Urtea mugitua dator pentsio duinen aldeko aldarrikapenei begira. Hiru urte igaro dira pentsiodunak euren eskubideen alde herrietako plazetan elkarretaratzeak egiten hasi zirenetik, eta borroka ez da amatiu. Emakumeen egoerak asko kezkatzen ditu.
Oraindik borrokan…
Urtarrilaren 15ean hiru urte bete dira kalera ateratzen hasi ginela, deialdia nondik zetorren ere jakin gabe, eta gure aldarrikapenekin eta borrokarekin jarraitzen dugu. Gure eskarien erantzunik ez dugu jaso oraindik, eta gauzak okertzera doazela ematen du.
Noiz izaten dira elkarretaratzeak?
Urretxun eta Zumarragan Areizaga-Kalebarren plazan elkartzen gara astelehenero, 11:30ean. Denak daude gonbidatuta.
Geroz eta gehiago ari dira zabaltzen elkarretaratzeak.
Bai, gaur egun erkidegoko 80-bat herritan egiten dira, hiriburuak barne. COVIDaren ondorioz toki batzuetan etenda daude, baina tarteka herriren batean edo bestean talde berriak hasten dira. Herri bakoitzak bere dinamika darama.
Zer nolako jendea elkartzen zarete?
Denetik, egia esan. Pentsio oso onak dituztenak tartean dira, elkartasuna adieraztera etortzen direnak, emakume asko… Pertsona asko inoiz plazara atera gabeak ziren, baina euren egoera ekonomikoak bultzatuta egin dute saltoa.
Pentsio eskasek eragindako egoerak?
Bai, beti pentsatzen dugu gure auzoan, gure herrian ez dela horrelako ezer gertatzen… Prekarietatatez hitz egiten da, baina niretako hitz egokia pobrezia da. Hori gure inguruan ere badugu, pentsio txikiek eraginda neurri handi batean.
Ia guztiak pentsiodunak zarete.
Noski, batez ere pentsiodunak gara, pentsioa kobratzen dugunak. Langileek eta ikasleek ez dute oraindik ikusten pentsio duinik aldarrikatzeko beharra.
Baina ez litzateke gehiago arduratu behar gaur egun aktiboan dagoena?
Bai, baina ezjakintasun handia dago. Ez dago gaurko egoera zein den eta zer datorren azaltzen duen inolako mugimendu sindikalik, eta gainera, oso urruti ikusten da arazoa. Askotan esaten da «ez dugu pentsioa kobratuko», baina ez da sinisten. Eta orain sortzen ari den egoerak erakusten du pentsioa kobratu, kobratuko dela, baina pentsio miserablea izango da.
Gaurko pentsio asko ez dira oso altuak.
Ez, egia da, eta gutxieneko pentsioa igotzeko borrokan jarraitu behar dugu. Toledoko Itunak igoeraren aldeko gomendioa egin du, baina gobernuak gomendio hori eta beste guztiak lege bihurtu behar ditu, eta guk kalean indarra egin beharko dugu alde batera edo bestera mugitu dadin. Indarra badugu, eta hori baliatu behar dugu.
Emakumeak dira berriz ere kaltetuenak.
Bai, eta ez dugu beraien aldeko gure eskakizunetan etsiko. Adibidez, alargunen pentsioak bikote zenaren pentsioaren %100ekoak izatea eskatzen dugu, nahiz eta entzuna dugun asko murrizteko asmoa dutela eta 65 urtetik beherakoei kendu egin nahi dietela. Kotizatu gabeko lana egin duten emakume asko ere, etxekoandreak, zaintzaileak edo ezkutuko ekonomian jardun dutenak esaterako, pentsio oso bajuak ari dira jasotzen, batzuk 100 euro inguru bakarrik. Argi dago emakumeenganako bidegabekeria sozial galanta egon dela eta dagoela, eta horregatik merezi duten pentsioa jaso dezaten borrokatzen ari gara. Eta zenbat eta gehiago izan, orduan eta indar handiagoa egingo dugu eta zerbait lortzeko bidean izango gara.