Landare antiseptiko eta depuratiboa da, eta zornea kanporatu eta infekzioak sendatzeko erabili ohi da.
- Izen herrikoia. Berbena edo Berbena-belarra.
- Izen zientifikoa. Verbena officinalis L. (Verbenaceae)
- Ezaugarriak. Lila koloreko loreak dituen landarea da. Loreak zurtoinaren buruetan hazten dira. Hosto zaitu berdeak ditu. Ekainetik aurrera loratzen da, eta uda guztian irauten du. Oso arrunta da bide ertz, etxe inguru eta lugorrietan.
- Atal erabilgarriak. Hostoak eta loreak erabiltzen dira. Loreak erabat loratu aurretik bildu behar dira. Landarea lehortuz gero, urte guztian zehar erabil daiteke. Lehortzeko modurik onena sortak egin eta buruz behera jartzea da.
- Propietateak eta erabilpenak. Landare antiseptiko eta depuratiboa da; zornea kanporatu eta infekzioak sendatzeko erabiltzen da gehienbat. Buruko eta eztarriko mina, eta eztula arintzeko ere erabili izan da. Berbena- belarra modu deberdinetara aplikatu daiteke: enplasto moduan, infusioan, olio edo ukenduetan… Infusioa egiteko 25 gramo landare egosi behar dira ur litro batean. Egunean bi edalontzi edan behar dira gehienez. Ez dira tratamendu luzeak egin behar; hiru egun nahikoa da. Enplasto moduan ere erabil daiteke infektatutako zauriak edo barne infekzioak sendatzeko. Kopetan, bularraldean edo bizkarrean jar daiteke. Katarroak, bronkitisa, sinusitisa edo arnas bideko infekzioak sendatzeko 7-9 egunetan behar da. Tratamendua errepikatu nahi bada, astebeteko deskantsua egin beharra dago. Haurretan ez da enplastorik jarri behar, hobeto infusio moduan hartzen badute, ezkaiarekin eta plantainarekin konbinatuta.
- Kontraindikazioak. Haurdunaldian ez da erabili behar, umetokiko muskuluen kontrakzioak eragiten baititu.