Goierriko jatorriko Intxausti familiak sustraiei itsatsita jarraitu zuen, Filipinetan ia mende bat igaro arren. XX. mende erdiko garai gatazkatsu eta gordinetan, erbesteko euskal instituzioei eta euskal kulturari arnasa finantzarioa eman zion familia aberats hark. Itsasoan hasi zuten, beste askok bezala, mundu osoan barrenako bidaia.
Jose Antonio Intxaustik eta Martina Gregoria Gurrutxategi Altzolak (Urretxu, 1775) ekin zioten bidaiari. Intxausti armadorea eta kapitaina zen. Filipinetan, Venezuelan eta Europan barrena nabigatu zuen. Hiru aldiz jo zuen ekonomikoki hondoa, eta hutsetik hasi.
Haien seme Jose Joaquin Intxausti Gurrutxategi (Cadiz, 1815) errotu zen Filipinetan, XIX. mendearen erdian. Ynchausti y Compañía enpresa sortu zuen Manilan, 1854an. Nabigaziora dedikatzen zen Naviera Ynchaustiri eusteaz gain, industriara, finantzara, garraiora eta nekazaritzara zabaldu zuen jarduera. Filipinar Irletako Bankuko zuzendari nagusi ere izan zen, 1868tik 1884ra.
Espainiak Filipinetako koloniak galdu zituenean, han jarraitu zuten Intxaustitarrek, AEBen administraziopean orduan. Enpresa ugariko eta aktibitate anitzetako konpainia izateari etekina atera zioten. Etorkizunerako hain garrantzitsu izango zuten amerikar pasaportea ere hartu zuten.
Hirugarren belaunaldiko Joaquin Joseren ondoren, haren seme Manuel Maria Intxausti Romerok (Manila, 1900) jarraitu zuen enpresen gidaritzan. Espainian egin zuen soldadutza, eta Leizaola ezagutu zuen Madrilen. Euskal aberriaren deiak Donostiara erakarri zuen, 1933an. Abertzale sutsu bihurtu zen.
Jaurlaritzaren AEBetako giltza
Ana Belen Larraurirekin ezkondua, bost seme-alaba izan zituzten. 1936ko gerra hasi zenean, eta naziotasun estatubatuarra baliatuz, AEBen itsas armadak ebakuatu zituen, Donostiatik Uztaritzera (Lapurdi). II. Mundu Gerra hasi zenean, AEBetara joan ziren, Filipinetan egonaldi labur bat egin ondoren. Baina 1947an Euskal Herrira itzuli zen Intxausti, eta Uztaritzen hil zen 1961ean.
Erbesteko Eusko Jaurlaritzaren ezkutuko mezenas garrantzitsua izan zen urretxuarren birbiloba Manuel Intxausti. Jose Antonio Agirre lehendakariaren bidaia, Goteborgetik Ipar Amerikara, hark ordaindu zuen. AEBetan sartzea erraztu, eta Columbiako Unibertsitatean irakasle lana lortu zion. Amerikarren harreman sarean txertatu zituen euskal agintariak, eta hango katolikoak frankismotik urruntzen aritu zen.
Euskaldunen Munduko Elkargoa sortu zuen, ibilbide motza eduki arren. Beti, ordea, bigarren lerroan egon zen.