Elixabete Garmendia Lasa • Kazetaria
Autoa garajean utzi konpontzen eta ordu eta erdiko bidea daukat oinez, Zeraineraino. Olaberriko industrialdea txukun dago, baina hotza da, industria-gune guztiak bezala. Barrenean, eskuinera, Arcelor Mittal, ke zuria dariola. Eta atzerago mendia, erabat janda: eraikin nolabaitekoak, haiek lotzen dituzten bide kiribilduak, zepa pilak mendixkak osatuz eta, denen gainetik, argindarraren poste erraldoiak.
Aristraineneko Pobladuan zehar noa. Etxe batzuetako fatxadak konpondu berri daude, beste batzuk txukundu behar larrian. Auzoak baditu garajeak, baditu aulkiak kalean, badu Osakidetzaren anbulatorioa… osatuta dago etxartea itxura batean, baina 60ko hamarkadan altzairutegiko langileentzat eraiki zituzten etxeek beti izan dute juxtu-juxtuko tankera. Jose Maria Aristrainek bere emaztearen izena jarri zion Pobladua alderik alde zeharkatzen duen kaleari: Cari de la Cruz. Gogora datorkit nola, Espainia eta Suitza artean ia ezkutuan bizi omen den haien semea epaitegira deitu zuten 2019an, zifra askoko iruzur fiskalarengatik.
Ihurren aurrera, hurrena saltoki handiak datoz, Carrefour eta Lidl; azken honek plastikozko belar zirrindara tristea dauka aurreko aldean. Eta pabilioi gehiago; gaztandegiak eta ardandegiak goxatzen dute apur bat ingurua. Nippon Gases-eko tximiniak jarioan, neguan inguruko arbolak zuriz –antzigarrak jota baleude bezala– janzten dituen lurruna botaz. Zarata karrankaria, belarriak zulatzen dituen horietakoa. Mendixkaren barrenean kamioi erraldoi eta erremolkeen flota. Goian pare bat baserri ageri dira, beste garai batzuen testigu ausart gisa. Behean ezin falta gasolindegia, N-1en ertz honetan. Asteburuetan, muga pasatzeko zain dauden nonahiko kamioilarien akanpaleku bihurtzen da. Ingurumari horretan ibiliko ziren ihesean 1974an CAFeko nominen dirua lapurtu zuten ETAko kideak.
Etzegaraterantz doan errepide nagusiaren azpitik pasatu, eta beste enpresa eta pabilioi batzuk gora-behera, poliki-poliki, bidegorriak beste jite bat hartzen du: ondo zaindutako etxeak bide ertzean, baserriak urrutixeago. Arnasa hartzen du batek, zentzu literalean eta irudizkoan, bietan: usain industrialik ez; zarata apaldu da, nahiz eta alboko errepidean joan-etorria ia etengabekoa den; txori hotsa! Mutiloa aldeko bailara eskuinean, Segura aurrez-aurre. Bien tartean, Zeraineranzko mendi-bidea hartu dut, aldapan gora.
‘Esperientziak’ saltzen ditu orain turismoaren industriak. Nik autoaren matxurari esker bizi izan dut, halabeharrez, paraje hauek eskaintzen duten kontrastez beteriko esperientzia.