Aritz Gartziak (Ordizia, 1997) Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza ikasketak egin zituen Irunen. Ondoren, Andoaingo Ekorec enpresan lanean hasi zen. Beste bi gazterekin batera Ekomodo egitasmoa garatu du. Erabilitako botilen plastikoarekin hainbat produktu ekoizten dituzte. Aurki Andoaindik Donostiara joango dira.
Ze ikasketa egin zenituen?
Batxilergoa bukatu nuenean, nire gaitasunak sustatzeko balioko zuen gradu bat egin nahi nuen. Hori dela eta, Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza egin nuen, Irunen. Gradu berezia da. Bertan, 15-16 ikaslek elkarte bat sortzen dute egitasmoak garatzeko. Egiten ikasten da. Asko ikasi nuen.
Noiz bukatu zenituen ikasketak?
Graduko azken urtean, 2019an, ikasturte amaierako proiektua Ekorec taldean egin nuen. Ekomodo egitasmoaren bideragarritasuna landu nuen. Proiektua amaitu ondoren, Ekomodo enpresa sortu genuen.
Ekomodo enpresa zure egitasmo bat da, beraz.
Hiru pertsona gaude. Ekomodo enpresa Ekorec enpresaren berrikuntza sailean sortu zen. Berrikuntza sail honetan hiru pertsona geunden: David, Adriana eta ni. Bideragarritasuna aztertu ondoren, enpresa sortzea erabaki genuen. Beti Ekorec-en babesa izan dugu, baina orain independenteak gara. Hazi egin gara eta gure estrategia dugu.
Zer da Ekorec?
Ekorec Gipuzkoako enpresa bat da, tamiana ertainekoa. 2012an sortu zen, bere jatorrizko enpresa (Inquitex) likidatu ondoren. Ekorec enpresara bost milioi plastikozko botila heltzen dira egunero, edukiontzi horietatik. Bertan, plastikozko botila horiekin bi produktu egiten dira: janariarentzako ontzientzako plastikozko laminak eta autoentzako piezak egiteko balio duen hari moduko bat. Ekorec enpresan 100 pertsona inguruk lan egiten dute.
Nondik heltzen dire botila horiek guztiak?
Espainia osoko edukiontzi horietatik eta botilekin lan egiten duten enpresetatik. Adibidez, ura botilaratzen duten enpresetatik. Puskatzen zaizkien botilak Ekorec-era bidaltzen dituzte. Azken botila horien kalitatea edukiontzi horietatik datozenena baino askoz ere hobea da. Izan ere, hondakin horietatik datozenak beste ontzi batzuekin etortzen dira eta Ekorec-eko makinetara sartu aurretik bereizi egin behar dira.
«Produktuak ez ditugu guk ekoizten, baina ekoizpen baldintzez arduratzen gara»
«Oraindik lan asko dago egiteko: bai kontzientziatzio mailan bai komunikazio mailan»
Plastikozko botilak %100ean aprobetxatzen al dira?
Botilek hiru plastiko mota dituzte: gorputza, etiketa eta tapoia. Hiru plastiko hauek birziklatze prozesu ezberdinak dituzte, bakoitzak bere dentsitatea baitu. Botilaren gorputza guztiz aprobetxagarria da: ona eta garbia da eta erraz eraldatu daiteke. Etiketak, berriz, elkarren oso ezberdinak dira: material eta kolore ezberdinetakoak dira. Gainera, materiala ez da kalitate onekoa, oso dentsitate baxukoa baita. Oso zaila da etiketekin beste produktu bat egitea. Hori dela eta, etiketak ez dira birziklatzen. Tapoiei dagokienez, etiketen eta botilen artean daude. Dentsitate onekoak direnez, ondo urtu eta eraldatu daitezke. Baina ez dira botilak bezainbeste aprobetxatzen.
Ekorec-en plastikozko botilekin plastikozko laminak eta autoentzako piezak egiten direla esan duzu. Eta Ekomodon zer egiten duzue?
Ekorec-ek sortzen duen hari edo zuntzarekin produktu ezberdinak egiten ditugu. Gure helburua Ekorec-ek egiten duen materiala beste sektore batzuetan sartzea zen. Hala, egunerokotasunean erabiltzen diren produktu ezberdinak garatzen hasi ginen: karpetak, dokumentuak eramateko zorroak, koadernoak, boligrafoak… Pixkanaka, geroz eta produktu gehiago ditugu gure katalogoan eta enpresa ezberdinek birziklatutako materialak erabiltzen ditugu.
Ekoizpenaz ere zuek arduratzen al zarete?
Diseinuaz, komunikazioaz eta salmentaz arduratzen gara. Produktuak diseinatzeaz, produktu horiek ezagutzera emateaz (bere historia garatu, sareetan ikusgarri egin, komunitate bat sortu produktuaren inguruan…) eta saltzeaz arduratzen gara. On-line eta dendetan saltzeaz gain, enpresentzat beraien logoa daramaten produktuak egiten ditugu. Ekoizpena ondo kontrolatzen dugu: hondakina nondik datorren, produktuak non egiten diren… Koadernoak eta zorroak, adibidez, Errenteriako tailer sozial batean egiten ditugu. Tailer horretan baztertze arriskuan dauden pertsonek lan egiten dute. Produktuak ez ditugu guk egiten, baina ekoizpen baldintzez arduratzen gara.
Zenbat langile zarete Ekomodo enpresan?
Sei langile gara. Horietatik hiru praktikak egiten ari dira. Ez ditugu baliabide asko, baina taldea handitu nahi dugu, pixkanaka.
Nola ikusten duzu gizartea? Jendea geroz eta kontzientziatuagoa dagoela uste al duzu?
Jendeak geroz eta garrantzi gehiago ematen dio kontsumitzeko erari. Izan ere, dagoeneko oso ondo dakigu gure erosketek planetan eragin handia dutela. Hala, geroz eta gehiago da bere erosketekin ahalik eta gutxien eragiten saiatzen den jendea. Aldi berean, alternatiba ezberdinak bilatzen dituzten enpresa asko sortzen ari dira. Dena den, oraindik asko dago egiteko: bai kontzientziazio mailan eta bai komunikazio mailan. Produkzio eredu ezberdinak dituzten enpresak ezagutzera emateko lan egin behar da.