Joxe Mari Barandiaran • Ordizia
Goierriko Bertso Eskolaren hamargarren urteurrena (1982an sortu zen) nahiko handikiro ospatu genuen 1992an; Santa Kruz apaiza Pastorala ekarri genuen tartean. Baina «geldituko» zen zerbait egitea erabaki genuen, bertso paper lehiaketa bat. Lazkao Txikirekin hitzarmena sinatu eta bere izeneko bertso paper lehiaketa antolatu genuen 1992an.
Ordurako sonatuak ziren hainbat bertso paper lehiaketa: Manuel Lekuona saria, Zapirain anaiena, Enbeitatarrena… Honela, Lazkao Txikiren izena izango zuen sariketa antolatzea erabaki genuen Ordiziako Argi Berri elkartean. 1992an hitzarmena sinatu genuen Lazkao Txikirekin; guretzako bakarrik balio zuen hitzarmen bat. Manolo Gorospe zen orduan elkarteko lehendakaria. Oraindik akordatzen naiz, Lazkao Txikirekin egon ginenean nola esan zigun: «Aizak hi, politikarekin ez diat ezer ere jakin nahi eh!». Ezetz, euskara bultzatzeko zela esan genion. Dokumentu hori ondo jasota daukagu oraindik ere, bertso paper lehiaketako irabazleen bertso guztiekin batera.
Aurreneko edizioko irabazleak Oihane Enbeita gaztetxoetan, Aitor Albistur gazteetan eta Rufino Iraola helduetan. Ia 30 urteotako sarituen zerrenda luzea da. Bertsolari asko maila handira iritsitakoak, eta beste batzuk bidean galdu direnak. Hiru mailetan lehenengo saria irabazi duena Ekaitz Goikoetxea beasaindarra da. Azkenaldian gainera, bertso paperetan sariak atera izan dituztenen semeak edo alabak hasi dira orain gazteetan bidea egiten eta sariak lortzen. Familietan transmisio lana egiten denaren adierazgarri da hori.
Altxorra liburukietan
Bertso idatzi guztiak liburuxkatan gordetzen ditugu hasiera-hasieratik; bost urtean behin argitaratzen ditugu maila bakoitzeko hiru sarituen bertsoak (lehenengoan, lehenengo birenak bakarrik). Ondo bidean, aurten bosgarren liburukia argitaratuko dugu. Benetako altxorrak dira liburuak, baina kezka bat badugu: zein erabilpen daukaten bertsoek. Bakarren batzuk musikatu dituzte, baina ez da asmatzen bertso idatziak plazaratzen; beste urrats bat falta da hor. Pentsa, garai batean bertso idatziak buruz ikasten ziren!
Hogeita hamargarrena bidean
Maiatzean oinarriak kaleratu eta uztailaren 1a izaten da lanak jasotzeko epea, eta sari banaketa, irailean izaten da, Euskal Jaietako bigarren igandean. Gaztetxoen mailan gaiak finkatzen baditugu ere, gainerakoetan gai librea izaten da. Beraz, edozein momentutan idatzitako bertsoak izan daitezke. Diruaz gain, hamargarren ediziotik, 2001. urtetik Antton Mendizabal eskulturgileak egiten dituen oroigarriak zain izango dira aurten ere.
Urte eta ordu askotako lana du Lazkao Txiki bertso paper lehiaketak. Ordiziako Udalarekin sinatutako hitzarmenak asko lagundu du horretan, eta nola ez, ezinbestekoa izan da, Argi Berri elkartean, urtez urte bertso sariketa antolatzeko eta sokari tira egiteko talde sendo bat egotea.