Euskalmeten egiten du lan Jaione Munarrizek (Idiazabal, 1981) duela 14 urte ingurutik. Ingurumen Zientziak Salamancan eta Meteorologia Bartzelonan ikasi ondoren, berriro itzuli zen jaioterrira. Mendiko kirola da bere zaletasun nagusia: Hueskako Pirinioetako Tena bailarako maratoiko ibilbidea osatu zuen iaz lagun batzuekin, ama izan ostean kirolari berrekiteko helburuz.
Izan diren azken elurteekin ere ikusi da: eragin handia du Euskalmetek iragartzen duena.
Guk esaten dugunaren arabera, barne sailak erabakiko du abisua eman edo ez eman. Iragarpenak ez dira iragarpen soilak. Egoera sinple batean, eguzkia dagoenean, antizikloiarekin, ez dago arazorik, ez dauka eraginik. Baina justu aurreko asteko elurrekin bai. Egoera batzuk ez dira errazak eta ulertu beharko genuke iragarpena probabilitate kontua dela, ez dela bihar eguzkia egingo du eta hala izango da. Hau ez da eragiketa matematiko zehatza, probabilitatea da.
Asko galdetu al dizute azken asteetan iragarpenen inguruan?
Noizbehinka galdetzen didate. Honantz ikusten zen frontea iritsiko zela, baina ez zen hotz kontua, baizik eta prezipitazioa etorriko zen ala ez.
Euskalmeten egiten duzu lan. Zein da zure lana zehazki?
365 egunetan egiten dugu lan eta 24 ordutan gaude. Zortzi orduko txandatan egiten dugu lan, eta gure lana bi zatitan banatzen dugu: iragarpena eta jarraipena. Nik goizez egiten dut normalean lan. Kate lana da, ze ni iristen naizenean gaueko txandakoak iragarpen bat eginda uzten du. Bakoitzak bere interpretazioa egiten du eta lau egunetako iragarpena egiten dugu.
Zertan oinarritzen zarete?
Modeloetan. Irteera matematikoak dira. Nolabait mapak pintatzen dizkiogu, momentuko egoera aztertzen dugu eta etorkizuneko aurreikuspena ateratzen dugu, zer bilakaera edukiko lukeen. Momentuko tenperatura, haizea…modelo bakoitzak bere bilakaera izaten du, bere baldintzekin.
Iragarpen horiek komunikatzea ere bada zuen lanaren parte.
Bai, gero komunikazioa ere egiten dugu. Irratian nabil orain ni, 35-40 irrati interbentzio egiten ditugu goizean partea emateko: Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Copen, Ser-ren, 40 Principalesen… irrati askotan. Euskalmetek dohainik ematen duen zerbitzua da.
«Iragarpenaz gain, komunikazioa ere egiten dugu. 35-40 irrati interbentzio egiten ditugu goizean partea emateko»
«Guk interpretatu egiten dugu, eta azkenean zure esperientziak ematen dizu xehetasunak atzemateko gaitasuna»
Hamalau urte inguru daramatzazu bertan lanean. Asko aldatu al da lana urte hauetan?
Adibidez garai batean urtarokako iragarpenak egiten ziren, baina orain hori utzita dago, ez dagoelako fidagarritasunik horretarako. Aldaketa handia eman da, mundu berri bat. Garai batean ere guk mapak ikusten genituenean eskala handiko mapak ziren, eskala sinoptikoak. Ematen zituzten datuak oso zabalak ziren. Urteekin modelo mesoeskalarrak deitzen direnak egin dira. Hau da, maila horren barruan eskala txikiagoko informazio mapak ateratzen joan dira, eta horiek dira guri gaur egunean hainbat datu ematen digutenak: adibidez, kostaldean galerna bat sortu behar bada horrek esaten digu, edo ekaitzak. Lehen informazio hori zailagoa zen. Modeloek bilakera handia izan dute.
Euskalmetek iragarpen horiek egiteko Euskal Herrian banatutako sare bat daukala diozu.
Bai, estazio meteorologiko pila bat daude. Hemen inguruan Beasainen Estandan, Ordizian Oiangu inguruan, Zaldibian, Agauntzan beste bat…eta horiek automatikoki hainbat datu jasotzen dituzte. Tenperatura, prezipitazioa, insolazioa edo haizea neurtzen dute eta 10 minutuero iristen zaigu informazioa. Hainbat elementu erabiltzen dira: datuak, radarra, satelitea momentuko hodeitzaren egoera ikusteko…
Orain dagoeneko ez dute botatzen, garestia zelako, baina globo sondak botatzen hasi ziren Urdaibaitik. Aire masaren inguruko informazioa ematen zuten.
