako, Libiarako edo horrelako herrialdeetarako baldin bazen, hor ia… Hego Amerikara, Ertamerikara edo Errusiara nahi izaten genuen. Kubara eta herrialde komunistetarako karga bilatzea ez zen erraza, euren barkuekin egin ohi zutelako.
Beste ‘bidaia’ bat ere egin duzu, ‘Maldito Gorri’ liburu biografikoarekin. Zein izan zen idazteko premia eragin zizun txinparta?
Nire historiak lagun artean kontatzen nituenean, denak gehiago jakin nahian geratzen ziren. Historia politak dauzkat, amodio kontuak eta. Horiek nahastuz gero, nobela bat egiteko ideia aspalditik neukan. Baina lanean ari zarenean, kezkek eta eguneroko gauzek ez dute uzten. Irakurtzeko eta idazteko lasaitasuna behar dut, bai hori eginez gozatzeko behintzat. Jubilazioa iritsi denean, oraintxe zen garaia.
Ariketa erraza suertatu al zaizu? Zure historia idaztea, alegia.
Oso erraza. Hemen idatzita daudenak ez ditut asmatu behar izan. Nahiz eta atal guztiak ez diren nik bizi izandakoak, zeinek bizi izan zituen ezagutzen dut. 65 urterekin, bizitza honetan asko ikusitakoa naiz, mila gauza ezagututakoa. Maleta oso betea egoten da adin horrekin, eta handik hartu ditut. Kontatzeko gai aldetik erraza izan da, ez dudalako jantzi beharrik edo pertsonaiak sortu beharrik izan. Hori eginda zegoen. Beste gauza bat ondo idaztea da, eta horregatik esan nion Itziar Sistiagari laguntzeko. Historiak lotzea ere ez da zaila izan, kronologikoki baitoa. Oso-oso ondo eraman dut.
Beste batzuen bizitzetan eta gertaeretan ere inspiratu zara.
Bai. Omenaldi modura ere bai. Herrian ezagututakoak daude, eta herriko jendeak hartuko die kutsua, haiengan pentsatuz egindakoa da eta. Oroimenez bezala, ondo jarriz, eta nik haiengatik sentitu nuen aprezioarekin eta maitasunarekin ekarri ditut liburura.
Zenbateraino kontatu duzu errealitatea? Itziar Sistiagarekin batera, irakurleekin topaketa bat egiteko asmoa duzue. Noraino nahi duzu esan?
Egia esan, ni hor erabat biluztu naiz. Itziarrek, idazten ari zenean, nik bidalitako kontakizun batzuk sinistea ere kosta egiten zitzaiola esaten zidan. Dokumentazioa eta argazkiak bidaltzen nizkion. «Oraintxe nago zer sinistu eta zer ez ez dakidala». Berak ere ez du jakin; sinistu dit, eta aurrera. Bakoitzak atera dezala ondorioa. Itziarri historia hauek sinistaraztea, idaztea baino gehiago kostatu zait.
Espero zenuen emaitza horren ikusgarria geratuko zenik?
Ez. Nik dena idatzita eman nion, baina askoz orri gehiagorekin. Kontzentratzen eta mamia biltzen lan asko egin du. Idazlana berea da asko. Pozik nago, zeren nobela nik idatzita atera banu, historia bera izango zen, baina ez zen berdina izango. Gauza batzuk moztu egin ditu, edo Kruxito pertsonaiari, adibidez, indar gehiago eman dio. Soldadutza garaia ere ez nion idatzita eman, eta faltan sumatu zuen. Eta egia da: kontu harrigarriak daude hor ere. Ministro frankista baten amaren gidari, euskaldun bat, Symca 1000 batean…
Kontrabandoa, tabakotik hasi eta drogetara, enpresa estalgarriak, mendekuak eta erasoak, hondo bikoitzeko garraioak, merkatu komunaren ondoriok ontziterian… Garai baten testigantza asko sartu dituzu.
Nobelan fikzioa ere badago, baina horiek denak benetakoak dira. Noski, gauza batzuk ez dira nik bizi izandakoak. Tabakoa ekartzera Galiziara joaten ziren hemendik, kamioiaren atzean xaboi kaxen paletak sartuta. Batzuk harrapatu eta zorrekin larrutu zituzten. Merkatu komunarekin hainbeste itsasontzi desegiteko agindu zutenean, haiek erosi, komenientziako banderapean jarri eta erabili zituzten. Itsas makinistek-eta nola funtzionatzen zuten badakit, zer baimen behar zituzten, bandera aldaketak… Edozeinen aurrean defendi dezaket. Nik hori ezagutu egin dut, eta badakit nola zen kontua.
Bizitzaren errepasoa jo duzu. Zerbait utzi al duzu egin gabe? Edo zerbait egin izanaren damurik baduzu?
Ez. Zeren, negozioetan sartutakoan, hain buru-belarri egoten zara, hura aurrera ateratzea izaten da dena. Ez duzu pentsatzen beste mundurik dagoenik. Negozioa nolabait aurrera ateratzea eta sortzen zaizkizun arazoetatik irtetea bihurtzen da bizitza. Itsasoa 1982an utzi nuen, eta hurrengo urtean zabaldu nuen Ormaiztegin Itxune pub-a. Jatetxea, berriz, 1989-90 aldera. Harekin ondo harrapatu nituen eskuak. Hain intentsoa izan da lehorreko lana ere, nik ez bainuen besteren beharrik.
Biziaren komunikatzaile, morserik gabe ere
Geldirik egoten ez dakitenetakoa da Agustin Galabide. Koronabirusak Zumarragako Ospitalean egonarazi duen astebetea kenduta. Gorputza eta aldartea indartzeko, Maldito Gorri liburuaren aurkezpenek eta sustapenak eman diote energia. Gustura da biografia nobelatuarekin, biluztu izanaz harro, azalaren azpikoak merezi zuen konbentzimendu osoarekin. Argitaletxe, banaketa, publizitate eta salmenta mundua ari da ezagutzen, 65 urterekin. Hasi berriaren ilusioz eta jakin-minez.
Bizitasuna eta ekintzailetza transmititzen ditu. Azken 40 urteak ostalaritzan igaro ditu, mota askotako negozioak sortuta. Agian, bizi nahiko zukeen bizitza idatzi du liburuan. Bidaiatzeko modu bat baita barne-erraietarakoa. Dagoeneko atzenduta geratu den teknikak ikasi zituen Nautika Eskolan. Telegrafia, morse kodea. Baina komunikatzeko dohaina eta zaletasuna denbora-espazio dimentsioetatik bestelakoak direla erakusten du: berea du jende artekotasuna, gustuko du. Nonahi, noiznahi.
Kapitainak sestantearekin orientatzen ziren garaia ezagutu zuen, eguzkia eta ortzimuga gidari. Nahiz lainotutako egunetan 400 kilometro desbideratu. Satelite bidezko posizionamendua iritsi zenean ere itsasoetan zebilen. Haurtzaroko Ormaiztegin, etxe alboko Maixuenean zegoen telefono zentralitara joaten zen, zer ikusiko, zer ikasiko. «69 telefono zenbaki zeuden herrian».Oraintsu sortu du Facebooken profila.
Ailegatu ziren satelite gehiago, telefonia erraztu zen. «Eta gure lanbidea bukatu zen. Baina nik urte onak harrapatu nituen». Bizitza den bidaiaren norabidea koordenatu berean mantendu du beti. Telegrafista dela eta munduarekin komunikatzen dakiela ahaztu gabe, edozein dela ere emisio-bidea.