Legorretako Talde Feministako kidea da Amaia Etxeberria (Legorreta, 1992). Urte hasiera honetan indarkeria matxistaren inguruko hausnarketa ari dira egiten Udalarekin batera. «Eraso matxistei erantzun bat ematerako orduan herritarroi baldintza gaitzaketen faktoreei buruz hausnartuko dugu, aurretik herrian bizi izan ditugun, eta gerta daitezkeen eraso ezberdinak aztertuz».
Zer moduz atera zen lehen saioa?
Elkar ezagutu eta tailer honek izango duen egitura zehaztu genuen. Herritarren parte hartzea handia izan zen eta talde anitza sortzea lortu dugu.
Hurrengoa zein gairen inguruan egingo duzue?
Egoera eta jokabide ezberdinei buruz hausnartzen hasiko gara. Bizipen edota iritzi pertsonalak giro seguru batean adierazi ahal izatea bermatzeko, lanketa banatuta egingo dugu. Ondorengo saioetan, hausnartu eta landutakoa beste taldearekin elkarbanatuko dugu, elkarrekin ondorioak ateraz.
Ze zaletasun dituzu?
Mendian eta itsasoan egiten diren kirol ezberdinak eta dantza.
Pelikula bat.
Milagro en la celda 7.
Liburu bat.
Zaila da bat aukeratzea. Sara Mesaren Un amor ari naiz irakurtzen.
Musika talde edo abeslari bat.
Liher taldea.
Abesti bat.
Iseo&Dodosound taldearen Fresh air.
Oporretarako leku bat.
Andeak, Feroe uharteak, Zeelanda Berria, Komodo… zerrenda luzeegia dut!
Zer gosaltzen duzu?
Zekale ogia ahuakatea eta sesamo haziekin, kiwi bat eta kafea.
Amets bat.
Emakumeok* aske bizi ahal izatea.
Bizitzako plazer txiki bat.
Besarkatzea, azkenaldian nahi beste egin ezin duguna.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Zambian, nire urtebetetze egunean, bertako eskolako haur guztiek elkarrekin abestu zidaten zorion abestia.
Goierriko txoko bat.
Mujuri baserri inguruko zelaiak.