Elektrizitatearen prezioak sabai historikoak harrapatu ditu urtearen hasieran. «Ekaitz perfektua» gertatu da, Goienerren esanetan: hotzaldia, berriztagarrien ekarpen txikiagoa eta gasa garestitzea. Baina badira halakoak saihesteko bideak.
Karranpak giharrean eragiten duen elektrizitate deskargak adinako zimikoa eragin du argindarraren prezioaren igoerak 2021. urtearen hasieran kontsumitzaileek poltsikoetan, batik bat etxebizitzetakoetan. Sabai historikoa jo du argindarraren prezioak Espainiako estatuan, eta zuzenean eragin dute subasta horiek Goierrin.
Hotzaldi gordinenarekin bat egin dute denboran prezio goraldiek. Baina zer gertatu da benetan? «Ekaitz perfektu bat osatu da», azaldu du Goienerreko Agurtzane Allur legorretarrak. Klimaren eskakizunak asetzeak igo du energiaren kostua, baina finantza-merkatuaren gose aseezinak sartu dio hortza.
Egia esan, negu betean elektrizitatea garestitzea ez da berria. Joera beti egoten da igotzeko, baina ez halako mailetara. «Batetik, klimak eragindako hotzaren aurrean, energia eskaria igo da. Bestetik, berriztagarriaren sorkuntza gutxitu du», argitu du Allurrek.
Energia sortzeko behar diren teknologietarako gasa behar izan da, horrenbestez, eta gasaren eskaria ikaragarri handitu da. «Hor izan dira arazoak; gasaren prezioak gora egin du mundu osoan. Argeliatik dator gasa, baina mundu osoko joerak ezartzen du prezioa».
Berriztagarrien generazioan, berriz, eolikoarena gutxitu da, haizerik ez delako ibili, eta fotovoltaikoa ere murritz geratu da, eguzki-plakak elurrez estali direlako. «Baina nuklearrak baino gehiago sortu dute, hala ere, eta hori aipatu eta azpimarratu beharra dago».
Urtarrilaren 9an eta 11n gorena
Argindarraren megawatt orduaren prezioak urtarrilaren 9ko 20:00etan harrapatu zuen errekorra: 121,24 euro. Eguneko minimoa 50 euroan geratu zen; aste batzuk lehenago, maximoak jotzen zuen mailan. Urtarrilaren 11n berriro ere 121,14 eurora iritsi zen. Ekoizpen kostuen igoera %4 izan bada, handizkakoen prezioen igoera %100ekoa gertatu zen. Sektore elektrikoaren arautze kaxkarra ikusi dute horren atzean aditu askok. «Sektorea diseinatuta dagoen bezala, ez du beti bermatzen prezio justua eta errealena ezartzea kontsumitzailearentzat», esan du Goienerreko merkatu elektrikoetako aditu Beatriz Marinek.
Behin hotzaldiaren gogorrena pasatuta, eta berriztagarriak atzera sorkuntza maila ohikoetara itzuli direnean, aurreko astean hasi zen argindarraren handizkako prezioa bere onera itzultzen. «Ideologikoki, zeresana eman dezake, energia berriztagarrien sorkuntzarako gertutasunaren abantailak ikusita», ohartarazi du Allurrek. Arlo hori bultzatu beharko litzatekeela, alegia, halako gora-beherak saihesteko.
Kontratatutako tarifa, beste gakoa
Urte hasierako albisteetako bat izan da, argindarraren prezio handiek etxeetako ekonomietan izango duten eragina. Urtarrileko faktura %50 eta 60 artean garestituko zaiela kalkulatzen da. Baina ez da beti eta denentzat horrela. Argindar konpainiarekin kontratatutako tarifa motaren arabera, dezente apaltzen delako merkatuaren fluktuazio basatien aldi bereko kolpea.
«Hurrengo ariketa egin behar dugu: guk kontratatua daukagun tarifa ikusi behar dugu nolakoa den: kontratu indexatua den, hau da, merkatuaren prezioaren baitan fakturatuko digutena; ala prezio itxian daukagun. Horren arabera, prezio itxia bada, ez digu zuzenean eragiten prezio igoera honek».
