Idoia Luzuriaga Garcia • Berdintasun aholkularia
Inoiz idatzi dudan artikulurik zailena da hau. Ez gaiagatik, baizik eta bizi dudan egoeragatik. Ama ospitalean dago eta askotan mintzagai izan dudan kontziliazioa ez da inondik ageri. Egia esan, ez nago haren zain. Desagertu egin da nire bizitzatik eta ez dakit behar ote dudan. Izan ere, mundua gelditzen denean, eta behin ospitalera doazen ateak zeharkatzerakoan hala gertatzen da sarri, ezer gutxi behar da gauzak bere onera itzultzea baino. Horrek berak, eta gauzak normaltasun eta errutinara itzultzeak dakartza bueltan termino guzti horiek, lehen mailan bizitza baitago.
Ziurgabetasuna, zalantza, beldurra, tristura, amorrua, egoneza eta tarteka itxaropena bere kabuz gora eta behera dabiltzan bitartean lana alde batera utzi eta bizitzaren sostengu den eta hainbestetan aipatu dudan zaintza jarri da guztiaren erdigunean. «Gaixoa zaintzen dugun bitartean, zaindu ezazu zure burua», esaten didate maite nautenek, eta egia esaten badut, ez dakit nola. Nire buruarenganako zaintza eta lana uztartzea ia ezinezkoa da, ez baldintzak ez ditudalako, ezta ere nire lankide eta lagun Miren jo eta ke aldamenean ez dudalako, baizik eta lana egiteko gaitasuna behar delako eta horretarako behar izaten dudan kontzentrazioak ere alde egin duelako.
Hara, kontzentrazioa, kontziliazioa eta nire buruarekiko zaintza abandonatu nauten honetan, osasunaren profesionalak oso gertu daude, eta haienbetebeharrak, elkarrizketak eta keinuak behatzen ditut; alde batetik, hitzez esaten dutena ulertzeko eta bestetik maskararen gainetik erakusten dituzten begiek kontatu dezaketena arakatzeko.
Artikulu honetan berdintasun gaiak mintzagai izaten ditudalarik, hitz egin nezake urtarrilaren bataz geroztik Espainian aitek 16 astetako baimena dutela haurra jaiotzeagatik; EAEn zertxobait aurreratu egin ginen. Honek kontziliazioan izango duen eraginaz idatz nezake, ez ordea erantzunkidetasunean. Egia da, horrelakoak aurrerapausoak direla, gizartearen eta lan egituren eta moldeen zeharkako aldaketa ematen ez bada hankamotz geldituko bazaizkigu ere.
Baina ez daukat gogorik, ezta indarrik ere. Eta bi horiek eskuratzeko eskabide orririk ez dudala jakiteak egoerari aurre egitea behartu nau; horretarako bizitzan parentesi bat irekitzea, ezer ez dela betirako pentsatzea, eta beste zenbait gizaki ere, egoera berdinean egon eta egongo direla eta gertatzen dena gertatzen dela, gainditu dutela gogoratzea. Eta horregatik, besteak beste, idatzi dut inoiz idatzi dudan artikulurik zailena.