Astelehenero ateratzen da kalera Angel Irigoras Goierriko Pentsiodunen deialdiarekin bat egitera. Kezka agertu du datozen aldaketekin.
KPIaren igoera izango dute pentsioek 2021. urtean. Albiste ona dirudi…
Batetik, 2020. urtean ere lortu genuen, baina guk eskatzen duguna da, KPIari dagokion igoerak, urtero eragitea pentsioei , eta hori, legez berma dezatela, urtero gauza bera ez eskatzeko. Bestalde, garbi dago ez dela igoera berdina guztiontzat: 700 euroko pentsio batentzat, 7 euroko igoera suposatzen du, 2.500 euroko pentsioarentzat, 25. Gizartea zatitzen du horrek.
Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea eskatzen ari zarete…
Europako Kontseilu Sozialaren aspaldiko aholku bat da hori, eta gure oasi honetan aspalditik beharko luke horrela. Kontutan izan, milaka eta milaka pentsiodun daudela 800 eurora ailegatzen ez direnak. Pentsa! Orain indarrean sartu dute lege bat zeinak onartzen duen 100,68 euroko pentsioa jasotzea. 100 euroko pentsioa…! Hori onartezina da! Eusko Jaurlaritza oraintxe ari da aurrekontua onartzekotan, eta nahiz eta esango duten ez dela haien konpetentzia, borondate kontua da gehiago. Izan ere, herritarron dirua non gastatu haiek erabakitzen dute. Haien soldatak igotzen dituzten moduan, beste erabaki batzuk ere har ditzakete, adibidez, pentsioak duintasunera heltzea, 1.080 eurora iristea, alegia. Modu desberdinak daude horretarako, udal aurrekontuen bidez, RGIaren bidez,…
Toledoko Itunak pentsioak berritzeko gomendioak onartu ditu eta aurka agertu zarete asko.
Berriro despistatu nahi gaituzten beldur gara, eta azkenean erasoa etorriko zaigu nonbaitetik. Begirada atzera botatzea baino ez dago. Pentsa! 1985. urtean 2 urteko kotizazioa nahikoa zen pentsioa kalkulatzeko, 15 urte kotizatuta izanez gero. Orain, 35 urte kotizatuak izan behar dituzu eta 24 urte behar dira kalkulua egiteko. Hori nahikoa ez, eta 35 urte izatea jarri nahi dute, eta hori dena, PSOE eta sindikatu batzuren laguntzarekin. Jubilazioa ere 67 urtera doa, edo nahi duenak gehiago lan egiteko aukera jarri nahi dute… eta bitartean gazteak gurasoen etxean, 45 urtetik gorako asko eta asko langabezian… Noiz asetuko dira politikoak eta beraien nagusi kapitalistak?
Uste duzu politikariek pentsioen alde nahikoa egiten dutela?
Gipuzkoako Foru Aldundiko politiko agintariak 2020. urterako beraien soldata igoera %8,2koa egin zutela uste dut; eta ez 950 euroko soldatarena, ez, ez,… 5.000, 6.000 edo 7000 euroko soldatenak baizik. Lehen ere esan dut, dirua egon badago, borondate falta dago.
Nola ikusten duzu 2021. urtea?
Okerrera egingo du: langabezia; merkataritza eta ostalaritzaren egoera; autonomoak; pentsiodunak; zaintzako langileena; osasungintzakoak; hezkuntza; gazteak;… Zerrenda amaigabea da! Egoera oso larrian izango gara. Gure diruarekin osatutako aurrekontua ez da behar den bezala erabiltzen. Dirua ez da benetan behar den lekura iristen.
Mobilizatzen jarraituko duzue?
Bai, noski! Hurrengo hitzordu handia otsailaren 13an da. Kaleetan jarraituko dugu, pentsio eta bizi duinaren alde, pentsiodunentzentzat urteroko KPIaren igoeraren alde, sexu arrakalaren kontra, 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren alde,… Esperientziak dio borroka dela bide bakarra.