Agurtzane Allur , Goiener
«Ekaitz perfektua sortu da. Batetik, klimaren hotzaldiaren aurrean energia igo da. Bestetik, berriztagarrien sorkuntza gutxitu eta gasa igo da»
«Merkea ala garestia, ez da kontsumo prezioaren baitan edo berriztagarri den ala ez erabaki behar. Baizik zer behar dudan»
Goienerrek, adibidez, hiru hilabeteko tartea duten tarifak sortzen ditu prezioa kalkulatzeko. Etxeetarako kontratu-mota erabiliena hori da, Goierriko energia kooperatibaren kasuan. Egonkortasun handiagoa ematen du: «Mantentzen saiatzen gara, gora-behera handirik ez izaten. Gure bazkide kontsumitzaileek ez dute nabarituko merkatuko igoera nabarmen hori, prezioak jada aurretik onartuta genituelako».
Prezio merkea vs. justua
Orain hurrena, 2017ko abenduan gertatu zen argindar merkatuetan garestitze ezohikoa. Hotzaldia eta negu elurtsuagoa izan zen orduan ere. Kontsumo igoerari sortzaile handiek darabilten teknologiaren izaera gehituta, berriro halakoak gertatzeko bidea irekita geratzen da. Berriztagarrien aldean erregai fosilak gehiago erabiltzen badira energia eskari igoerei erantzuteko, potentzia orduaren kalkulua automatikoki ilundu egiten da, ez baita oso gardena prozedura. «Hori kontrolatzea ez da erraza. 2017ko abenduan, bazeuden zantzuak pentsatzeko zer teknologia erabiltzen ari ziren momentu horretan, energian ekoiztean trikimailuak sartzekoa», dio Goienerreko Maria Arretxek.
Goienerren energia berriztagarrien sorkuntza bultzatu dute, hasieratik. «Bakoitzak daukagu aukera energia hori kontsumitu ahal izateko, eta sortzeko ere norbanakoek dugu aukera», argitu du Allurrek.
Hala, prezio merkearen eta justuaren arteko bereizkuntza egiten du: «Merkea ala garestia, ez da kontsumo prezioaren baitan erabaki behar. Eta energia berriztagarria edo ez berriztagarriaren artean ere ez. Baizik, kontratatuta zer daukadan, eta hori beharretara egokitzea. Hortik etorriko da nire energia-faktura merkea edo garestia izatea. Prezio sistema aldakorra da. Indexatuan edo tarifa itxian, ez da lotu behar berriztagarriarekin, ez du esan nahi garestiagoa denik hori. Pedagogia bat egiten dihardugu egunero».
Etxe, erakunde edo enpresa bakoitzaren beharrak aztertu behar dira aurrena. Hortik dator kostuaren jaitsiera, analisi hori da garrantzitsua. Prezioaren saltsan sartzeak ez du luzerako etekinik ekartzen, eta ez dugu etorkizunerako hobekuntzarik sartzen».
Behin horra iritsita, gastatzen dena zer, nola eta nondik datorren jakitea da kontsumitzailearen azkeneko egitekoa eta ardura. Faktura irakurtzen jakitea, alegia. Ikastaroetan ikas daiteke hori.
Gakoak
Handizkako argindarraren garestitzeari izkin egin dakioke, zenbait neurri hartuta eta aholkuri kasu eginda.
- 1 Kontratu mota ikusi. Urtarril hasierako garestitzeak etxebizitza arruntei eragin die, gehienbat. Kontsumitzaileak zer kontratatuta daukan jakin behar du: tarifa indexatua daukan (merkatuaren prezioen arabera etengabe birmoldatzen dena) ala prezio itxian araututakoa.
- 2 Beharrak aztertu. Adituen arabera, noizean behingo prezio gora-beherek baino eragin handiagoa daukate fakturan norbere energia beharrak zein diren jakiteak eta doitzeak. Analisi horrek erakutsiko du zer tarifa-mota eta zer potentzia dagokion.
- 3 Sorkuntza. Energia berriztagarrien kontsumoa aukera liteke. Baina norberak sortzea ere aukera eta eskubidea da, eta Goiener moduko kooperatibek bultzatzen dute.
- 4 Merkea / Justua. Elikagaiak edo gauza asko erosteko bezala, jasangarritasunak eta iraunkortasunak lehen irizpide behar lukete energian ere.