Teknologiak aurrera egin du azken urteotan. Garrantzia galdu al du gizakiaren presentziak iragarpenetan?
Nik uste urteekin esperientzia hartzen duzula. Gizakiak, zorionez, nolabait ordenagailuak egiten ez duena egiten du, eta lan hori ezinbestekoa da. Modeloak hobetzen ari dira, baina pertsonaren balioa handia da. Guk interpretatu egiten dugulako, eta azkenen zure esperientziak ematen dizu xehetasunak atzemateko gaitasuna. Agian duela bi urte egoera berdina eman zen eta esperientzia horretan oinarritu zaitezke. Tokian tokiko ezaugarri horiek, oraindik makinek ezin dezakete egin.
Adibidez, modelo batek 650 metrora elurra egingo duela ematen du, bada Eginotik Agurain parerako zatian beherago egiten du. Etxegaraten elurrik ez eta hor elurra egoten da. Horregatik, geografia ezagutzea oso garrantzitsua da.
Euskal Herriko meteorologia interesgarria da meteorologo batentzat?
Bai, oso anitza delako. Penintsulako beste toki batzuetan klimatologia oso uniformea da. Alde horretatik hemengoa berezia da. Fisikoki eta geografikoki, latitude ertainetan, zonalde epel batean eta itsasoz inguratuta dagoelako, eta baita dinamikoki ere: atmosferari dagokionez, fronte polarra eta azoretako antizikloia izango liratekeen bi gune oso garrantzitsuren pasabidean gaude, borraska eta antizikloien paso horretan. Meteorologo bezala, Euskal Herrian lan egitea interesgarria da ez dagoelako berdina den egunik. Eguraldia asko aldatu daiteke hemen.
Hego haizeak eragin zuzena izaten du zuen iragarpenetan.
«Hegoarekin ez duzue asmatzen» esaten digute askotan. Egia da egoerak ez direla hain definituak, baina ez nuke komodin hori erabiliko beti. Hego haizearen egoeraren araberakoa da. Interpretazioak hegoarekin ez dira hain garbiak izaten.
Itsasoari loturiko iragarpenak ere egiten dituzue. Kantauriar Itsasoak nola eragiten du gure meteorologian?
Bai, bi egunetako iragarpenak egiten ditugu. Itsasoak termikoki eragiten du, asko. Urak badauka berezitasun hori: berotzea kostatzen zaio, baina aldi berean hoztea ere kostatzen zaio. Alegia, orain tenperatura udaberri partean lurrean igotzen joango da, eta itsasoa, aldiz, hotzago egoten da. Termorreguladorea da. Itsas brisa, adibidez, eguerdi partetik altxatu ohi da, lurrazalean tenperatura altuena dagoen momentuan, itsasoaren eta lurrazalaren arteko diferentzia handien dagoenean. Azkenean dena bloke bat da eta bata bestearekin erlazionatuta dago: itsasoa, atmosfera, haizea… Olatuak haizeak sortzen ditu.
Ingurumen Zientziak ikasi zenituen eta meteorologia masterra ondoren. Argi izan al zenuen hasieratik?
Ez. Kazetaritza ere esaten nuen garai batean. Beti izan dut ingurumenarekiko horrelako gertutasun bat, asko gustatu izan zait. Garai hartan ez zegoen hemen Ingurumen Zientziak ikasketak egiterik eta Salamancara joan ninzen. Batzuetan tokatzen dira irakasle onak eta justu Aire Fisikako irakasle bat izan nuen oso ona. Hark hartxo bat sortu zidan. Bartzelonara joan nintzen bigarren zikloa egitera, eta han bazeuden meteorologia master batzuk.
Karrera bukatuta, Euskal Herrira itzuli nintzen, baina beti hartxo horrekin. Urtebetera Bartzelonara itzuli nintzen eta masterra egin nuen.
«Bartzelonatik itzuli nintzenean, familian eta lagunartean berriro tokia bilatzea kostatu zitzaidan»
«Mendian sentitzen naiz ni; bertan bizi dudan askatasuna da energia gehien ematen didana egunerokotasunerako»
Zer egin zenuen Euskal Herrira etorri eta Bartzelonara itzuli bitarte horretan?
