Gartza edo kuartza hauskara (Ipar Euskal Herrian amiamokoa ere esaten zaio; Ardea cinerea) hegazti ikusgarria da. Garaia eta galaia, moko eta zango fin luzeak, lepo-paparrak zuriak eta gorputz gris ederrekoa. Izukara oso. Hegazti astuna da, eta hegalari oso ona ez. Arreta pizten du, azaltzen den unean eta gunean. Baina gartza ez da bitxia Goierriko faunan, ezta Euskal Herrian ere. Krustazeo, anfibio, arrain edota zelatan ehizean harrapatutako hegaztiekin elikatzen da, sakonera gutxiko ur eremuetan.
«Gartza espezieetatik bat da. Espezie hau Oria ibaian normalean egoten da, eta orain indibiduo sedentarioak edo negukoak egon daitezke», argitu du Aranzadi zientzia elkarteko Maite Laso ornitologoak.
Ura du gustuko, bizi iturri eta leku gisa. Ez da harritzekoa, beraz, emari txikia daukan erreketan edo urmaeletan ikustea. «Urmaela, bizi iturri. Kuartza hauskarak ondo asko daki hor baduela zer jana. Adi egon datozen asteetan ea baso-igel gorrien erruterik baden», ohartarazi zuen Iñaki Sanz-Azkue biologoak Twitterren azaroaren 19n. Zaldibiako Parke Botanikoan dagoen urmaelean aurkitu eta fotografiatu zuten gartza bat Lardizabal herri eskolakoek.
Eta, koartzaren presentzia aprobetxatuz, putzu, aintzira edo urmaelen balioa nabarmendu du Sanz-Azkuek: «Zaldibiakoa bezalako urmael horiek garrantzitsuak dira izaki bizidun askorentzat, besteak beste bertako anfibioentzat. Hor dauden arrainak ez dira naturalki iritsiak, baizik eta bertako biztanleek askatuak. Hori dela-eta, azpimarratuko nuke urmaelak ekosistema natural baten moduan funtziona dezan, eta anfibioen –mundu mailako ornodun mehatxatuenak dira– mesederako, arrainik ez askatzea bertan».
Hegazti behaketak katalogatzen
Ornitologiara itzulita, eta kuartzaren ikuskenak Goierrin ezohikoak ez diren arren, bada Interneten fauna eta flora behaketak erregistratzeko eta ondoren kontsulta daitezkeen webgune bat: www.ornitho.eus. Behatutako hegaztia –kasu honetan, kuartza adibidez– non ikusi den erregistra daiteke.
«Ornitho Euskadi herritar orori eskainitako zientzia ataria da eta plataforman geratzen dira behaketa guztiak. Ondoren zientzian erabiltzen dira analisi estatistikoak, atlasak eta beste lan batzuk egiteko». dio Lasok. Mapan irudika daiteke hegazti jakin baten behaketak non eta zenbat izan diren, denboran zehar. Kuartza hauskararen kasuan, 40 urtean erregistratutako behaketen puntuek, garbi marrazten dituzte ibaien ibilgua eta hezeguneak.