Maddi Aiestaran Iparragirre (Beasain, 2001) bertsotan aritzeagatik ezaguna izateaz gain, hainbat lan txiki ere idazten ditu. Berria egunkariaren Bidaia eta Mendi kroniken lehiaketa irabazi du Nepalera egindako fikziozko bidaia baten kronikarekin.
Nepalera egindako fikziozko bidaia bati buruzko kronika idatzi duzu. Nola bururatu zitzaizun ideia?
Oinarrian badaude bidaia erreal bateko abenturak. Nire lagun baten gurasoak Nepalen egon ziren duela urte batzuk, eta hark kontatutako anekdotek gerora istorioa idazteko balio izan didate, baina aipatu bezala fikzioa da guztia.
Zer da testuan kontatzen duzuna?
Nik eta lagun batek duela urte batzuk Nepalera egindako fikziozko bidaia kontatzen dut. Nire lagun hau duela urtebete istripu batean hil balitz bezala ari naiz idazten, eta testua berari zuzenduta dago. Biok egindako bidaia honetan izandako anekdota eta istorioak gogorarazten dizkiot.
Fikziozko bidaia da, baina gustatuko al litzaizuke benetan bidaia hori egitea?
Noski baietz! Nepal izan edo beste edozein leku izan, guregandik hain ezberdina den toki eta kultura bat ezagutzea oso aberasgarria iruditzen zait. Ea noizbait egiazko bidaia bati buruzko kronika egiteko aukerarik dudan.
‘Berria’ egunkariaren Bidaia eta Mendi kroniken lehiaketa irabazi duzu. Zein izan da saria? Nola sentitu zara garaipen honen aurrean?
Suitzan Cervino mendiaren inguruan antolatutako ibilaldi bat izan da saria. Zortzi bat eguneko egonaldia izango da eta mendi gidari batekin hango bazterretan ibiltzeko aukera izango dugu. Sentipenei dagokionez, sekulako sorpresa izan da niretzat. Asko pentsatu gabe animatu nintzen parte hartzera, eta oraindik ez dut asimilatu.
Zerbait gehiago aipatu nahi duzu?
Lehiaketa honetan kronika idazteaz gain, kalitate oneko zortzi bat argazki aurkeztu behar ziren, eta halaxe egin dut. Baina argazki horiek nire lagun Uxue Arreseren gurasoek pasa dizkidate, Nepalera bidaia egin zutenek. Oso argazki onak dira, eta eskerrak eman nahiko nizkieke meritoaren zati bat beraiena ere badelako.