Gurasoek enpresa bat dute eta haiei laguntzen egon nintzen. Gero Urbasako ingurumen eskola batean egon nintzen. Eskoletatik bi hiru egun pasatzera joaten ziren eta bertan ingurumenarekin erlazionatutako ekintzak egiten ziren. Proiektua bukatu bitartean hilabete batzuk egon nintzen ez nekiela oso ondo nondik jo. Ingurumen Zientziak alorra oso zabala da, eta ez da hain erraza erabakitzea lan mundura sartzean. Ideiak argitu nituen, eta Bartzelonara.
Eta Bartzelonatik bueltatzean Euskalmeten hasi zinen lanean, gaur egunera arte.
Hori da. Sei hilabete inguru pasako ziren eta Euskalmetentzat lana egiten zuen enpresan hasi nintzen lanean. Gaur egun Teknalia da.
Kanpoan ikasi eta bizi ondoren, nola gogoratzen dituzu Idiazabalera itzuli zinen garai horiek?
Ez zen erraza izan, egia da adin hori ere ez dela erraza izaten. Masterrarekin bueltatu nintzenean hobeto, bidea estutzen ari zelako lanari dagokionez, baina kostatu zitzaidan berriro tokia bilatzea familian eta lagunartean. Halere, ez nuke aldatuko.
Mendizalea zara. Astirk izaten duzu zaletasun horretaz gozatzeko?
Bai. Nire zaletasun handiena da mendia, kirola eta mendiko kirola. Txikitatik ez dakit, baina nerabe nintzenetik behintzat gogoko dut, asko. Bertan sentitzen naiz ni, nire askatasun hori ematen dit. Mendian bizi dudan askatasuna da egunerokotasunerako energia gehien ematen didana. Korrika, oinez… Konpetitzen ez, baina asko gustatzen zait. Orain umeak ere koskortu direla hasi naiz berriro niretzako denbora hartzen eta pixkanaka kirolari eusten.
Eskiatzen ere ibiltzen zara ezta?
Egia esan bikotea ezagutu nuenean hasi nintzen eskiatzen. Gero ama izan nintzen eta orduan errazena fondoko eskia zen berriro hasteko. Eta horrela hasi nintzen. Batez ere Pirinieotara joaten gara. Asko mugitzen gara etxekoak, oso mendizaleak gara. Umeak ere oso gustura joaten dira. Orain zeharkaldia ikasten hasi naiz. Eskalada ere egin izan dut, baina orain gutxi.
Konpetitu al duzu inoiz?
Ez dut inoiz karrerarik egin. Iaz goitik jo nuen eta izena eman nuen Tena bailarako maratoian parte hartzeko. Pantikosako balneariotik ateratzen da. Baina pandemia dela eta bertan behera geratu zen. Nire helburua, dena den, ez zenez lasterketa egitea, baizik eta eragingarri bat izatea berriro kirolari ekiteko, azkenean egin nuen maratoiko ibilbidea. Lasterketa data baino astebete lehenago, lagun batzuekin. Betetzen nauen gauza bat da mendia.
Ingurumena maite duen eguraldi-emakumea
Idiazabalen jaio zen Jaione Munarriz, 1981ean. Berrogei urte beteko ditu, hortaz. Beti izan du gustoko ingurumena, eta horri lotutako zerbait ikasiko zuela jakin bazekien arren, orain atzera egingo balu Fisika ikasiko zukeen. Izan ere, Ingurumen Zientziak ikasi zituen Salamancan, eta ondoren egin zuen Meteorologia masterra Bartzelonan, garai hartan Euskal Herrian ez zegoelako hori ikasteko aukerarik.
Bartzelonatik itzuli zenean gurasoen enpresan eta Urbasako baso eskolan egin zuen lan hilabetez, ibilbide profesionala zehaztu bitartean, eta Euskalmeten hasi zen ondoren. Hamalau urte daramatza Euskal Meteorologia Agentzian.
Urte horietan lan egiteko moduak eta erabiltzen dituzten teknologiek aurrerapauso handiak izan dituztela azaldu du, baina oraindik «zorionez» gizakiaren interpretazioa ezinbestekoa dela iragarpenak egiteko: «Ordenagailuak egiten ez duena egiten dugu guk». Haien iragarpenek eragin handia izan dezaketenez, Muniarrizek dio ezinbestekoa dela probabilitate kontua dela ulertzea.
Gaztetatik kirolari amorratua da. Mendia da bere zaletasunik gogokoena. Korrika, oinez, eskiatzen, eskalatzen… baina mendiari lotutako kirolak egin izan ditu beti. Ama izan ostean, orain eutsi dio berriro kirolari, eta zeharkaldiko eskia ikasten dabil. Tena bailarako maratoiko ibilbidea egin zuen iaz kirolera itzultzeko eragingarri bat izate aldera.