Marian Bidegain Ormazabal • Gabiria
Gabiriako Goruntz dantza-taldearen argazkia da, 1974ko maiatzaren 19koa. 50 urte beteko ditu aurten taldeak.
Urrutiko Jose Manuel Ormazabali omenalditxoa egin genion egunean bertan ateratako argazkia, hain zuzen ere, eta bere eskuz idatzi eta sinatutakoa opari eman ziguna egun hartan dantzari izan ginenoi. Izan ere, zor genion Jose Manueli, dantzari-arropa berri-berriak ordaindu zizkigun eta.
Zenbat oroitzapen dantza-taldearenak! Aurten 50 urte beteko ditu taldeak. Ez ziren makalak izan hasiera hura eman zioten haiek: Jesus Gorrotxategi, Garbiñe Jauregi, Juan Mari Asurabarrena, M. Anjeles Maiz, Juanita Iztueta, Patxi Lizarazu eta Jesus Maiz. Gazteen indarra eta gogoa zuten, eta herri txiki bateko ume guztiak dantzan jarri gintuzten. Urretxuko Lurra dantza-taldeko hainbat dantzariren eta txistulariren laguntza paregabea izan zuten: Poxpolo, Juanjo, Apaolaza, Mila, Sudupe eta Marian.
Gaur pentsaezina dirudi orduko jokaerak. Igandero-igandero, goizeko 9etan egiten genituen dantza-entsaioak elizako saloian. Asko eta asko oinez etortzen ziren etxe eta baserrietatik, batere perezarik gabe, huraxe baitzen jolas eta denbora-pasarako aukera bakarretakoa. Eta jolas eta dantza artean, pixkanaka, herri-izaeraren ezaugarriak eta mamiak geureganatzen hasi ginen: elkartasuna, batasuna, hizkuntzaren kontzientzia eta talde-lanerako gaitasuna bezalako baloreak.
Dantzatzen duen herria ez da hilko
Berrogeita hamar urte hauetan hainbat eta hainbat ume eta gazte ibili gara Goruntzen, ez Gabiriakoak bakarrik, auzo-herrietakoak ere bai, Ormaiztegi, Ezkio eta Itsasokoak, esaterako.
Gaur gure seme-alaben umeak dabiltza dantzan. Polita da benetan transmisioa ikustea. Ez dadila katea eten! Dantzatzen duen herria ez omen da inoiz hilko.