Urte berria hastearekin batera, aurrekoaren datu meteorolgikoak aurkezten ditu urtero Alonso Frances Alustizak. Aemet estatuko meteorologia agentziak Legazpin duen estazioaz arduratzen da 1993tik.
Azken urteetan bere buruarekin hartutako konpromisoari jarraituz, Alonso Frances legazpiarrak txostena egin du Legazpiko aurreko urteko datu meteorologikoak bilduz. Txostenaren arabera, 2020a aurrekoak baino epelagoa izan da, eta euriari dagokionez, aldakorra.
Frances arduratzen da 1993tik Legazpin, Goenaga baserriaren ondoan, Aemet Espainiako metereologia agentziak duen estazioko datuak biltzeaz. Legazpikoa ez da Aemetek Goierrin duen estazio meteorologiko bakarra, Zumarragan, Beasainen eta Seguran ere badituelako bana. Horiez gain, Euskalmet Euskadiko agentziak Zegaman, Ordizian, Zumarragan eta Beasainen ere estazio bana ditu. Horietako bitan, Ordiziakoan eta Zegamakoan jasotako datuei erreparatuta, Francesen txostenean laburbildutakoa Goierri osoan errepikatzen dela ikus daiteke, eta Legazpin bezala, eskualde osoan urtea epela eta aldakorra izan da euri kontuetan.
Ia 30 urte datuak biltzen
Alonso Frances 1993ko maiatzaren 16an hasi zen Legazpiko datuen bilketaz arduratzen, ordura arte lan horretan jardun zuen Felix Gastañaresi erreleboa hartuta. Gastañaresek Patrizio Etxeberriaren Bellota Herramientas enpresan lan egiten zuen eta lantegiko terrazan zuten estazioko datuak biltzeaz arduratzen zen. Zinegotzia ere bazen udaletxean, eta lanetik jubilatu behar zela eta, udal langile batek haren kargu egitea proposatu zuen; hala, Frances udal aparejadoari proposatu zioten lana, eta baiezkoa eman zuen. Goenaga baserri ondoan dagoen ur biltegira eraman zuten orduan estazio meteorologikoa.
«2020. urtea aurrekoa baino epelagoa izateaz gain, gorabeheraz beterikoa izan da euriari dagokionez»
«Datuetan oinarrituta irakurketak egiten ditut, baina beste gauza bat da eguraldiaren pronostikoak egitea; ez ditut egiten»
Alonso Frances Alustiza, Aemet agentziaren kolaboratzailea
Aemet agentziaren kolaboratzailea da Frances, eta bere zeregina da egunero Goenagako estaziora joan eta han dauden plubiometroak eta termometroak jasotako datuak liburuxka batean idaztea. Aurreko eguneko tenperatura maximoa eta minimoa zeintzuk izan diren idatzi behar ditu, eta euria egin badu, egindako euri kopurua ere bai. Horrez gain, beste fenomeno metereologikorik egon bada ere, horien berri ere jaso behar du, hala nola, elurra, txingorra, izotza, ekaitza, behe lainoa eta ihintza. Hilaren bukaeran informazio hori guztia Donostiako bulegoetara bidaltzen du, eta han, besteak beste, estatistikak eta txostenak egiteko baliatzen dute.
Lan horren truke, Aemeteko gainerako kolaboratzaileek bezala, urtean 300 bat euroko saria jasotzen du.
Aipatu behar da Goenagako estazio honetan badirela neurketa sistema automatikoak ere, eta horien irakurketak Aemetek webgunean kontsultatu daitezke. Francesek azaldu duenez, alde txikia izaten da berak hartutako datuen eta datu automatikoen artean.
Legazpiko datuak, 1946tik
Francesen aurretik, Gastañaresek 1980ko urtarrilaren 1etik 1993ko maiatzaren 15era arte egin zituen meteorologia datuen bilketa lan horiek Legazpin, eta lehenago, Gregorio del Canto aritu zen, 1946ko urtarrilaren 1etik 1979ko abenduaren 31ra arte. Esan bezala, estazio meteorologikoa 1993an Goenaga ingurura eraman zuten, Patrizio Etxeberriaren Bellota lantegiko terrazan zegoena desmuntatu eta gero.
Urte horietako guztietako datuak jasota daude, eta Francesen zaintzapean daude gordeta, haren lankide Isa Iñurritegik egindako lanari esker. Horregatik daki 1946tik gaur arte Legazpiko egunik beroenak 1968ko ekainaren 30a eta 1960ko abuztuaren 23a izan zirela, bietan 43 graduko tenperatura neurtuta. Beste muturrean, egunik hotzena 1985eko urtarrilaren 6a izan zen, -15 gradurekin; Errege Magoak ere izoztuko ziren egun hartan. Euri gehien egindako eguna, berriz, 2016ko otsailaren 27a izan zen, 130 litrorekin.
Ikusten denez, tenperatura kontuetan errekorrak ez dira Francesen kolaborazioaren garaikoak, bai ordea euri kantitatearena.
Iazko datu esanguratsuenak
Muturreko zenbaki horiek ez dute, inolaz ere, batere antzik iazko datuekin. Horiek ere txukun-txukun jasota ditu Francesek, eta horiei begiratuta ikus daiteke Legazpin iazko urtea aurrekoa baino zerbait epelagoa izan zela: batez besteko tenperatura 13,28 gradukoa izan zen, eta 2019koa 13,01 gradukoa; tenperatura altuena abuztuaren 7an neurtu zen, 38 gradu, eta baxuena urtarrilaren 1ean, -1,5 gradu. Bestetik, abuztua izan da hilabeterik epelena, batez besteko 19,56 gradurekin, eta abendua hotzena, 6, 74 gradurekin.
Euriari dagokionez, urte osoan 1.474,70 litro jaso ziren guztira, aurreko urtean baino gutxiago (1.740 litro); kopuru hori 1956tik aurrerako bates bestekotik beherakoa da: 1543,36 litro. Urtarrilean eta otsailean oso euri gutxi egin zuen, eta uztailean ia ezer ere ez, azken hamar urteetako hilabeterik lehorrena izanik. Azaroa ere ohi baino lehorragoa izan zen, eta martxoan, urrian eta abenduan batez bestekotik gora euri egin zuen. Hori guztia ikusita, 2020 urtea «aurrekoa baino epelagoa izateaz gain, gorabeheraz beteriko urtea» izan dela dio Francesek, euriari dagokionez. Guztira 192 egunetan egin zuen euria.
Gainerako fenomeno meteorologikoen atalean, elurra aipatu behar da, ez zuelako ia egin: lau egunetan bakarrik zuritu zen Goenaga ingurua.
Behelainoa ere aipatzen du Francesek, Legazpi inguruan oso gutxi agertzen den fenomenoa delako; Goierri behean, aldiz, askotan esnatzen dira egunak behelainoez estalita. Iaz, hiru egunetan bakarrik sumatu zuen Legazpin.
Ez da meteorologoa
Eguraldi kontuak gustuko dituela aitortu du Francesek, «askotan erabiltzen den gaia da», eta zenbakietan eta datuetan oinarrituta estatistikak ateratzea ere bai. Baina argi du bera ez dela metereologoa: «Datuetan oinarrituta irakurketak egiten ditut, edo ondorioak atera edo joerak ikusi, baina beste gauza bat da eguraldiaren pronostikoak egitea, eta hori nik ez dut egiten inolaz ere».
Azken egunetako elurraz ere hitz egin du, «aspaldian ez zuen horrelakorik egiten, elurra egin eta ondorengo izotzarekin, ia 15 egun egon da dena zuri». Ea aurtengoak zer dakarren.